Arreta hobetzeko, aldatu

Guaixe 2019ko mai. 26a, 11:51
Erkuden Imaz Larrea enplegu bulegoan.

ERSISI proiektuaren bidez gizarte eta enplegu zerbitzuak elkarlanean aritu dira, pertsonei arreta eta babes hobea emateko eta langabetuak lan merkaturako bidean aktibatzeko helburuz. Tuteran eta Burunda mendebaldean garatu den proiektua Nafarroa guztira zabalduko da orain.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak sistema publikoko oinarrizko unitatea dira, sisteman sartzeko atea eta hartzaileengandik eta esparru familiar eta sozialetik gertuen dagoen maila. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek premia egoera askori erantzuten diete. Lan esparruan sartzeko pertsonak gaitzeko atal bat dute zerbitzuek. Bestetik, enplegu bulegoek enplegu politikak aurrera eramateko guneak dira. Haren bidez, prestakuntza, lanbide orientazioa, enpresei aholkularitza, autoenplegua eta ekintzailetasuna, aukera berdintasuna eta beste lantzen dituzte.

Gizarte Eskubideen kontseilari Migel Laparra jabetua zen bi zerbitzuetan pertsonen inguruko informazio baliagarria kudeatzen zela, baina ez zutela elkarrekin lan egiten. Ondorioz, bere departamentuak Gizarteratzeko eskubidea indartzea, zerbitzuen integrazioaren bitartez programa (ERSISI ingelesez) martxan jarri zuen. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta enplegu bulegoak elkarlanean jarri ditu. Gizarteratze-proiektu hori Tuteran eta Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen eta enplegu bulegoen bidez abiatu da. Hau da, Altsasu, Olatzagutiko eta Ziordiko herriek parte hartu dute. 2016ko irailean abiarazitako bidea garilean despedituko da. Baina dagoeneko Laparrak iragarri du ERSISIren metodologia Nafarroa guztira hedatuko dela. Burundan proiektua aurrera eramaten buru belarri aritu dira Erkuden Imaz Larrea (gizarte zerbitzuak) eta Esther Calleja Leoz (enplegua). Aurrenekoarekin hizketatu gara.

Programa honen aurretik Babestutako Gizarte Enplegua dago. Zer da?
Hor sartzen diren pertsonak dira lan merkatuan berez lan bat opatzen ez dutenak. Legean jaso denez, bermatutako errenta dute eta langabezian luze daramate. Horren bidez, pertsona horiei lana zer den jakinarazi edo oroitarazi nahi zaie (ordutegia, arauak…). Ikastea da. Lanean hasi aurreko jarduerak dira, pertsonak lan merkatura sartzeko prestatzen dira. Prestakuntzan eragiten da batez ere; pertsonaren arabera, oinarrizko prestakuntza batzuetan eta okupazio-prestakuntzan bestela. Azken hori udalerrien arabera aldatzen da: Olatzagutian eta Ziordian hainbat lan egiten dituzte udalarendako. Altsasun, berriz, garbiketa eta lorezaintza lanak egiten dituzte batez ere.

Gizarte Eskubideen Departamentuak lan moldeak aldatzea erabaki du. Zergatik?
ERSISIren bidez metodologia bat sortu eta probatu da. Eta definitzen ari gara zein pertsona izan behar diren bi zerbitzuen arreta jaso behar dutenak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuena eta enplegu bulegoena. Laparrak zergatik erabaki zuen hori? Jendea gizarte zerbitzuetara dator eta gure ikuspegiagatik fokua bizi-eremu batzuetan jartzen dugu: etxebizitza, ekonomia, elkarbizitza edota pertsonen gaitasuna. Enplegu bulegoan enpleguaz besterik ez dira aritzen. Gizarte zerbitzuetara etortzean guk bakarrik esparru batzuk ikusten ditugunez, enpleguarena… lantzen dugu, baina lanean hasi aurreko jarduera gisa enfokatuta.

Beraz, lanarekin zerikusia zutenak iristean enplegu bulegora bideratzen genituen. Han eskaeren berri ematen diete. Prestakuntza duten edo ez begiratzen dute. Hau edo beste egiteko esaten diete. Baina ez dakite pertsona horrek etxebizitzarik, diru sarrerarik duen edo ez. Ez dakite pertsona hori zergatik dagoen egoera horretan.  

