Santa Ageda koruak 2020

Santa Agedari kantatzera aterako dira bihar

Guaixe 2020ko ots. 3a, 12:03

Kukuerreka elkarteko kantu taldea 2019KO Santa Ageda bezperan. ARTXIBOA

Bihar otsailaren 4 da, Santa Ageda bezpera, eta tradizioari jarraiki, koruak abesten arituko dira.

Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz, ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz, baina eztarritik sano gabiltza eta kanta nahi degu gogoz...

Kopla hauek Sakanako hainbat herritan errepikatuko dira bihar, asteartea, Santa Ageda bezperan. Makilak eskueta eta erritmoa markatzeko lurraz joz Santa Ageda koruak trazioarekin jarraituko dute beste urte batez, negua pixkanaka joaten ari dela eta lurra esnatzen ari dela ospatuz. Santa Ageda Siziliako martiriaren inguruko abestiak dira egun honetako errepertorioa osatzen dutenak. Abesbatzak ez ezik, norberak duen kantaria kalera ateratzen du.

Irurtzunen, 18:00etan, plazan bilduko dira koruekin hasteko.

Irañetan, urtero moduan, herrian barna Santa Ageda kopla kantari ariko dira. 18:30ean jarri dute hitzordua eta herrian barna abesten ibili ondoren, elkartean guztiendako txistorra eta urdaia izanen dira.


Irañetan 2019ko Santa Ageda bezperan kantatzen. ARTXIBOA

Lakuntzako musika eskolako hainbat ikaslek instrumentuak kalera aterako dituzte, haurren korua musikatzeko. 16:30ean jarri dute hitzordua. Ondoren, merendua egingo dute. Elizareko korua ere Siziliako martiriari kantatzera aterako da, iluntzean.

Etxarri Aranazko ikastxetako ikasleak goizean aterako dira Santa Agedari abestera. Herriari bueltatxo bat eman ondoren, plazan bilduko dira emanaldi xumea egiteko. Arratsaldean, 18:30ean, Etxarri Aranazko Udal Musika eskolako ikasleak, Etxarri kantuz taldea eta Etxarri Aranazko Abesbatza kantuan aterako dira. Ondoren, plazan txokolatada izanen da.


Etxarri Aranazko 2017ko Santa Ageda bezperan kantatzen. ARTXIBOA

Lizarragabengoako elkartean 20:00etan elkartuko dira kantuan aritzeko.

Altsasun hainbat koru aterako dira. Alde batetik, Kukuerrekako kantu poteo taldea aterako da koplak kantatzera eta, bigarren urtez, Lagun Onak elkarteko korua ere aterako da. Abestiren bat elkarrekin abestuko dutela ere aurreikusi dute elkarteko kideek. 19:00etan jarri dute ateratzeko ordua, bi elkarteetatik. Musika eta Dantza Eskolako fanfarrea ere Santa Ageda bezpera ospatzera aterako da. 17:00etan aterako dira musika ikasleak Musika eta eta Dantzako Eskolatik.


Altsasuko Lagun Onak elkarteko korua lehenengo aldiz atera zen 2019an. ARTXIBOA

 

Erlazionatuak