Maiatzaren 2an eta 3an ospatzekoak ziren Altsasuko Alde Zaharretako festak. Udalak asteartean jakinarazi zuen festa horietako egitarau ofiziala, artisautza azoka barne, bertan behera gelditu direla. Osasun krisiak bultzatu du erabaki hori hartzera udala. Hurrengo asteetarako Sakanan makina bat jarduera iragarrita zeuden eta asko bertan behera gelditu dira. Hala jakinarazi digu Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak. Maiatzerako iragarrita zituztenak ere bertan behera utzi dituzte. San Isidro egunean, maiatzaren 15ean, arakildarrak Itxasperri ermitan elkartzen dira eta hura ere zalantzan dago, “baina, oraindik, ez dugu behin betiko erabakirik hartu” esan digu Olaberriak.
Arbizun aurreko hamar urtetan udaberriko azoka antolatu dute. Arbizuko Udalak aurten azoka hori ez antolatzea erabaki zuen, “egunaz gogoeta egiteko asmoa dugulako”. Bestetik, urteko hainbat egun jakinetan Arbizun “aateak” izaten dira. Aurrenekoa San Isidrorekin batera izanen da, maiatzaren 15ean. Udalean, oraingoz, ez dute pentsatu zer egin, “ekitaldiak nola antolatu esanez goitik aginduak etorriko direlako”.
Etxarri Aranazko Udalak apirilerako prestatuta zituen ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu. Amaia Ijurra Arala kultur teknikariak azaldu digunez, “ahal diren ikuskizun gehienak beste data batean jartzen saiatzen ari gara. Eta oraindik ez gara sartu baloratzera maiatzeko ekitaldiak bertan behera utzi edo ez. Dena den, egoera baloratu eta erabakiak hartzeko Nafarroako Gobernua hartzen dugu erreferentziatarako”.
Bakaiku bihar hartzekoa zen Sakanako Bertso Eskolen eguna. Baina bertan behera gelditu da. Bestetik, maiatzaren batean pagoa zutitzen dute barga gainean. Ekhi Etxeberria Kaiuela zinegotziak argitu digunez, “hori herritarrek antolatzen dute eta, oraingoz, ez da horren inguruan ezer hitz egin”. Iturmendin, bestetik, maiatzaren lehenean plaza erdian pagoa jasotzen dute eta bigarren asteburuan San Migel festak dituzte. Victoriano Gabirondo Lanz jarduneko alkateak esan digunez, “momentuz ez dugu erabakirik hartu. Kili-kolo ikusten ditut. Halakorik ez dugu sekula ikusi”.
Olatzagutiko Udalak maiatzaren 15era arte dena geldiarazi du. XIII. lore eta landare azoka maiatzaren 10ean egitekoa zen. Virginia Alonso Aparicio kultur teknikariak azaldu digunez, oraindik ez dakite azoka bertan behera utzi edo dataz aldatuko duten. Iragarriak zeuden ikuskizunak, ahal den neurrian, beste data batzuetan programatzeko ahaleginean ari da.
Olatzagutian bertan urte berezia ospatzekotan da Olatzagutiko Gazte Asanblada: Maisuenea gaztetxearen 25. urteurrena. Motorrak berotzeko-edo Maisutekno musika elektronikoko jaialdia antolatuta zuten martxoaren 20rako, baina alarma egoeragatik bertan behera gelditu zen. Olatzagutiko Gazte Asanbladak gaztetxearen mende laurdena maiatzaren 9an ospatu nahi dute, baina hartuko diren osasun neurrien arabera hartuko dute erabakia. Urteurren ospakizuna atzeratzea edo bertan behera uztea dira aukerak.
Ziordian ere maiatza jasotzen dute. Bitan gainera: bata txipudian eta bestea barga gainean. Herri bazkaria ere izaten da. Eguna borobiltzeko udalak pilota partidak antolatu nahi zituen. Horrela, mustu nahi zituzten Toki Eder frontoian egindako lanak. Olatz Irizar Martinez alkateak esan digunez, “oraindik ez dakigu zer eginen dugun”.
Aralar
Aralarko aingeruak herriak bisitatzeko irteera ofiziala egitea Pazko Egunean egiten du, aurten hilaren 12an. Santutegitik 16:30ean Baraibarrerako bidea hartzen du eta gero Nafarroan barna herriz herri ibiltzen da. Baina osasun krisiak eta etxean egoteko aginduak plan guztiak aldatu ditu. Pazko Egunaren aurretik aingeruaren irudiak egiten zituen bisita guztiak udazkenera pasa dituzte. Eta santutegiko arduradunak eta Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako kideak alarma egoerarekin zer gertatuko zain daude, herriz herriko bideari ekiteko edo ez. Esaterako, maiatzaren lehenean Arakil ibarreko herrietan egon ondoren, Oskiako ermitan elizkizuna izaten da.
Bestalde, Aste Santua dela eta, santutegian egiten diren elizkizunetara ere jendea joan ohi da. Baina horiek ere bertan behera daude alarma egoera indarrean den bitartean.