Santa Marinan berritzeko lanek jarraitzen dute

Guaixe 2019ko urr. 18a, 11:31
Santa Marina ermitaren ondoan haizearen norabidea jakiteko tutua, parapentelariendako.

Barruko aldea konpontzeko hitzordua dago larunbatero 08:00etatik 14:00etara. 

Dagoeneko sei larunbatez auzolanean aritu dira bakaikuarrak eta iturmendiarrak Santa Marina ermitan. Eraikin barruko paretetako harri arteko morteroa erori egiten da neguko hezetasunarekin. Mortero zaharra kendu, harri tarteak garbitu eta hezetasunaren kontrako zementu berezi batekin hartzen ari dira. Iturmendiko ermitau Juan Mari Lanz Lopez de Goikoetxeak azaldu digunez, “larunbatero 8-10 bat elkartzen gara. Behin 12 izan ginen”. Azaldu digunez, iturmendiar baino bakaikuar gehiago ari dira auzolanean. 

Lanzek azaldu digunez, “espero baino jende gehiago agertu da. Pitteka-pitteka ari gara lanean”. Ermitan lanean ari direnak segitzeko gogotsu daudela ere argitu digu iturmendiarrak, horregatik, “bizpahiru astetan urgenteena despeditu nahi dugu”. Auzolan horretara batu nahi duenak Santa Marinako ermitauekin harremanetan jarri behar du, Bakaikun Juan Jose Urrestarazu eta Iturmendin Lanz bera. Izena eman beharra dago mendi gaineko ermitara joateko autoak antolatzeko.