Jon Gurutz eta larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko hitzordua

Guaixe 2019ko abe. 16a, 11:32
Makina bat etxarriar elkartu ziren manifestazioaren aurkezpenean.

Orain Jon Gurutz lan-taldeak Sakanako manifestazioa deitu du Etxarri Aranatzen abenduaren 27rako, 19:00etan.

Makina bat etxarriar elkartu ziren larunbatean Orain Jon Gurutz, larriki gaixorik diren presoak etxera leloa duen manifestazioa aurkezteko. Gaitz larriak eta sendaezinak dituzten 21 euskal presoetako bat da Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra. 69 urte ditu eta azken 12 urteak Frantzian preso egin ditu. Egun Lannemzango espetxean dago (300 km-tara). Maiza eta larriki gaixo diren euskal presoen askatasuna aldarrikatzeko hilaren 27an kalera ateratzera deitu zuten larunbatean. Aurkezpenean adierazi zutenez, “konponbidean pausoak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du”. Horregatik, sakandarrak hilaren 27an Etxarri Aranazko manifestazioan parte hartzera deitu zituzten. 

Orain Jon Gurutz lan-taldeak manifestaziorako atxikimenduak jaso ditu. Orain arte harekin bat egin dute: Etxerat, Etxarri Aranazko Udala, Sortu, Triku Trail, Etxarriko Gazte Asanblada, Ernai, Etxarri Aranazko LAB-eko delegatuak, AHT Gelditu taldea, Eusko Alkartasuna, EH Bildu, Arzabal elkarteko junta, Karrikestu elkarteko junta, Udaberri elkarteko junta, Sasoia eta Zama doinuz arindu lan taldea.