Txirrindularitza

Eguraldia lagun, Sakanako bizikleta festa arrakastatsua

Guaixe 2019ko urr. 1a, 15:04

400 txirrindularik egin zuten bat 26. Sakanako Bizikleta Egunarekin

Igandean Sakanako Mankomunitateak antolatutako 26. Sakanako Bizikleta Egunak Sakana zeharkatu zuen. Sakanako Bizikleta Egunak tokia egin du egutegian, sakandar askok gorriz markatuta duten data da, udazkenari ongi etorria emateko aproposa, nahiz eta eguraldia udazkenekoa baino udakoa izan. 

Goizeko 9:00etan abiatu zen ibilbidea Ziorditik. Eguzkia lagun, Etxarri Aranatzeraino joan ziren txirrindulariak, herrietan jendea batzen zitzaien bitartean. Etxarri Aranatzen, eskuinera egin zuten, Ergoienarantz, Lizarragaraino heltzeko. Lasterketako eremu gogorrena izan zen hori, aldapan gora. Lizarragan merezitako atsedena eta ogitartekoa hartu, eta Dorrao eta Unanutik pasa eta gero, Arbizura jaitsi, Lakuntzan eta Arruazun sartu-irteera egin eta San Migel festetan murgildua zegoen Uharte Arakileraino iritsi zen martxa, helmuga punturaino, 39 km eder osatu eta gero. 

Haurrak, gurasoak, gazteak, familiak… guztiek egin zuten bat egunarekin, eta beste behin, bizikleta festa arrakastatsua izan zen.