Zaintza eta etxebizitzarendako beste erantzun batzuk

Guaixe 2019ko aza. 14a, 12:11
Sakana Koopfabrika programako saio bat Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan.

Horiek ezagutzeko jardunaldi irekiak antolatu ditu Sakanako Garapen Agentziak gaurko eta hurrengo ostegunerako.

Sakanako koopfabrika programa Sakanako Garapen Agentziak eta OlatuKoop-ek antolatu dute, Nafarroako Gobernuaren finantzazioarekin eta ekintzailetza sustatzen duten ANEL,UIS, REAS Nafarroa, Cederna-Garalur eta KoopFabrikaren laguntzaz. Bere helburua da Ekonomia Sozial Eraldatzailearen inguruko prestakuntza ematea da. Saio teoriko-praktikoen bidez, azken lau ostegunetan, ekintzaileak, udal ordezkariak eta garapen teknikariak trebatu dira. 

Trebatu ondoren bidean identifikatutako lehentasunezko bi arloren inguruko jardunaldi irekiak antolatu dira: zaintza eta etxebizitza. Aritu direnez aparte, sakandar guztiei zabalik daude jardunaldi horiek. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola Matxainek azaldu digunez, “jardunaldi horietan, gai bakoitzaren inguruan ekonomia sozial eraldatzailearen baitako proiektuak ezagutzeko aukera izanen da”. Manterolak gogorarazi digu Sakanako Plan Estrategikoaren berrazterketa prozesuan agerian gelditu zen ibarraren sozioekonomia erronketako bat zaintza zela. Horregatik, jardunaldi irekietan parte hartzeko gonbidapena egin digu sakandarrei. 

Koopfabrika metodologia berritzailea da, Gipuzkoan laugarren urtea da martxan dena eta Manterolak esan digunez, “eredu berri bat sortzen ari dela esan genezake. Metodologia berritzaile hau erabiliaz, Sakanakoa Nafarroan egiten den lehen programa da”. 

Jardunaldi irekiak  

Azaroak 14, osteguna 
18:30etik 20:30era Zaintzen krisiari nola erantzun komunitate eta herrietatik? Hiriberriko kontzeju-etxean. 

Zaintzaren krisia atarian daukagun erronka da, gaur egun familia egiturekin edo kontzertazio publiko-pribatuarekin erantzuten dena, muga handiekin. Zein paper joka dezake kooperatibismoak zaintzen paradigma komunitario bat sortzeko garaian. Zentrala den gaiari eskualdetik eta ikuspegi komunitariotik helduko diote. Hizlariak izanen dira Andoni Zulaika (Pertsonen Arretarako Herri Plataforma, Beterri-Buruntzako udalak) eta Xanti Ugarte (Zestoako herri zaintzen kooperatiba). 

Azaroak 21, osteguna
18:30etik 20:30era Urdiaingo udaletxean. 
Etxebizitza kooperatibo eta komunitarioen ikuspegitik abiatuta, lurralde-sare kooperatiboen sorrerarako gakoak eta zerbitzuen eta beharren kooperatibizazioa landuko dute: tokiko klausula sozialak, etxebizitza kooperatiboak eta herri kooperatibak.