Ersisi, Burunda mendebaldetik Nafarroara zabalduko den proiektua

Guaixe 2019ko ira. 20a, 14:47
Ersisi aurrera eraman zuten erakundeetako ordezkariak, tartean Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen buru Javier Paz (2.a ezkerretik),

Eskubide Sozialetako Departamentuak modu mailakatuan transferituko du Nafarroa osora Ersisi proiektu europarraren arreta integratuaren eredua. 2017 eta 2019 artean Tuteran eta Burunda mendebaldean jarri zen martxan.

Langabe zaurgarriak (bereziki bermatutako errentaren hartzaileak) lan merkaturako bidean aktibatzeko, Nafarroako Gobernuak elkarlanean jarri zituen bere gizarte eta enplegu zerbitzuak aurreko legegintzaldian. Haien gizarte-inklusio eta inkorporazio soziolaboralerako eskubideak lagundu nahi ditu Ersisik. Horretarako, diagnosirako tresnak sortu dituzte. Haien bidez pertsona onuradunen lehentasunezko beharren arabera segmentatu egiten dituzte. Aldi berean, tresnek gizarte eta enplegu zerbitzuen erantzun koordinatu eta integratuak planifikatzen laguntzen dute. 

Ersisi egitasmoaren oinarrian Bermatutako Errentaren Legea dago. Nafarroako Gobernuan uste zuten ekonomia-babesa jasotzen zuten pertsonek ez zutela lan-merkatuan sartzeko desaktibatuta egon beharrik. Laguntzarekin batera, pertsonalizatutako babes integral eta jarraitua emanda aktibaziorantz gidatu zitezkeela uste zen. 

Proiektua Tuteran eta Burunda mendebaldean martxan jarri zuten. Hiru urteko indarraldiaren ondoren proiektua hil honetan despedituko da. Baina gobernutik jakinarazi dutenez, modu mailakatuan beste herrietan zabaltzen hasi dira. Bestalde, Eskubide Sozialetako Departamentuak Ersisiri buruzko jardunaldia antolatu du eta han Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Lana Departamentuak (NUP) Ersisiren ebaluazioari buruzko emaitzak jakinarazi ditu. 

Ebaluazioaz 
NUPen egindako proiektuaren ebaluazio emaitzek bere eragin positiboei buruzko ebidentziak ematen dituzte. Ersisiren onuradun izan diren 502 pertsona eta antzeko egoeran zeuden beste horrenbeste pertsonen aldeko konparazioa egin dute proiektua ebaluatzeko. Ikerlarien arabera orientazio eta prestakuntza baliabideen erabilera handitu egin da Ersisiko erabiltzaileen artean. 502 onuradunen % 70ak ez zuen orientazio eta prestakuntza baliabiderik erabili proiektua martxan jarri aurreko urtean. Ikerlariek gaztigatu dutenez, Ersisin aritu bitartean enplegurako aktibatzeko zazpi akzioetan parte hartu dute bataz beste. Aldi berean, ikerlariek sumatu dute enpleguaren bilaketa aktiboko zerbitzuekin lotura estutu dela. Izan ere, harremana proiektuan parte hartzeko epea pasa eta gero segitzen duelako. Konparaziorako taldean ez da halakorik ikusten.  

Ikertzaileek “zuhurtziaz” esan dute lanarekiko harremanetan ere jokabide hobea izan dutela Ersisin parte hartu dutenek. Esku-hartzea despeditu eta urte erdira lan merkatuan kontrol taldean aritutakoak baino gehiago ziren Ersisitik pasatakoak. Proiektuan parte hartutako % 32k lan kontratu bat lortu zuten Ersisin parte hartu eta hurrengo seihilekoan. Ebaluazioaren arabera enplegu kalitate hobea (lanaldi osoa) izan dute proiektukoek kontrol taldekoek baino. 

Azkenik, datuek erakutsi dute bermatutako errentaren garapena positiboa izan dela. Izan ere, proiektuko parte-hartzailean laguntza jasotakoen hilabeteen bataz bestekoa jaitsi egin zen, baina kontrol taldean ez zen halakorik gertatu.  

Mª Carmen Maeztu kontseilariak nabarmendu du “gizarte eta enplegu zerbitzuen berrikuntza sustatzeko, baita egungo gizarte arazoetara egokitzeko” proiektuak izan duen garrantzia.  Gobernuko ordezkariek gaineratu dutenez, sortutako eredua eta informatika-tresnak hobetzen segitu behar dugu. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen koordinatzaile Arantxa Erbitik nabarmendu zuenez, pertsonen beharretarako egokituagoak izanen diren erantzun integralagoak emateko, gizarte eta enplegu zerbitzuendako aberasgarria dela profesio ikuspegi desberdinak partekatzea.

Erlazionatuak