1994. urtean Amaia Amilibia, Aitziber Etxaiz eta Olatz Irizar kazetaritza ikasleak ziren EHUko Leioako fakultatean. Euskal Herrian garai horretan tokian tokiko herri aldizkarien boom-a izan zen. "Eskualde askotan hasi ziren euskarazko komunikabideak sortzen", azaldu du Aitziber Etxaizek. "Gainera, irakasleek galdetzen ziguten ea gure eskualdean ba al zegoen aldizkaririk". Baldin bazegoen bertan kolaborazioak egiteko gomendatzen zieten, ez bazegoen "zerbait sortzea" gomendatzen zietela gogoratu du Olatz Irizarrek. Hiru sakandar Leioan kazetaritza ikasten ari ziren, beraz, "nahi eta nahiz ez" Sakanan "zerbait" sortu behar zuten. "Nolabait egoerak bultzatu gintuen". Egoerak bultzatuta 1994ko abenduaren 20an Sakana eskualde osoa hartzen zuen Guaixe euskarazko aldizkariak argia ikusi zuen.
Lehenengo alea eskuetan izan zuenean, "ai, ama, orain hau banatu behar da", pentsatu zuen Etxaizek. Irizarrek ez du oso ongi gogoratzen momentu hura, baina "harrotasuna" sentituko zutela uste du. "Baina lehenengoa zen, hasiera. Bai, lehenengoa bazegoen, baina oraindik lana egiteko zegoen". Hortaz, lehenengo urtea "poztasun" handiagorekin gogoratzen du Irizarrek: "hamabi egin genituela ikusi genuen". Izan ere, tokiko hedabideen boom horretan sortutako aldizkari asko bidean gelditu zirela azaldu du.
Euskal Herriko tokiko komunikabideen booma, hiru sakandar kazetaritza ikasten ari zirela eta hirugarren faktore batek izan zuen eragina Guaixeren sorreran: “Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuan, paraleloan eta guk jakin gabe, horren inguruko kezka bazegoen. Sakanak komunikabide propio bat, euskaraz, behar zuela garbi ikusten zen”. Beraz, Mankomunitatean zerbait egiten hasiak zirela azaldu du Irizarrek. Etxaiz: "Publizitatea euskaraz salduko ote zen jakiteko ikerketa bat egin behar zuten".
Amilibiak hartu zuen Mankomunitatearendako ikerketa lana egiteko ardura, Irizarrek azaldu duenez. "Lantegitara eta komertziotara joan zen galdetzera ea prest egongo liratekeen publizitatea jartzeko hemengo aldizkari bat sortuko balitz”. Faktore guztiak elkartu ziren, eta proiektuak forma hartu zuen. Lanketa prozesuarekin hasi ziren. Irizarrek goraipatu duenez, “beti esaten digute gu hirurok izan ginela Guaixeren sortzaileak. Baina ez da egia, jende asko egon zen gure atzean”. Haien proiektua zen, "baina laguntza juridikoa eta bestelako babesa" behar zutela gaineratu du Iñaki Mundiñano hasieratik proiektu komunikatiboan parte hartu duen etxarriarrak.
Bierrik
Herrietako euskara taldeetara jo zuten laguntza eske. "Herri guzti-guztietan ez zegoen euskara talderik, baina bai gehienetan". Gainera, nahiko "indartsuak" zirela esan du Irizarrek: "Lan handia egiten ari ziren euskararen normalizazioaren bidean". Hala ere, "bere kabuz" funtzionatzen zutela azaldu du Etxaizek. Hainbat taldek aldizkari propioa zuten: esaterako, Lakuntzakoa eta Urdinaingoa gogoratzen dute Etxaizek eta Irizarrek. Koordinatzen hasi ziren eta "kristona lan taldea" izan zuten hiru gazteek atzean: "Beraiek ikusi zuten eskualdekoak zeukala garrantzia. Sortzeko aukerak zeudela ikusi zen, eta bakoitzak berea utzi zuen eskualdekoaren, Guaixeren, onerako".
