Landa Garapenerako Programako 2014-2020 toki-garapenerako proiektuak laguntzeko diru laguntzen deialdia egin du Cederna-Garalurrek. Deialdia hori laugarrena da eta 647.181,86 euroko poltsa du. Deialdiak Nafarroako Mendialdeko gizarte- eta ekonomia-garapenean lagunduko duten proiektuak finantzatuko ditu, zerbitzu publikoak eta enpresak sortuz eta daudenak finkatuz.
Garalurren diru laguntzak jasotzeko zehaztutako ardatzekin lotutako proiektuak izan beharko dute: herritarrak tokian-tokian mantendu eta finkatu; lehen sektorea eta basogintza; natura-baliabideen ustiapen jasangarria; zerbitzuak garatu eta ondareari balioa eman; eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagundu. Ekoizpenekoak diren proiektuek % 30erainoko finantziazioa izanen dute (horien helburu nagusia ekonomia-jarduera da), eta ekoizpenekoak ez diren proiektuek % 70erainokoa. Azken inbertsio horiek gizarte-eragin handia dute, nahiz eta mozkin ekonomikorik sortu ez. Nolanahi ere, laguntzaren muga 50.000 eurokoa izanen da.
Proiektu-deialdi hori Cederna Garalur Elkartearen Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategia (TGPE), 2014-2020 izeneko estrategian txertatzen da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren baterako finantziazioa du, 'LGENF' landa-garapeneko funtsen bitartez. 2016az geroztik, programa horrek 4,8 milioitik gorako inbertsioa egin du toki-garapeneko 100 proiektu publiko eta pribatutan. Aurreko deialdian Sakanako bost proiektu diruz lagundu zituen Garalurrek: hondakin bilketa eraginkorragoa egiteko Sakanako Mankomunitateak informatika sistema ezartzeko 47.906,81 euro, Uharte Arakilgo mendi lasterketetan aritzen direnendako trail estazioa egiteko 40.181,68 euro, Altsasuko Udalaren etxegabeen aterpe berriko ekipamendurako 43.352 euro, Lakuntzan turismo-aterpea egiteko 50.000 euro eta Etxarri Aranazko enpresa bati 48.492 euro bi erregaiekin lotutako sistema bat egokitzeko.