Ziklo-krosa

“Ziklo-kroseko giroa ezberdina da, gertukoagoa”

Maider Betelu Ganboa 2019ko abe. 13a, 13:35
Igor Arrieta Pontevedrako podiumeko gorenean. Argazkia: Utzitakoa.

Igor Arrieta Lizarraga, Sakana Group-Aralar taldeko txirrindularia

Ziklo-krosean errekorrak apurtzen ari da Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarraga. Uharte Arakilgo txirrindulari juniorrak primerako denboraldia darama. Bost probatan aritu da eta bostak irabazi ditu. 5 garaipen lortu ditu, eta asteburuan Valentzian ariko da, Espainiako Koparako baliagarria den proban. 

Azkenaldian zutaz hitz egitea garaipenez hitz egitea da. Ziklo-krosean bost probatan aritu zara eta bostak irabazi…
Beno, hori da atera zena. Pozik nago garaipen horiek lortzeagatik. Hemendik aurrera ez dakigu nola jarraituko dugun, baina momentuz egindakoa ongi dago. 

Bi modalitate oso ezberdin dira errepidea eta ziklo-krosa. Baina zu batean bezain ongi moldatzen zara bestean. Biak gustuko dituzu, ala bat bestea baino gehiago?
Igual errepidea gustukoago dut, baina ziklo-krosa ezberdina da. Kategoria guztikoek korritzen dugu ziklo-krosean, profesionalekin ibiltzen gara, eta giroa ezberdina da, gertukoagoa. Polita da ziklo-krosa. 

Teknikoagoa izango da: aldapak, saltoak, bizikleta gainean hartu eta korrika hasi behar izatea...
Zailagoa da. Azkenean buelta batetik bestera zirkuitua aldatzen hasten da, ibilbidetik pasatzerakoan matxurak edo erorketak badaude, zirkuitua aldatzen da, gehiago lokazten da...uneoro  joan beharko zara ikusten zirkuitua nola aldatzen den eta zirkuituari ohitzen. 

Sakana Group taldean zabiltza, Lakuntzako Aralar klubean, Edi Cerviño entrenatzaile duzula. Eta aita, Jose Luis Arrieta, txirrindulari ohia eta Movistar Team taldeko zuzendaria da. Aitak aholkuak ematen dizkizu edo zuk Edik esandakoa jarraitzen duzu? Edo biek esandakoa kontuan hartzen duzu?
Aitari edozein zalantza galdetzen badiot erantzuten dit, berak bizitakoaren berri ematen dit eta aholkuak ematen dizkit. Eta Edi dut entrenatzaile; berak esandakoari kasu egiten diot. Horretaz gain, ni nire kabuz ikasten noa. Beraz, denetatik. 

Errepideko denboraldian egindakoarekin gustura geratu zara? Hemengo lasterketetan aritu zara, Espainiako Txapelketetan, Mundialetan ere bai… 17 urte bete berri dituzu abenduan, 16 urterekin hori ez al da ikusgarria? Zuk nola bizi izan duzu?
Denboraldia oso ona da, egia esan. Urte hasieran ez nuen espero denboraldia halakoa izango zenik. Mundialetan aritzea ikusgarria izan da. 

Errepidean zenbat garaipen izan dituzu?
Zazpi edo zortzi izan direla uste dut. 

Tartean, Altsasu eta Etxeberriko lasterketak irabazi zenituen eta Gipuzkoako Itzulia. Akaso itzulia garaipenen artean garrantzitsuena izan da?
Bai, garaipen garrantzitsuenetarikoa izan da Gipuzkoako Itzulia. Gero Espainiako Txapelketan Nafarroako selekzioarekin bigarrena izan nintzen, eta Euskadiko Erlojupekoan azkarrena. 

Beraz, todoterrenoa zara. Erlojupekoan ongi, esprintetan ere ongi moldatzen zara, mendia ere gustuko duzu, ziklo-krosean ibiltzen zara... Zuretzako zein da zure dohain garrantzitsuena? Nola definitzen duzu zure burua?
Oraindik ez dakit esan ahal dudan zer izango naizen, nolako txirrindularia izango naizen, baina uste dut ikusten dela nahiko ongi moldatzen naizela eremu ezberdinetan. Mendia gustuko dut, aldapak eta. 

Kontuan hartuta 17 urte bete berriak dituzula, oraindik txirrindulari bezala egiten ari zara; zure teilatua urruti dago. 
Bai. 
 
Ziklo-krosa udazken-neguan jokatzen da. Hotza, euria… lokatzean sartzea ez al da gogorra?
Lasterketetan ez du perezarik ematen lokatzetan sartzea, gehiago igual entrenatzerakoan. Lasterketan korritzeko txiparekin zaude, 40 minutu dira eta ia ez zara ezta konturatu ere egiten; azkar pasatzen da.