Guaixe sortu ahal izateko, elkarte bat behar zuten. "Egoerak bultzatuta", beraz, Bierrik elkartea sortu zuten, gaur egun Guaixe Fundazioa dena. "Guaixe sortzeko helburuarekin legalki zein urrats eman behar ziren begiratzen hasita, norbaitek argitaratu behar zuela ikusi genuen. Pertsona bat izan zitekeen, baina ez genuen ikusten", azaldu du Irizarrek. Eskualde mailako euskararen inguruko elkarte bat sortu beharra zegoen: "Euskara talde guztiak inplikatu genituen, eta horrela sortu zen Bierrik elkartea". Mundiñano ez zen sorreran egon, "baina berehala harrapatu" zutela esan du: "Euskararen erabilera zehazteko; euskalkietan idazten zen eta batzorde bat sortu zen, aholkuak ematen genituen...”.
"Argi ikusten genuen izenak eskualdearen euskararekin egin behar genituela. Baziren hainbat hitz eskualde guztirako balio zutenak, bereziak zirenak". "Beharra" zegoen horrelako elkarte eta komunikabide bat sortzeko, eta "Bierrik" izena atera zen. Guaixe izena gehiago kostatu zitzaiela azaldu du Irizarrek: "Elkartearen izenari ez genion aparteko garrantzirik eman komunikabidea sortzeko bidea zelako. Baina aldizkariena garrantzitsua zen; behintzat niretako". Zerrenda bat osatu zuten, eta euskalkiari begiratuta "Guai" hitza atera zen. “Baina guai gaztelaniaren guay-rekin konfunditu zitekeen eta ez zen ondo gelditzen". Lakuntzako Ana Gilek irtenbidea bilatu zuen: "Guaixe", oraintxe. "Guztiei gustatu zitzaigun".
Urdiaingo udaletxeko gela txiki bat
Denboraren perspektibarekin ikusita hasierak "errazak" izan zirela uste du Irizarrek. Etxaizek ere ez du "erraza edo zaila" izan zenik gogoratzen: “Gazteak ginen, ez dut esango zaharrak garenik ere, baina ilusi handia genuen". Ilusioak bultzatuta aurrera egin zuten. "Egia esan lan egiteko modua oso prekarioa zen. Baina 22 urte genituen eta indar handia genuen hori egiteko", gogoratu du Irizarrek. Ziordiarrak gogoratzen dituen "zailtasunak" lehenengo alea inprentara eraman aurreko egunak dira: "ordu asko izan ziren, beti zegoen zerbait aldatzeko, zerbait hobetzeko...". Baina "beste guztia", elkartearen sorrera, aldizkaria martxan jartzeko prozesua eta abar, "oso modu errazean" gogoratzen du.; "agian 25 urte pasa direlako".
Urdiaingo Udalak utzitako gela "txiki" batean sortu zen Guaixe. "Justu mahaia" sartzen zela gogoratu du Etxaizek. Hasiera hartan Olaztiko Udalak utzitako "ordenagailu bakarra" zuten. "Horrekin hasi ginen, baina nahikoa izan zen". Handik bi hilabetetara Urdiaingo Udalak "hemen ezin zarete egon" esan, eta gela handiago bat eskaini zietela azaldu du Etxaizek. "Bulegoa sortu genuen". Poliki-poliki ordenagailu gehiagoz hornitu zuten bulegoa. Garai hartan maketatzeko hobe Macintosh-a omen zen, beraz, lehengo erosketa ordenagailua izan zen: "Aitziberrek eta biok, ezjakintasunetik, Amaiak erakusten zigunarekin flipatzen genuen. Ez dakit zenbat balio zuen, oso garestia zen, eta harrigarria iruditzen zitzaigun ordenagailu batengatik hainbeste ordaintzea”.
