Tren geltokiko txarteldegiak zabalik segitzen du

Guaixe 2020ko api. 6a, 11:32
Teren geltokiko txarteldegia zabalik. Artxiboa.

Asteartean ziren ixtekoak baina ez dute halakorik egin. Hori bai, alarma-egoeragatik itxita dago. Adifek txartelak saltzeko makina jarri du itxaron gelan.

Urte hasierarekin batera jakin zen Castejon, Tafalla eta Altsasuko tren geltokietako txarteldegiak itxiko zirela. Hiru herrietako alkateek adierazpen bateratua sinatu zuten itxieraren kontra. Espainiako presidentea aukeratzeko negoziazioen barruan PSOEk eta Teruel Existek 142 txarteldegi ez ixteko akordioa itxi zuten urte hasieran. Baina Altsasukoa martxoaren 31n ixtekoak zirela aurreratu zen. Eguna hori pasa da eta txarteldegia zabalik segitzen du. 

Tren geltokiko langile batek jakinarazi digunez, “txarteldegia zabalik mantentzeko epea luzatu egin dute. Beharren arabera nahi beste luzatu dezakete. Momentuz, ez da ixteko agindu zehatzik iritsi”. Langileak azaldu digunez, tren azpiegiturez arduratzen den Adif enpresaren estatutuetan ez dago jasoa txartelen salmenta. Hori garraio enpresen ardura da, kasu honetan, Renferena. “Altsasun Renfek ez du langilerik. Gaur egun Adifen bi faktore daude txarteldegian”. Jubilatzear daudela jakinarazi digu langileak, eta gaineratu du Adifeko langile gehienak 60 urte inguru dituztela. 

Antza, Renfek beste txarteldegi batzuk ezgaitasunak duten pertsonen bidez kudeatu nahi ditu. Baina Altsasuko tren geltokirako konpainiak zein asmo dituen ez dakite. Bitartean, Adifek Altsasuko tren geltokiko itxaron gelan bidaia-txartelak saltzeko makina jarri du. Txarteldegia guztiz ixten denean, batez ere, nabarituko dutenak jende larria izanen dela gaztigatu digu langileak: “egin behar duten bidaia prestatzeko informazio bila etortzen dira. Baina ixtean kudeaketa gastuak kobratuko dien bidaia-agentzia batera joan beharko dute, edo Internetez norbaitek egin”. Azaldu digunez, Renferen web orrian askotan txartelak txarteldegian bertan baino merkeagoak dira, eskaintza ugari egiten baititu. 

Alarma egoera 
Koronabirusak eragindako osasun-krisialdiak ere eragina du tren geltokian. Esan bezala, txarteldegia itxita dago eta langile bakarra dago txanda bakoitzeko, zirkulazio-buruak, hau da, trenen trafikoaz arduratzen direnak. Halakoak zazpi dira Altsasuko geltokian, txarteldegiko bi langileak eta azpiegiturez arduratzen diren 28 langile daude. Guztira 38. Azken horiek mantenu lanak edo matxuren konponketetan aritzen dira. 

Trenen pasan ere eragina du alarma egoerak eta bidaiarien tren zerbitzua murriztu du Renfek. Ordutegien berri zehatza jasotzeko www.renfe.com web orrira jo edo 912 320 320 telefonora hots egin. Bi bide horiek txartelak erosteko aukera ematen dute, baita Irurtzungo edo Altsasuko Correos bulegoek, bidaia-agentziek edo Renfe Ticket mugikorrendako aplikazioak. Tren bidezko merkantzien garraioan Renfez aparte beste enpresa gehiago aritzen dira. Autogintza enpresen jarduna jaitsi denez, stockean zituzten ibilgailuak biltegitik atera ahala auto garraioa asko jaitsi da. Gaur egun, edukiontziak eta arriskutsuak diren merkantzien garraioa dira nagusi arlo horretan.