Ziklo-krosa

Igor Arrieta: 8 egunetan 3 garaipen

Guaixe 2019ko abe. 12a, 15:54
Igor Arrieta Igorreko Nazioarteko Ziklo-Krosean, indar betean. Argazkia: @ErizFraile

Ziklo-krosean errekorrak apurtzen ari da Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarraga. Uharte Arakilgo txirrindulari juniorrak primerako denboraldia darama. Azaroan junior mailako Legazpiko Ziklo-krosa eta Karrantzako Ziklo-krosa irabazi bazituen, abenduko lehen zortzi egunetan beste hiru garaipen lortu ditu: abenduaren 1ean jokatutako Pontevedrako Hiriko Sari Nagusia, larunbatean, abenduaren 7an jokatutako Ametzagako 43. San Andres Trofeoa eta igandean, abenduaren 8an jokatutako Igorreko 43. Nazioarteko Ziklo-krosa. Beraz, 5 garaipen lortu ditu dagoeneko igandean 17 urte bete zituen gazteak: aritu den 5 probetan 5 garaipen. Primerako urtebetetze ospakizuna, beraz. Jose Luis Arrieta txirrindulari ohi eta Movistarreko entrenatzailearen semea da Igor Arrieta, eta aitaren bideari darraio. 

Gorka Izagirre txapelduna eta Nahia Imaz bigarrena Abadiñon
Azaroaren 30ean Abadiñoko VI. Nazioarteko Ziklo-krosa jokatu zen. Berri onak iritsi ziren bertatik, eliteen lasterketa Ziordiko bizilagun Gorka Izagirrek (Astana) irabazi baitzuen (59:03), Ismael Esteban bigarrenari 25 segundo atera eta gero. Junior mailan Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi 23. sailkatu zen eta bere taldekide Jon Chamorro 43 postuan. Kadeteetan, gizonezkoetan Quesos Albenizko Mikel Uncilla podiumera igotzear egon zen, laugarrena sailkatu baitzen. Aimar Tadeo lakuntzarra (Sakana Group-Aralar) 16. sartu zen eta Mikel Regil (Q. Albeniz) 23. postuan. Kadeteen emakumezkoetan Nahia Imaz altsasuarra (Nafarroa Ermitagaña) bigarrena iritsi zen helmugara (27:34), Arabarrak taldeko Lukene Trujillano baino 13 segundo geroago. 

Igor Arrietaren hirurak
Hurrengo egunean, abenduaren 1ean, Galizian aritu ziren Sakana Group-Aralar taldeko bi txirrindulari, Espainiako Ziklo-kros Koparako baliagarria zen Pontevedrako Hiria Sari Nagusian. Junior mailan Igor Arrietak erakustaldi ederra egin zuen eta proban gailentzea lortu zuen (37:57), Miguel Rodriguez bigarrenari 35 segundo atera eta gero. Eta kadeteetan Aimar Tadeok lan ona egin zuen: bederatzigarrena sailkatu zen (32:54), Pau Marti irabazletik 2 minutu pasara (30:41). Hurrengo lasterketa Kantabrian jokatu zuen Aimar Tadeok, abenduaren 6an, Puente Viesgoko Santa Barbara Sari Nagusia. Podiumera igotzear egon zen lakuntzarra, laugarrena sailkatu baitzen (36:32), Mario Grande irabazletik 46 segundora. 

Larunbatean, abenduaren 7an, Ametzagako 34. San Andres Trofeoa jokatu zen. 2,800 km-ko zirkuituari 5 itzuli egin behar izan zizkioten juniorrek. Igor Arrietak lehia oso estua izan zuen Ekin S. Coop Amorebieta taldeko Aitzol Sasietarekin, baina azkenean uhartearrak zeharkatu zuen helmuga lehenago (37:43), Sasietari 9 segundo aterata. Iker Mintegi (Q. Albeniz) 39. iritsi zen, Jon Erdozia (Sakana G.) 41., Jon Chamorro (Q. Albeniz) 48. eta Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 57. Kadeteetan 4 itzuli osatu behar izan zituzten, eta Mikel Uncilla (Q. Albeniz) oso fin ibili zen. Bosgarrena sailkatu zen Burunda taldekoa, eta Aralar klubeko Aritz Oiarbide 30. sartu zen. 
Emakumezkoen kadeteetan Nahia Imazek (Nafarroa Ermitagaña) 8. postuan bukatu zuen (27:05). 

Eta igandean 43. Igorreko Nazioarteko Ziklo-krosa jokatu zen. Maldez jositako 2,8 km-ko zirkuitu gorabeheratsua prestatu zuen antolakuntzak, lohiak are gehiago gogortu zuena. Juniorrek 5 itzuli egin zituzten, eta Igor Arrieta nagusitasun handiz gailendu zen (41:02) Kevin Pezzo eta Daniel Cassol txirrindularien aurretik. Kadeteetan 4 sakandar aritu ziren, oso txukun. Mikel Uncilla 5. iritsi zen, Aimar Tadeo 22., Mikel Regil 25. eta Aritz Oiarbide 54.

Asteburuan Valentziara
Espainiako Ziklo-kros Kopako sailkapenean, kadete mailan Aimar Tadeo 12.a da (18 puntu) eta juniorretan Igor Arrieta 3.a (50 puntu). Guztira 6 probek puntuatzen dute eta igandean Espainiako Koparako baliagarria den azken proba jokatuko da, Valentziako XXIV. Nazioarteko Ziklo-krosa, eta bertan ariko dira Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo eta Igor Arrieta. Urdiaingo larunbateko lasterketan ezingo dira aritu eta pena dute, baina Espainiako Kopan ari direnez, Valentziako bidea hartuko dute. Aimar Tadeok Kopako proba guztietan parte hartu du eta Igor Arrietak, aldiz, orain arte jokatutako 5 probetatik 2 lasterketetan. Valentziara doazela probestuz, bi lasterketetan parte hartuko dute: larunbatean jokatuko den IV. Xativako Hiria Nazioarteko Ziklo-krosean, eta igandean Valentziako Hiria Ziklo-krosean, Nazareten. 

Nafarroako Federazioko Ziklo-Kros campusa Altsasun
Nafarroako Txirrindularitza Federazioak Ziklo-kros campusa antolatu zuen abenduaren 2an eta 3an Altsasuko Otadiko Kristo Deuna aterpetxean. Javier Ruiz de Larrinaga eta Joseba Beloki txirrindulari ohien esanetara ziklo-krosaren nondik norakoetan murgildu ziren bertan parte hartu zuten txirrindulariek, eta Dantzalekun eta San Pedro zelain eta inguruetan praktikara eraman zituzten teorian landutakoak. Teknika lantzeko primerako aukera izan zuten bertan parte hartu zuten txirrindulariek. Tartean zeuden Burunda klubeko Mikel Uncilla eta Mikel Regil kadeteak eta Oihan Etxeberria, Iker Mintegi eta Jon Chamorro juniorrak; Nafarroa-Ermitagañako Nahia Imaz kadetea; eta Aralar klubeko Aimar Tadeo eta Aritz Oiarbide kadeteak eta Igor Arrieta eta Jon Erdozia juniorrak. 

Erlazionatuak