Unibertsitatean zizeron deitutako erregela batekin maketatzen zuten bitartean, Guaixen Macintosh bat zuten. Argazkiak publizitate truke Xenda argazki dendan errebelatzen zituzten eta inprenta Arrasaten zegoen. "Lehenengo zenbakiaren bila joan ginen eta Urdaingo udaletxearen ezkaatzan jarri ginen euskaldunen helbideen pegatinak jartzen. Esku lana izan zen", azaldu du Etxaizek. Ondoren, hilabetekariak postetxera eramaten zituzten. "Eskerrak eman nahi dizkiot, bereziki, gurean dagoeneko ez dagoen Felix Iriarteri. Asko lagundu zigun. Irurtzundarra zen, eta berea balitz bezala hartu zuen. Arakil zonalde guztian berak banatzen zuen".
Guaixen asko ikasi zuten. Lan guztiak egiten zituztela "agian gehiegi" dela esan du Irizarrek. Izan ere, komunikatzaile eta berriemaile sare handia zuten. Baina eguneroko lana Amilibiak, Etxaizek eta Irizarrek egiten zuten. Amilibiak maketazioa kontrolatzen zuenez, "ausardia handia" izan zuen eta maketazio lana hartu zuen. Oraindik ez zituzten ikasketak amaitu, eta Olatzek ez zuen Bilbon "jarraitzeko gogorik". Beraz, "nik publizitatea egingo dut" esan zuen, "horrek derrigortzen ninduen Ziordin, nire herrian, egotera". Hortaz, idazteko ardura gehiena Etxaizek zeukan. Koordinazio lana egiten zuela ere gogoratu du altsasuarrak. Irizar: "Baina hirurek oso argi geneukan kazetariak ginela, hau da, ni ez nintzen publizista ni kazetaria nintzen; horregatik sartu nintzen proiektu honetan. Beraz, noizbehinka elkarrizketak eta egiten genituen ere".
Dinamismoa
"Guretako gure lanbidea zen. Hasieratik diru bat jasotzen genuen. Ez zen besteko ezer, baina dirua jasotzen genuen". Irizarrek hasieratik proiektu profesionala izan zela uste du; kontrako iritzia du, aldiz, Etxaizek: "nik neure burua ez nuen ikusten profesional bezala. Nik neure burua euskaltzale bezala ikusten nuen. Bere eskualdeko berriak euskaraz idazteko gogoak zuen euskaldun bat bezala".
Egunerokoan lanean zeudenek, Irizarrek azaldu duenez, "nahikoa genuen hilabetekoa ateratzearekin", baina Bierrik elkartean "distantziarekin" ikusten zuten egoera. "Garbi ikusten zuten: hilabetekaria sortu dugu, eskualdean errotzen ari da, baina zerbait gehiago behar dugu". Euskarak dinamikoagoak ziren komunikabideak behar zituela uste zuten. "Bierrik elkartearen barruan eman zen eztabaida bat izan zen, eta gu elkartearen barruan geunden eta elkartean esaten zena normalean onartu egiten genuen". Gainera, langileek ere argi ikusten zuten medio dinamikoagoak behar zirela. "Lan gehiago suposatzen zuen. Ordura arte egiten genuenari buelta erdi ematea suposatzen zuen, baina beharrezkoak ziren ; eta horregatik sortu genituen". 1999ko maiatzaren 7an Beleixe irratiaren lehenengo emisioa izan zen eta 2001ean Oixe astekaria publikatu zuten. Hilabete batzuetan hiru komunikabideak batera bizi izan ziren, baina, azkenean, 2004ko urtarrilaren 24an Oixe eta Guaixe publikazio bakarrean fusionatu ziren: Guaixe astekaria.
2000. hamarkadaren hasiera mugarri izan zen proiektu komunikatiboarendako. Komunikabide berriak sortu ez ezik, "erronka" berri bat izan zuten ere. Egoitza propioa izateko "apustua" egin zen, Mundiñanok gogoratu duen bezala. "Izugarrizko laguntza eman zuten udalek, kasu honetan Urdiaingo Udalak, baina lan bolumena handitu ahala lokala txiki gelditu zen". Altsasuko egoitza 2003an mustu zuten. Aurretik, behean zegoen Bierrik taberna mustu zuten ere. "Urrats handia izan zen, egoitza propioa izan baino ikusgarritasuna izan zela esango nuke". Izan ere, Irizarrek aipatu duenez, Urdiaingo gela hartan "gustura" zeuden, baina, adibidez, "ez zuen inon jartzen Guaixe aldizkaria". Altsasu erdian, eskualdeko herririk handienean, kartel handi batekin egotea, beste izaera bat ematen dio. Etxaiz eta Irizar ez ziren aldaketen lekuko izan, dagoeneko beste proiektuetan zeudelako.
