Txirrindularitza

Amaia Gerrikagoitia: “Sakandar asko egun hau iristeko zain egoten dira”

Maider Betelu Ganboa 2019ko urr. 4a, 10:42

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen du Sakanako Bizikleta Eguna, Barranka, Burunda eta Aralar txirrindularitza taldeen eta hainbat entitate eta partikularren laguntzarekin. Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak egunaren balorazio “oso pozgarria” egin du.

Eguraldi ederra izan zenuten Sakanako Bizikleta Egunean, poztekoa ezta?
Bai, eguraldi bikaina izan genuen, eguzkitsua. Goiz goizetik tenperatura ona zegoen, beste urte batzutan goizean goiz fresko eta gero ona egin izan duelako. Baina aurten goizeko 9:00etatik mauka motzean geunden. Bizikletan ibiltzeko bikain zegoen. 

Ziordiatik abiatu zen Sakanako Bizikleta Eguna, goizeko 9:00etan. Zenbat pertsonek ekin zenioten bideari?
300 pertsona inguru abiatu ginen Ziorditik. Gero beste zenbait talde herrietan gehitzen joan ziren. Guztira 400 pertsonek hartuko genuen parte gutxi gorabehera.  

Urteroko zifrei eusten zaie. Horrek esan nahi du jende askok urtero errepikatzen duela?
Bai, badaude sakandar asko egun hau iristeko zain egoten direnak, gustura egiten dutelako bidea lagunartean, familian, herritarren artean... probatzen duten askok errepikatzen dute. 

Ziorditik abiatu zineten gehienak Mank-ek antolatutako autobusetan joan zineten bertara?
Bai. Lau autobus bete ziren Ziordira joateko eta lau kamioi erabili genituen bizikletak jasotzeko. Talde polita atera ginen Ziorditik. Gero jendea joan zen batzen. Altsasun jende talde ederra zegoen Iru-Bide parean. Etxarrin, Lakuntzan… beste mordoska bat zeuden zain.  

Lau urtetik behin Sakanako Bizikleta Eguna Ergoienara igotzen da. Aurten Etxarritik Lizarragara igo zineten. Eremurik gogorrena izango zen hori, ezta?
Bai. Aldapa gora da denbora guztian, hasieran suabeago, baina gero gogorrago. Ez ginen Altsasuko San Pedrotik pasa, eta hori jendeak faltan bota zuen, eta Urdiaindik Iturmendira ere ez ginen pistatik joan, errepidetik baizik. Izan ere, Ergoienara joaten ginenez, saiatu ginen ahalik eta zuzenenen bertara joaten, Lizarragako igoeran denok lasai joateko denbora behar izango genuelako. Ongi kalkulatu genuen eta aurreikusitako orduan iritsi ginen Uharte Arakilera, ordu batak pasatxo inguruan. Gehiegi luzatzea ez da komeni, bestela nekea pilatzen da, bazkal ordurako etxera ondo iritsi nahi dugulako.. hori kontuan izaten saiatzen gara. 

Aurtengo hamaiketakoa Lizarragan izan zen, ezta?
Bai, pilotaleku eta eliza ondoko leku polit horretan gelditu ginen. Bakoitzak bere ogitartekoa eraman zuen eta antolakuntzatik Aquarius bana banatu genuen. Ordu erdi luze eman genuen hamaiketakoa egiten eta gero Lizarragatik atera, Dorrao eta Unautik pasa ginen eta Arbizura iritsi ginen. Han berritu duten Kale Nagusi erditik pasa ginen, ze ongi gelditu den ikusi genuen, baita Lakuntzako berritutako kalea ere. 

Arruazutik pasa eta Uharte Arakilera iritsi zineten, helmugara, eta han festak ziren...
Bai, San Migelak ospatzen ari ziren eta girotxoa zegoen. Han elkartu ginen denok berriro, eta autobus eta kamioietarako bidea hartu genuen. 

Istripuren bat gertatu zen, edo aurreikusitako gauzak?
Ohiko erorketa eta sendaketa txikiak gertatu ziren, baina susto txiki bat izan genuen. Neska bat erori zen eta uste genuen lepouztaia apurtuta izango zuela, baina ospitalera joan eta ez zen hausturarik izan. Hortaz, zauria sendatu, eta etxera; alde horretatik pozik, haustura izan ez zelako.

Eta Joaquin Beltran de Heredia mekanikariak lana izan zuen?
Bai, azkenean zulaketak izaten dira, gurpilak puztu beharra, holako gauzak. 

Beraz, Amaia, Bizikleta Eguneko balorazioa positiboa da, ezta?
Bai, pozik gaude. Partaideek ere esan ziguten ibilaldi atsegina dela, gustura egiten dutela. Gero eta familia gehiagok parte hartzen dute, eta emakumeak zer esanik ez, geroz eta gehiagok. Emakume asko zeuden. Nik 20 urte daramatzat Mank-en lanean eta aldea nabari da. Emakumezkoen kopurua gizonezkoenekin paretzen ari da.  

Hurrengo urtean Sakanako Bizikleta Egunaren 27. edizioa izango da.
Bai, jarraitzeko asmoa dugu, eta baita data mantentzearena ere, eguraldiari begira hobe da iraila bukaeran egitea. Lehen urrian egiten zen eta eguraldiaren aldetik ez genuen horrenbesteko ziurtasunik. Bestalde, beti daude hobetu daitezkeen gauzak; horiek ere kontuan izan eta aurrera. 

Zein izango da Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuko duen hurrengo ekitaldia?
Urriaren 26an XIX. Sakanako Herri Lasterketa izanen da, aurten Etxarri Aranatzen izango da eta izena ematea zabalik dago (www.herrikrosa.eus). Aurretik izena emanda merkeagoa da, hori ere kontuan hartzekoa da. Urriaren 13ra arte izena ematen dutenek 6 euro ordainduko dituzte eta urriaren 13tik 25era baino lehen 8 euro. Haur eta helduendako mailak daude, eta haurrek ez dute ordaindu behar izango. Errefuxiatuen aldeko oinezko martxa ere egingo dugu eta denok gonbidatu nahi zaituztegu.