Baloiaren inguruko topaketa solidarioa

Guaixe 2019ko abe. 20a, 09:09

Topaketako antolatzaileak aurkezpenean.

Ongi Etorri futbol topaketa solidarioa abenduaren 23an izanen da, astelehen goizean, Iturmendin. 56 gaztek eman dute izena.

Iturmendira bizitzera etorri diren adingabeetako batek proposatuta, Ongi Etorri futbol topaketa solidarioa ospatuko da heldu den astelehenean. Sakanako Mankomunitateko Kirol eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuek elkarrekin antolatu dute, Iturmendiko Udalaren, Sakana Harrera Haranaren (errefuxiatu eremuen berri ematen duen erakusketa jarriko du) eta Iturmendiko orientazio eta harrera zentroarekin batera. Azken horren arduraduna  Ramiro Gonzalez da eta azaldu digunez 16 eta 18 urte arteko 25 adingabe daude zentroan. Haietako 19 magrebtarrak dira, 5 ghanarrak eta aljeriar bat. Gonzalezek argitu digunez, “Nafarroa zen halako zentroak soilik hiriburuan zituen erkidego bakarra. Gainontzekoetan herrietan ere badaude, komunitate guztiak harrera egin baitiezaioke adingabeei”. 

Begoña Zestau Baraibar 
Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikaria 

Nolaz sortu da futbol topaketa? 
Iturmendira bizitzera etorri diren adin txikikoek futbol txapelketa antolatzeko proposamena jaso zuen Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikariak. Guk buelta eman eta txapelketa baino, topaketa antolatzea erabaki genuen. Horrekin nahi dugu Sakanako hainbat herrietako gazteak parte hartzea. Adin gabeez ari garenez, eta ikasteko garaian daudenez, opor egun bat, abenduaren 23a, astelehena, aukeratu genuen topaketarako. Ongi Etorri futbol topaketa solidarioa du izena. 

Zergatik izen hori? 
Gauza askori ongietorria egin nahi diegulako. Alde batetik, Iturmendira etorri diren gazte horiei. Eta, bestetik, proposamenak eskaintzen dizkigun hainbat aukerari ere ongietorria ere egin nahi diogu: ongietorria elkar ezagutzeko aukerari, kasu honetan futbola dela medio; ongietorria aniztasunari berari; ongietorria errespetuari; diskriminazio ezari eta ongietorria harrera zintzoa egiteko aukera honi, elkar ezagutzeko goiza elkarrekin pasatzeko aukerari. Azken finean, ongietorria elkar bizitari. 

Topaketa izatearena, nola hartu dute? 
Haiekin joan den ostegunean elkartu ginen eta oso ongi hartu zuten. Hasiera bat da. Halako zerbait antolatuko dugun aurreneko aldia denez, oraingoan horrela planteatuko dugu, eta ea zein balorazio egiten dugun astelehenean bertan. Horrek markatuko du beste zentzu edo norabide bat hartzen duen, beste herri batzuetara bideratu daitekeen… Ikusiko da. 

Nolakoa izanen da topaketa? 
Iturmendin eginen da. Eguraldiak lagunduko ez balu Urdiaingo frontoian eginen litzateke, baina akaberako auzatea Iturmendin. Sakanako neska-mutil gazteek parte har dezakete. Dagoeneko Iturmendi ondoko herrietakoek baiezkoa eman dute. Ez da sailkapenik izanen, topaketa horrekin denok irabazten dugulako. Sariak ere izanen dira. Baina izanen dira parte-hartzaile guztiendako, eta sari bera. 

Nola sortuko dira taldeak? 
Help-Na, migratutako pertsonekin lan egiten duen Nafarroako Suhiltzaileen eta boluntarioen elkarteko kamisetak jantziko dituzte taldeek. Bihotz aldean Ongi Etorri mezua dute idatzia euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz. Parte-hartzaileek bana izanen du, baina, gainera, prezio murriztuan eskuratzeko aukera izanen da eta jasotako dirua errefuxiatuen alde elkarteak egiten dituen lanetara bideratuko da. Ez dakigu zenbat gaztek emanen duten izena, baina horrek markatuko du areto futboleko partiden iraupena. Denek denen kontra jokatuko dute. Taldeak mistoak izanen dira, herri desberdinetako jokalariak, neskak eta mutilak. Jakinaren gainean daude. Eta ikusiko dute neskek ere futbolean zeinen ongi egiten duten. Hezitzaile Eskolako ikasleak parte hartzekoak dira. 

Denek irabaziko dute topaketan, ezta?
Kirol saioaren ondoren, Iturmendin bizi diren gazteek prestatutako auzatea izanen da, auzate anitza. Hau da, jatorri anitzeko jakiez gozatzeko aukera izanen da. Horrek elkarrekin egoteak eta hurbiltzeak errazten duelako. Goiza elkarrekin pasa eta gazte horiei benetako ongietorria egiteko aukera bikaina da. Horretaz aparte, Iturmendiko herriari, bihotzez, eskerrak emateko aukera izanen da. 

Erlazionatuak

Futbol topaketa solidarioa

Guaixe Irratia 2019 abe 16 Iturmendi