Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat mendi argiztatu ziren udazkenean Kataluniako buruzagi sozial eta politikoak zigortu zituen epaia salatzeko. Sakanako mendizale batzuek Beriainen antzeko zerbait egin zitekeela pentsatu zuten. Udazkenean eguraldiagatik arriskutsua izan zitekeela eta udaberrirako, maiatzaren 9rako utzi zuten egitasmoa. Antolakuntzan Gure Eskuren laguntza izan dute. Baina iragarritakoa bertan behera utzi du COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisialdiak.
Bestetik, Gure Eskuk jakinarazi du Hamaika Gara egitasmoaren kaleko jarduera eta mobilizazio guztiak udazkenera atzeratu dituela. Gure Eskuk, hainbat eragilerekin elkarlanean, etorkizun politikoaz eta gai guztiez erabakitzearen alde, eta erabakitzeko eskubidea arautzea helburu, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiatu zuen martxoaren 11n. Baina osasun krisia dela eta, udaberrirako aurreikusitako kanpaina udazkenera arte luzatzeko erabakia hartu du. Beraz, maiatzaren 16an Durangon aurreikusia zegoen mobilizazio egun handia, eta garagarrilaren 13an herrietan egin asmo zuten Hamaika Gara eguna udazkenera atzeratuko dituztela jakinarazi du.