Laparraren iritziz gizarte eta enplegu sistemetan dagoen ezagutza horiek partekatuko balira eta bi sistemek aldi berean arreta emanen balute, emaitza askoz ere aberasgarriagoa izanen litzateke. Bi sistemak bakoitza bere aldetik ibili beharrean, jendea batetik bestera ibili beharrean, goazen batera aritzea. ERSISIn kasu-kudeatzaileak deitzen gaituzte. Bata gizarte arloan aditua da, bestea enpleguan. Jendea bi ikuspegietatik hartu dugu. Estherrek enplegu ikuspegitik ari da eta ni gizarte arlotik. Horretarako, metodologia bat sortu du. Eta lan molde bat zehaztu dugu.

Oso mundu desberdinetatik zatozte. Nola egin duzue gizarte eta enplegu sistemak uztartzeko?
ERSISIk hainbat gauza ekarri ditu. Pertsonei arreta emateko modua da bat. Zuzeneko arretaz aparte, gauza gehiago daude hor. Ikuskapen taldeak izan ditugu. Hasieratik zortzi kasu-kudeatzaileak elkar ezagutzeko bildu gintuzten. Enplegu eta gizarte errealitateak zein diren ikusi genuen eta elkarlanean aritzen ikasi behar izan dugu. Proiektuak aurrera egin ahala eskualdeka elkartu gara, Nafar Lansareko eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako lankideekin ikuskapen taldea berria sortuz.


Bi mundu zarete.
Batez ere ados jartzea izan da lana. Elkarlanerako ados jartze horretan zailtasuna izan da: zein zara zu niri nire lana nola egin behar dudan esateko? Nik enpleguko gauza batzuk zalantzan jartzen nituen eta Estherrek gizarte arlokoekin gauza bera. Hori bideratzea erronka izan da.

ERSISIk kontingentzia-funtsa izan du baliabide gisa. Gozatua izan da. Hau da, egoki jotzen bagenuen bakarren batek Iruñean ikastaro bat egitea, kilometrajea pagatzen genion. Jendea trebatu da. Orain arte jendea askotan ez zen joaten dirurik ez zuelako. Normalean bi sistemek ez dituzten baliabideak izan ditugu. Esaterako, enpleguko trebakuntzetara joaten direnei kilometrajea pagatzen diete, baina akaberan, hiru hilabetetara. Guk dirua aurreratu diegu eta kobratu dutenean bueltatu digute. Horretarako, akordioa itxi da. Horrek ekarri du prestakuntza saioetara joateko eragozpen bat kentzea. Baliabideak baditu.

Kasu-kudeatzaile bikoteen osaketan profil bat eskatu behar da?
Ondorioetako bat izanen da profil egokienak zein diren zehaztea. Ez du edozeinek balio. Jendearekin lan egin behar da.

Uztartze horretan zu enplegu bulegora etorri zara lanera, ez alderantziz.
Proiektuaren gakoetako bat da hori. Enplegu bulegoan lan egin dugu, normalizatzaileagoak direlako. Parte hartu dutenetako % 90ek bermatutako errenta jasotzen dute eta % 10ek prestazioak. Azken horiek ez duten zergatik gizarte zerbitzuekin harremanik izan beharrik. Gizarte zerbitzuen egoitzara joanaraztea proiektuari kalte egin ziezaiokeen. Modu batera edo bestera, enplegu bulegotik denok pasa gara. Enplegu bulegora joateak ez du inolako kutsurik. Eta horretan asmatu da. Espazio faltagatik noizbait gizarte zerbitzuen egoitzara joan izan gara eta bakarren batek muturra okertu du.

Baina, hasieran, Esther gizarte zerbitzuen talde bileretan egon zen, eta ni enplegu bulegokoenetan. Elkarri kontatzen geniona baino zerbait gehiago ulertzeko. Bata bestearen ekosistema ezagutzea. Pentsamoldeak, informazioa nola trukatzen den… Oso garrantzitsua izan da hori.

Babesik izan duzue?
Proiektuaren oinarri garrantzitsuetako bat Tokiko Enplegu Taldearen sorrera izan da. Proiektua zabaltzean eskualde bakoitzean halako bana sortuko da. Hemen Cederna-Garalur, Sakanako Garapen Agentzia, Sakana Lanbide Heziketa institutua, Sakanako Enpresarien Elkartea, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua eta Altsasuko enplegu bulegoa daude. Hasierako deialdiari LABek erantzun zion ere.

