Gaurkoa, Gau Beltza

Guaixe 2019ko urr. 31a, 12:16
Mitologia pertsonaiak agertuko dira, atzera ere, Irurtzunen.

Irurtzunen, Lakuntzan eta Arbizun ekitaldiak izanen dira gaur

Domu santu eguna da bihar. Eta bezperakoa, gaurkoa gau beltza izanen da. Garai bateko haur sakandarrek udazken eta neguko gauetan arbiak hartu eta hustu egiten zituzten, giza buruaren itxura emanez. Barnean argizaria jartzen zuten eta piztu egiten zuten. Kalean apenas argirik ez zegoen garai haietan arbi argiztatua etxe baten atarian jartzen zuten haurrek, atean jo eta etxekoak ateratzean sustoa hartzen zuten. Trastada eginda, pozik, lasterka alde egiten zuten haurrek. 

Neguko zikloko haurren ohitura hori galdu egin zen eta Halloweinez itxuraldatua bueltatu da. Horri aurre egin nahian eta gaurkoari euskal kutxua eman nahian Irurtzunen hiru urte daramate. Aurrena gau beltzari buruzko hitzaldia antolatu zuten, hurrena, ipuin kontalaria eta gaurko ibilaldi beltza prestatu dute. 18:30ean Plazaolako iturrian jarri dute haurrendako hitzordua. Bi talde eginen dituzte.: 10 urtetik beherakoak, gurasoekin joan beharko dutenak, eta 10 urtetik gorakoak. Ibilbide bat eginen dute eta hartan Izaskun Mujika eta Yurena Perez ipuin kontalariek kontu-kontari ariko zaizkie. Mitologia-pertsonaiak ere bidera aterako zaizkie. Eguraldiak lagunduko ez balu Barazki guneko karpan eginen da. 

Lakuntzan
Gau Geltza dela eta liburutegian ipuinak kriseilupean ipuin kontakizuna izanen da 18:00etan. Hura despeditua, gaztain erreak dastatzeko aukera izanen da plazan. 19:00etan, udaletxean, euskal jantziei buruzko atondu izenburuko hitzaldia izanen da eta eguna, despeditzeko, 22:30ean, Napardeath filma ikusteko aukera izanen da kultur etxean. 

Arbizun 
Hitzordua udaletxean jarri dute gau beltzerako. 18:00etan ipuin “pixka bat beldurgarriak” kontatuko dituzte Miren Peredak, Nekane Gartziak eta Amets Floresek. Ondoren, 18:15ean, Gau Beltzari buruzko tailerra eta merendua izanen da. Nork daki haurrak ziri edo sari esaka bukatuko ote duten. 

www.gaubeltza.eus  
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltza antolatzeko baliagarriak diren baliabideak jaso dituzte web gune batean.