Duela gutxi Nafarroako Federazioak antolatutako ziklo-kros campusa egin zenuten Sakanan, Dantzalekun eta San Pedro zelain. Bertan aritu zineten hainbat sakandar, zu tartean. 
Ni ez nintzen campus guztian egon, ziklo-krosa nuelako, baina tarte batean egon nintzen. Oso ongi ibili ginen, Larrinagarekin beti ikasten da, bai teknikaz edo bizikletan nola igo eta halakoez. Oso ondo. 

Abenduaren 1ean Pontevedrako Saria irabazi zenuen, Espainiako Koparako baliagarria, abenduaren 7an Ametzagako Trofeoa, hurrengo egunean abenduaren 8an Igorreko Nazioarteko Ziklokrosa eta aurretik Legazpiko Ziklo-Krosa eta Karrantzako Ziklo-Krosa irabazi zenituen azaroan, Karrantzakoa ere Espainiako Koparako puntuagarria. Asteburu honetan Valentziara joango zara, Espainiako Kopako azken proban aritzera.
Bai, bi proba garrantzitsu jokatuko dira bertan, larunbatean Xativakoa eta igandean Valentziakoa eta bietan hartuko dut parte. 

Espainiako Kopan 6 probek puntuatzen dute, momentuz bitan aritu zara eta sailkapenean hirugarrena zara. Valentzian egiten duzunaren arabera zein postu lortu dezakezu?
Gehiena bigarrena, baina bigarrenak huts egiten badu... Beti dago zerbait jokoan. 

Ziklo-kroseko denboraldia ilbeltzean bukatzen da. Zein beste lasterketetan ariko zara?
Nafarroako Ziklo-kros Txapelketan ariko naiz, abenduaren 21ean Iruñean, eta gero Euskadiko Ziklo-kros Txapelketan, abenduaren 29an, Lezaman. Ilbeltzaren 1ean Ormaiztegiko proban parte hartuko dut, Gipuzkoako Txapelketan, eta ilbeltzaren 10etik 10ra Pontevedran jokatuko diren Espainiako Ziklo-kros Txapelketetan. Helburua ahalik eta hobe aritzea da. Irabaztea denoi gustatzen zaigu, baina beti irabaztea ezinezkoa da. Beraz, ikusiko dugu ea nola ateratzen den. Eta ziklo-krosa bukatu eta hilabete pasa errepidean hasiko gara. Juniorren 2. urtea izango da 2020koa. 

Zein aurreikuspenak dituzu 2020rako? 2019an lortutakoak estutzen zaitu?
Printzipioz ez, ez dut uste aurten egindakoak heldu den urtean presiorik sortuko didanik. Ondo pasatzea da helburua, eta lasterketak ondo ateratzen dira. Lehen urtekoek beti begiratzen diete bigarren urtekoei, baina ez dut uste horrek estutuko nauenik. 

Errepidea, ziklo-krosa... noiz deskantsatzen duzu? 
Errepideko Mundiala bukatu eta gero atseden hartu nuen, bizpahiru aste bizikleta ikutu gabe egon nintzen, eta gero entrenatzen hasi nintzen. Eta errepidea hasi baino lehen berdin egingo dut; ziklo-krosa bukatzerakoan bizpahiru aste, edo behar dudana, hartuko dut. 

Bizikleta hartu gabe aguantatzen duzue?
(Kar, kar...) Bai...

Zenbat entrenatzen duzu egunero? Ikasketak zer moduz uztartzen dituzu entrenamendu eta lasterketekin? 
Entrenatu? Ba egunaren arabera. Txarra egiten badu gutxiago eta egun hobea ateratzen denean aprobetxatu egiten dut pixka bat gehiago entrenatzeko. Entrenamenduak Sakanan egiten ditut gehienbat, hemendik, baina tarteka Iruñaldera noa, eta ziklo-krosa herrian bertan entrenatzen dut, Uharte Arakilen. Ikasketekin nahiko ondo moldatzen naiz, momentuz ongi uztartzen dut dena. 

Larunbatean Urdiaingo Ziklo-Kros lasterketa antolatu dute. Pena emango dizu Sakanako proban ezin aritu izanak…
Bai, azkenean esfortzu handia egiten ari dira lasterketa antolatzeko, eta pena da ezin aritu izana. Baina egutegia oso estua da, eta dena ezin da. 

Elikadura asko zaintzen duzu?
Zaintzen naiz, baina nahi dudanean edozein gauza jaten dut; gorputz oso eskertua dut. Elikadurak ez dit buruko minik ematen. 

Egiten dizkizueten probetan ematen dituzun datuak ikusgarriak omen dira... 
Beno, ez dakit, ondo noala esaten didate. 

Oso umila zara...
Beno... (kar, kar).

Zorionak egindako denboraldiagatik eta zorte ona hurrengo probetan!
Eskerrik asko!