Sarea
Guaixek euskaltzaleen sarea sortu zuen. "Sekulan" ez dela "bakarrik sentitu" esan du Etxaizek. Izan ere, Guaixeren atzean "jende asko zebilen". Gehienak euskara taldeetako pertsonak ziren. "Seguruenik norbait ahaztuko dut, baina Jose Mari Arakama, Eneka Maiz, Iñaki Mundiñano, Mikel Galartza, Reyes Flores, Ana Gil...". Arakama bereziki gogoan du Etxaizek; berarekin kazetaritzaren bost urteetan baino gehiago ikasi zuela onartu du: "Ohore bat zen Arakama bezalako euskara aditu batek gu zuzentzea. Gu kazetaritza ikasleak ginen eta berak eskuz zuzentzen zigun; ez bakarrik zuzendu, zergatik egiten genituen akatsak azaltzen zigun, berriz ere ez egiteko".
Komunikatzaile eta berriemaile sare handia sortzea lortu zuten. Batzuk eskuz idazten zituzten testuak, beste batzuk garaiko idazteko makinekin, baziren ordenagailuz idazten zutenak ere. Gainera, berriemaileek urtean zehar egiten zuten lana eskertzeko afariak egiten zituzten Sakanako berriemaile guztiekin. "Oso oroitzapen politak" dituzte.
Proiektua aurrera eramateko dirua behar zuten, eta administraziora jo zuten diru laguntzen eske. Irizarrek eramaten zituen diru laguntzak. "Bi tokitara joaten ginen: Sakanako Mankomunitatera eta Nafarroako Gobernura. Mankomunitatean dena erraztasunak ziren. Aldizkaria bera aurkezten genuen eta Peiok eta Yolik dena bideratzen zuten. Nafarroako Gobernuan lan gehiago egin behar zen".
Diru laguntzen "pezeta bakoitza" justifikatu edo "zuritu" behar zuten, eta horretarako fakturak eta abar aurkeztu behar zituzten. "Garai horretan dena eskuz egiten zen. Gobernuaren egoitzan aurkezten nintzen faktura eta karpeta guztiekin eta teknikariarekin banan-banan begiratzen egoten nintzen". Miren Egañarekin tratatzen zuen Irizarrek: "Zerbait gaizki egiten nuenean moñoña deitzen zidan: ai, moñoña, gauzak ez dira horrela egiten. Ni amorratuta etortzen nintzen eta Amaiari eta Aitziberri kontatzen nien: moñoña deitu dit, baina zer pentsatzen du horrek. Guaixeko langilea naiz, ez ume moko bat azalpenak behar dituena". "Oso gaizki" gogoratzen ditu zuriketak egin behar zitueneko momentu horiek, izan ere, "dena ongi" egiten saiatzen ziren. Mundiñanok Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ere eman izan dituela gogoratu du.
Sakandarren laguntza "soziala" ez ezik, ekonomikoa ere behar izan zuten. Behin Etxaiz Jose Mari Satrustegiren etxera joan zen, hilabetero idazten zuen kronika hartzera, eta bere zaintzailea zen Maria Doloresek 2000 pezeta eman zion. "Oso emakume jatorra zen, euskalduna, eta oso hunkituta Guaixerako dirua eman zidan, laguntzeko". Ez zuten dirua eskatzen, eta ez zion hartu nahi, "baina berak hartzea nahi izan zuen. Oso eskertua zegoen". Proiektua diru laguntzekin aurrera egin zuen, baina "proiektu batek ezin du diru laguntzaz bakarrik bizi", esan du Irizarrek. Hortaz, elkartea sortzeko eta laguntzeko bazkide kanpaina bat egin zuten eta 500 bat bazkide egin zirela azaldu du Mundiñanok. Ondoren, "krisi garaia etorri zen. Krisia baino Nafarroako Gobernuak diru laguntzak kendu izatea detonatzailea izan zen. Ez zegoen hainbesteko zuloa, baina gure proiektu txikiarendako asko zen". Krisiari "eskerrak" ere eman behar zaio, izan ere, horri esker kanpaina "handi" bat egin zuten: "Sakandar bat euro bat kanpaina atera genuen, 20.000 euro horiek berreskuratzeko". Gaur egun, 1500 bazkide inguru ditu Guaixe Fundazioak, "Sakanako elkarterik handienetarikoa izango garela uste dut".