Taldekideak elkar ezagutzea izan zen lehena. Enpresek zein profil behar dituzten, institutuarekin batera behar horietara egokitutako prestakuntzak egin ahal izateko. Guztiok irabazle izatea da helburua. Esaterako, Aldakinekin interesgarria den prestakuntza egin da, kontratazio konpromisoa zuten.

Talde horren zeregina zein da?
Prestakuntza beharrak identifikatzea, ekonomia-ehunarenak, dauden langabetuen kontrataziorako dauden laguntzen berri ematea, erantzun posibleak definitu, enpresetan prestakuntzak egin kontratazio konpromisoarekin…

Taldeak zer moduz hartu du proiektua?
Oso ongi. Hilabetero elkartzen dira. Taldearena Nafarroa guztira zabalduko den gauzetako bat da.

 



ERSISIk azken maila bat badu.
Metodologia, pertsonan zentratutako aktibazioa. Lehen gizarte eta enplegu sistemetan sistematikoki lan egin zitekeen edo ez. Orain sistematizatu egin da. Laparrak dioenez, pertsonok eskubide bikoitza dugu: gizarte inklusioa eta bermatutako errenta. Bermatutako errenta badago. Gizarte inklusiorako eskubidea nola gauzatu? Bat da ERSISI. Nola? Kasu-kudeatzaile ekipoekin, aktibaziorako. Labur aritu gara. Guk pertsona bakoitzarekin, asko jota, sei hilabetez egon gara. Trinkoa izan da. Hasieratik aktibatu egiten dugu. Jendea martxan jartzen da. Gizarte zerbitzuetan, normalean, prozesuek bi edo hiru urte iraun dezakete. Batetik besterakoa tartea gehienez 15 egunekoa da. Inklusioa modu aktiboan lantzen da.

Nola iristen da pertsona bat ERSISIra?
Orain bukatuko den proiektu honetan erabaki zen erabiltzaileen % 90 gizarte zerbitzuetakoak izatea eta % 10 prestazioak jasotzen dituztenak. Datuak eskatu eta baldintzak betetzen zituztenen artean aukeraketa egiteko zozketa egin genuen. Profil jakin batzuk aukeratu ziren. Txandaka sartzen joan dira, denak batera ez izateko.

Elkarlaneko lana zein pertsonekin egin behar den definitu duzue?
Bai. Egin dugun lanketarekin orain badakigu zein profileko pertsonekin lan egin beharko duten etorkizunean kasu-kudeatzaileek, zein bideratu beharko diren gizarte zerbitzuetara bere kasua gehiago delako lanean hasi aurretikoa. Halako kasuetan, horiek ase ondoren ikusiko dugu enplegua lortzeko beste lanketaren bat egin daitekeen. Badaude beste profil batzuk argi eta garbi enplegukoak direnak. Gizarte arloko ezer ez duten pertsonak daude, lana falta zaie soilik.

Pertsona batzuen kasuan enplegu arloak gizartearenak baino intentsitate handiagoa izanen du. Edo alderantziz. Gainera, egonen dira gizarte zerbitzuetan edo enplegu bulegoetan kudeatuko diren pertsonen kasuak. Horretarako, pertsonen gizarte errealitatearen “argazkia” egiteko gizarte-diagnosia sortu da. Bermatutako Errentaren Legearekin batera, Nafarroa guztiko zerbitzu guztiendako lantresna komun eta bateratua gisa ezarri da. ERSISI bidez lortu da SIDIS erreminta hori. Dagoeneko gizarte zerbitzuetako lankideei prestakuntza saioak eskaini dizkiegu. Enplegu-diagnosirik ez zegoen eta sortu egin dugu. Guk erabiltzen dugu eta enplegu-bulegoetan ere hasi dira. Guk sortu eta geldituko den beste produktu bat da.

