M. Akari, S. Romero eta A. Manterola

"Ikasten eta trebatzen lagundu digu"

Guaixe 2020ko ots. 18a, 15:36

Ainhoa Manterola, Munir Akari eta Sergio Romero.

Sakana Lanbide Heziketa institutuko Merkataritza Zerbitzuko 1. eta 2. mailetako ikasleek eta irakasleek 114 eguberri saski saldu zituzten pedagogia proiektu baten barruan.

Bigarren ikasturtea da Sakana Lanbide Heziketa institutua, ibarreko ekoizle txikiak biltzen dituen Belardi elkarteak eta Sakanako Garapen Agentziak bat egin eta eguberri saskien eskaintza egin dutena. Ikastetxean Oinarrizko Lanbide Heziketako Merkataritza Zerbitzuko 1. eta 2. mailetako ikasleak (10 eta 9) eta irakasleak "pozik eta oso gustura" gelditu dira bigarren urtez eguberri saskiak merkaturatu ondoren. 


Munir Akari (Uharte Arakil) Sergio Romero (Lakuntza) eta Ainhoa Manterola 
Zikloko 1. mailako ikasleak eta irakaslea. 

Nola iritsi zarete ikasketak egitera?
S. DBHn hasi ginen. Baina hau baino zailagoa zen. Ez zitzaigun ongi atera. Ziklo hau ikasten jarraitzeko beste aukera bat da. Lanerako prestatzeko ongi heldu da eta bertan da zikloa hau. 

M. Ikasketa hauek praktikoak dira.

Eta irakaslea ikasleekin zer modu? 
A. Pixka bat “guerrero” xamar badira ere, oso gustura. 

Eguberrietako saskien eskaintza egiteak ere motibatuko ditu ikasleak, ezta? 
A. Bai, praktikotasunetik begiratuta gehien bat. Beraiek ikasketa teorikoagotara ohituta daude. Gu saiatzen gara alderdi praktikotik teoria lantzen. Jakina, arlo teorikoa ere lantzen dugu, baina saiatzen gara beste era bateko ikasketa prozesu bat aurrera eramaten. 

Hasi berriak zaretela, espero duzue horretan lan egitea? 
S. Orain hasi gara eta, beno, interesgarri xamarra da. Guri gehien gustatuko litzaigukeena da bi urte hauen ondoren erdi mailako ziklo batera sartzea. Bi urte horiek egin eta gero beste lan mota batean sartzea. Gustatzen zaigun zerbait egitea. 

Eguberri saskiak saltzearen helburua zein da?
A. Helburua da Sakanako ekoizle txikiei bultzada bat ematea. Gu merkataritza zerbitzu ikasketak eginez, goazen ibarreko produktu batzuk Sakanan saltzera, ibarreko kontsumoa bulkatzeko.  

Nolakoa izan zen eguberri zareak eskaintzeko prozesua? 
M. Alde batetik, eskaerak prestatzen eta produktu horiek nola saldu behar diren ikasten dugu. Baita biltegi bat nola kudeatzen den ere. Bestalde, marketing arloko ikasgaiak ditugu. Hau da, bezeroen arreta eta merchandising-go oinarrizko teknikak. Azkenik, informatikako arloa ere lantzen dugu.

A. Beraiek dituzten ikasketekin, bezeroekin e-posta bidez harremanetan jarri dira. Bezeroak nola tratatu ere ikasten dutenez, beraiek haiekin harreman zuzena izan dute. Irakasleak baino gehiago beraiek izan dira hau dena aurrera eraman dutenak. Eta eskarien prestaketa eta kudeaketa ikasgaia dutenez, Belardiko ekoizle batzuk azken egunean etorri ziren eta, denon artean, eguberri zareak prestatu genituen. Nahikoa ikasgai jarri ditugu praktikan. 

Zer produktu zeuden horietan? 
S. Gazta zahar eta gazta urdin pote bana, babarrun zakuto batzuk, lau jogurt, gazta laurden bat, eskuz egindako galleta ontzi bat, botila bat ardo ekologiko, pote bana ezti eta marmelada ekologikoko eta txorizoa edo saltxitxoia. 

A. Belardi elkarteko ekoizleak izan dira produktuak jarri dituztenak. Ikasleek Albi gaztandegiko Aritz Ganboa De Migelekin izan dira. Euren ustiategia ikusteko gonbidapena ere egin zigun. 

Zenbat saski prestatu zenituzten? 
M. 114 saski prestatu genituen. Eskaeraren arabera prestatu genituen.

S. Jendearen eskaerak aurretik jaso genituen, eskaerak bildu eta horren arabera produktu gehiago edo gutxiago ekartzen digute, zareak ongi betetzeko, eta bat bera falta ez dadin. 

Erosle potentzialekin ere lan egin duzue? 
A. Bigarren mailako ikasleek merchandising ikasketa dute, publizitatea nola egin. Haiek kartela egin zuten eta han jakinarazten zen eskaera epea eta eskaerak egiteko e-posta zein zen. Kontaktuan jarri ziren guztiekin zuzeneko harremana izan dute. Horrela jakin zen zenbat erosle egonen ziren. Epe muga bat zegoen, ekoizleak ere gaztigatu behar zirelako: ez dakit zenbat produktu. 

Emaitzarekin pozik zaudete? 
M. Bai. Joan den urtean baino eskaera gehiago jaso ditugu. 

A. Pitteka-pitteka, goraka. Oso balorazio positiboa egin dugu. Ikasle hauek bestelako ikasketa prozesu bat eskatzen dute. Gainera, Sakanan, haiek bertakoak izanda, hemengo ekoizleak, hemengo merkataritza… Iruditzen zaigu denok elkarrekintza hori eginda, denondako askoz ere aberasgarriagoa da. Bai ikasleen ikasketetarako, bai irakasleon hezkuntzarako… Pentsatzen dut ekoizleendako ere oso aberasgarria izanen zela. 

Segitzeko prest zaudete? 
S. Bi urtetan ongi atera denez, gustatuko litzaiguke honekin segitzea. Azkenean, guk hemengo ekoizleei laguntzen diegu, baina guri lan horretarako ikasten eta trebatzen laguntzen digu.