Bazkidetza "oso garrantzitsua" dela esan dute Etxaizek, Irizarrek eta Mundiñanok. Edozein komunikabide zein proiektu diru laguntzen menpe bizitzea "oso zaila" dela esan du Irizarrek; hortaz, diru sarrera "propioak" izatea garrantzitsua dela gaineratu du: "Horrekin batera sarearen ideia indartzen da. Guaixen gaur egun langileak zarete, bazkideak gara, eta horrek eskualdea egiten laguntzen du". Etxaizek sakandar euskaltzale guztiak bazkide egitera "derrigortzen" ditu. Mundiñanoren arabera, asko "eskaintzen" da, diru kopuru txikiaren truke: "Oso jende gutxi dago Sakanan Guaixe ezagutzen ez duena. Ohitu gara astero izaten, sare sozialetan, prentsaurrekoetan... baina kontziente izan behar dugu horren atzean jendea dagoela, lana dagoela, eta jendeak benetan lan profesionala egitea eta benetan ongi komunikatzea nahi badu, proiektuak laguntza behar du. Beste 25 edo ez dakit zenbat urte gehiago betetzeko".
Garapena
Guaixe etengabe eraldatu den komunikabidea da. Garaietara ongi egokitu da. "Guk argitaratu genuen lehenengo Guaixe hura eta aurreko astean kaleratutakoa hartzen dituzu, eta izugarrizko aldaketa dago. Hilabetekaria izatetik astekari izatera, formatua ere desberdina da... Bitarte horretan eredu asko egon dira ere... izugarria da", esan du Etxaizek. Teknologia berrietara ere egokitu da, Mundiñanoren arabera, "nahi eta nahi ez hartu beharreko" erabakia izan da. Izan ere, informazioa kontsumitzeko modua izugarri aldatu dela azaldu du, eta "gazteek papera ez dute ukitzen, baina bestelako modutan informatzen dira". Hortaz, "Guaixek egon behar du, besteek bezala". Interneteko sarea Guaixen ezagutu zuten Irizarrek eta Etxaizek, "arbizuar bat zegoen Amerikako Estatu Batuetan tesia egiten, eta handik testuak bidaltzen zituen. Harrituta gelditzen ginen". Gaur egun, aldiz, e-mail asko jaso ez ezik, edukiak ere konpartitzen ditu Guaixek web orriaren eta sare sozialen bidez. Gainera, ostiraletan publikatzen da eta Beleixe irratia ere uhinetan ez ezik online entzun daiteke.
Guaixe "komunikatzen" ikusten du Mundiñanok: "Jendearen artean izen ona dauka. Interneten jendea asko ibiltzen da, eta albisteak trukatzen dituzte, sare sozialetan badabil... ongi ikusten dut". Irizarrek Sakanako gizartean "erabat sustraituta" dagoela uste du: "Ez dut imajinatzen Sakana Guaixerik gabe. Sarea egiteko balio du, eskualdea egiteko balio du. Bere hobetzeko gauzak ditu, edozein proiektuk bezala". "Osasuntsu" ikusten du Etxaizek. "Ostiral goizetan gustura hartzen dudan komunikabidea da. Hobetu daiteke, baina gauza guztiak bezala. Orain arteko ibilbide honetaz harro nago. Bertan jendea gogotsu eta aditua dagoela ikusten da".