Helburua bateratzea da, denok gauza berdinez hitz egin dezagun. Eta denok gauza berei errepara diezaiogun. Horrela, zehaztuko dugu zein pertsona joanen diren gizarte zerbitzura, zein enplegu-bulegora eta zein kasu-kudeatzaileengana. Bideratze edo bereizketa hori egiteko galdetegi bat osatzen ari gara. Bi sistemetako batera joaten den pertsonari 21 galdera erraz eginen zaizkio eta emaitzaren arabera baliabide batera edo bestera bideratuko da pertsona. Proiektuaren emaitza da.

Kasu-kudeatzaileak elkarrekin lanean segituko duzue?
Ez, bakoitza bere sisteman, bere bulegoan, baina metodologia berri batekin. Proiektua bukatzen eta ebaluazioa egiten ari gara. Baina agorrilaren aurretik guztia izanen denaren proba Iruñerrian eginen dute.

Metodologia baliagarria den jakiteko beste eskualdeekin konparatu duzue?
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) arduratu da horretaz. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean ari gara proiektua egiten. Baina hori Irurtzungo eta Etxarri Aranatz aldeko Mankomunitateekin konparatzen ari dira. Guk lan egin dugun pertsonen profilen antzekoak dituzten Sakanako beste bi mankomunitateetan. Proiektuaren aurretik eta ondoren galdetegia egiten da. Pertsonen ibilbidea ikusten da. ERSISIkoak beste bi mankomunitatekoekin alderatu dira. NUPekoek ez dituzte azken emaitzak eman, baina aldea nabari dela diote. Proiektuan aritu direnen pertzepzioa hobeagoa da bi zerbitzuei banaka emandakoa baino. Enplegagarritasuna neurtzen da eta horretan hobekuntza izan da. Baina ez dakigu unibertsitateak zein elementu neurtuko dituen.

Aktibazioan asko nabaritzen da. Labur aritu gara. Guk pertsona bakoitzarekin, asko jota, sei hilabetez egon gara. Trinkoa izan da. Hasieratik aktibatu egiten dugu. Jendea martxan jartzen da. Gizarte zerbitzuetan, normalean, prozesuek bi edo hiru urte iraun dezakete. Agian behar den jarraipena eskaintzen ez zaielako. Hemen maiz jartzen ditugu hitzorduak. Batetik besterakoa tartea gehienez 15 egunekoa da. Inklusioa modu aktiboan lantzen da.

Antolatu ditugun prestakuntzetara jendea etorri da. Prestakuntza orokorrak daude (etxeko ekonomia domestikoaren prestakuntza, telefono mugikorra lana bilatzeko nola erabili…).  Baina pertsona bakoitzak premia batzuk ditu eta haietara egokitu gara, prestakuntza dela edo beste.

Proiektua bukatzen ari zarete, ezta?
2016ko irailean teoria lantzen hasi ginen. Urte baten ondoren hasi ginen jendea hartzen. Garilaren 30ean bukatuko da. Ni pixka bat gehiago geldituko naiz baina bai.

Kontseilariak esan du eredua Nafarroa guztira zabalduko dela. Zergatik?
Egin dugun moduan ez du segituko. Hori argi dago. Nafarroara metodologia zabalduko da. Horretarako, gidaliburu bat eginen da. Enplegagarritasun-diagnosia ere, enplegu zerbitzu guztiek diagnosi hori erabil dezaten. Gizarte sistemako SIDIS tresna baita. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientasare tresna zabaldu da dagoeneko. Orain bi sistemen arteko lotura egotea nahi da, informatika bidez eginen da. Tokiko Lan Taldeen eredua Nafarroa guztira zabalduko da. Esku-hartzeren bat egiten bada enplegu bulegoetan izanen da.

Lege aldaketarik izanen da?
ERSISI proiektua Errenta Bermatuko legea garatzeko aitzakia izan da. Legea aldatuta dago. Gainera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eraldaketa egiten ari dira. Eskubide bikoitzagatik gizarte sisteman aldaketa egon den moduan enplegu arloan ere eraldaketa dago. Altsasuko enplegu bulego berrian aurretiko hitzorduarekin lan eginen da. Hori aldaketa da. Hori Burlatako Iturrondon egiten ari dira. Bulegora etorri eta ea zeinek hartzen nauen. Hori ez da horrela izanen. Nik hitzordua hartuko dut eta jakinen dut zein langilek hartuko nauen. Gizarte zerbitzuetan pertsonek erreferente bat duten moduan, enpleguan ere erreferenteak izan ditzatela. Hori da beste aldaketetako bat. Tratu indibidualizatua.

