Altsasuko Auziaren hamaika ikuspegi eta proposamen artistiko

Guaixe 2019ko urr. 28a, 14:08
Artebide elkarteak antolatutako VIII. Arte Azoka mustu zuten Altsasuko ferietan.

Artebide elkarteak antoaltzen duen Altsasuko VIII. Arte Azoka mustu zuten Altsasuko ferietan. Lehenengo aldiz azoka gai baten inguruan izan da: Altsasuko Auzia. Artistek auziari buruzko interpretazio perstonalak islatu dituzten artelanetan. Erakusketa larunbata arte ikusteko aukera dago, Iortia kutur gunean

Margolanak, eskulturak, instalazioak, eskultura, ikus-entzunezkoak... mota guzietako artelanak daude ikusgai Altsasuko VIII. Arte Azokan. Urtero bezala Sakanako artisten erakusleiho bihurtu da Iortia kultur guneko erakusketa aretoa, eta horrela izaten jarraituko du azaroaren 2ra arte. Zortzigarren edizioa egiten ari dira, eta aurten berezitasun bat du; lehenengo aldiz gai bat jarri dute Arte Azokan erakutsi dituzten artelanendako. Altsasuko Auziaren inguruko "hausnarketa plastikoa" egin nahi izan dute artistek aurten, Sagri Mauleon eta Manolita Thunders Artebide elkarteko kideek azaldu duten bezala. 

Lehenengo aldia da Arte Azokari gai bat jartzen diotela. Erabakia "zaila" izan zen, baina Altsasuko ferietako gertaerak izan zirela hiru urte betetzen ziren, eta orain arte "elkarte plastiko bezala erantzun bat" ez zuten eman, eta aurten Altsasuko ferien harira antolatzen duten erakusketa auziari eskaintzea erabaki zuten. Eskaini baino, artistek "gure modura bizitzen ari garen errealitate hau" islatzeko gogoa zuten, Mauleonek azaldu bezala. 

Orain arte artistek nahi zuten artelana aurkezten zuten. Ez zuten erakusketarako propio sortutako lanik aurkeztu behar. Hortaz, gai bat jartzea "erabaki zaila" izan zen. Izan ere, gai bati buruz lan egitea "gogorra eta zaila" dela azaldu du Thundersek: "Gai horretan sartzeko esfortzu berezia egin behar duzu". Are "zailagoa" da Altsasuko Auzia bezalako gai batekin: "barruan duzuna atera behar duzu, berriz barrura sartu eta berriz atera artelana sortuz". Hortaz, lana "handiagoa" eta "sakonagoa" egin behar izan dute. 

Sakanako eta gonbidatutako artisten lan "gogorrak" erantzun "interesagarria eta aberatsa" eman du. Nahiz eta gai bakar baten inguruan izan mota, estilo eta teknika guztietako artelanak ikus daitezke Arte Azokan. "Artista bakoitzak badu gai berdina plastikoki islatzeko modua". Gaia zabala dela esan du Mauleonek, "eta modu askotara" interpretatu daiteke. Horregatik proposamen desberdinak atera direla gaineratu du. 

Artea beste hizkuntza bat da, beste lengoaia bat. Eta artistek plastikoki erakutsi nahi izan dute "istorio hau" nola bizi duten: elkartasuna, askatasuna, kartzela, justizia eta injustizia... auziaren ikuspegi desberdinak irudikatu dituzte artistek. Gainera, modu desberdinetan adierazi dute ere barruan zutena. "Bakoitzak egoera nola bizi duen islatu du eta toki desberdinetatik landu daiteke". Hortaz, artelan batzuk "figuratiboak" dira, eta argi ikusten da gaia. Beste batzuk "abstraktuagoak" dira, eta horrek "aberastasuna" ematen dio erakusketari. 

"Bakoitzak bere modura ulertzen ditu artelanak. Interpretatzen dira. Nik irudikatu dezaket gauza bat, baina gero beste pertsona batek ikusten du eta beste interpretazio bat egiten du. Eta hori ere aberasgarria da", esan du Mauleonek. batzuetan ikusleak artistek "pentsatu ere ez dituzten" gauzak ikusten ditu. "Eta hori polita da eztabaidak eta elkarrizketak sortzen direlako". Galderak sortzen dira, eta hori "garrantzitsua" da. 

Arte Azoka, urteekin, Altsasuko ferietako "beste ekimen bat" bihurtu da. "Duela hiru urte inguru konturatu ginen jende asko etortzen zela, ez zela soilik eguraldi txarra egiten zuelako". Jendeak "ibilbidearen barruan" sartu du azoka: "Oso polita da". 

Arte Azokarendako gai bat aukeratzea ez da aurtengo berritasun bakarra izan. Azokaren aurretik arte laborategiak egin dituzte gaia lantzeko. Helena Santanok erakusketan aurkeztu zuen bere laborategian ateratako ondorioak, baita Sagri Mauleonek ere. Laborategiak esperientzia "aberasgarria" izan dela izan du Maulonek.