Bi sistemetakoek nahi dugu pertsonen egoeretan aldaketak egotea. Aldaketa horiek eragiteko gutxieneko ezagutzak behar ditugu. Ez bazaitut ezagutzen nola bideratuko edo lagunduko zaitut ongi? Aldaketokin erantzun bateratu bat ematen zaio pertsonari.

Demagun azaroa dela eta enplegu bulegoko edo gizarte zerbitzuko atea jotzen dudala. Zer bide eginen nuke?
Ziurrenik bereizketarako galdetegia eginen lizukete. Horren arabera erabakiko litzateke non indar egin. Gerta daiteke lan arloan indar egin behar izatea baina, aldi berean, bermatutako errenta behar izatea. Askotan mendekotasun hori, ekonomikoa batez ere, ezin da gizarte zerbitzuetatik baztertu. Nik errenta tramitatuko nizuke. Zigilua jartzera etorri beharko zenuke. Baina ez nuke ezer gehiago eginen. Etxebizitza eta lanaren aurretiko prestakuntza egin beharko bazenu gizarte zerbitzuetan egin beharko zenuke hori. Eta hori lotu ondoren enplegu kontuekin hasteko aukera izanen zenuke.

Jendea batetik bestera?
Printzipioz, lehen baino gutxiago. Sistemak ez dira desagertuko. Kasu askotan bietara joaten segitu beharko du jendeak. Baina sistemetan ontzi komunikatuak egonen dira. Guk aukeratutako pertsonen inguruan enplegu bulegoei eta gizarte zerbitzuei iritzia eskatzen genien. Niretako oso harrigarria izan da zein informazio dagoen eta nola transmititzen den. Batean eta bestean pertsona beraren inguruko oso iritzi desberdinak zituzten. Batendako alferra zena, bestearendako pertsona saiatua zen.

Proiektuan Esther eta biok aritu gara. Baina azken txanpan kasu mistoak egin ditugu. Ni enplegu bulegoko langile batzuekin osatu ditut kasu-kudeatzaile taldeak eta Estherrek gizarte zerbitzuetako  lankideekin. Eta gizarte zerbitzuetako eta enplegu bulegoko langileak ere aritu dira. Sistemak nahasten hasi gara, aritzeko. Diagnosiak egin dituzte. Eta ezusteko batzuk izan dira batzuk lanean hastean. Batzuen eta besteen ikuspegiak osatu dira. Enplegu bulegoan dauden langileek ez dakite jendeak zergatik jokatzen duen modu jakin batean, zer duen atzean. Edo gizarte zerbitzuetan harritu gara jende batzuk enplegu bulegora maiz joaten direla jakitean. Bakoitza gurean segitzen badugu ere, elkarlan horrek begiak pixka bat zabaldu dizkigu. Partekatzeko aukera izatea aberastasuna izan da. Horretaz jabetu gara. Baina bestearen lanarekiko ditugun aurreiritziak kentzea asko kostatzen da.

Honek guztiak unibertsitateko ikasketetan edo kontratazioen profiletan eraginik izanen du?
Espero dut. Helburua da dagoena eraldatzea. Aldatu beharrekoak horiek dira. Jasoko dugu. Eta gero neurriak hartzen dituztenen esku geldituko da gauzatzea edo ez.

Zer moduzko esperientzia izan da halako proiektu batean parte hartzea?
Primerakoa. Errealitatea izatea gustatuko litzaidake. Behingoagatik uler dezagun inork ez dugula ezagutza guztia. Nik jakintza batzuk ditut, eta beste pertsona batzuk beste arloez gehiago dakite. Hori ulertuta, pertsonei emanen genieken arreta kalitate hobeago luke. Horretan sinisten dut, hori da bidea: talde lana, saretzea, Tokiko Lan Taldea… Ezinbestekoa da. Enplegu bulegoak hemen lana lortzeko balio ez duten ikastaroak eskaintzen baditu alferrik ari da. Baina enpresek esaten badute halako eta halako profileko langileak behar ditugu. Enplegu bulegoak prestakuntzak antolatzeko baliabideak ditu. Eta denok irabazten dugu. Niretako oso esperientzia ona izan da.