Guaixek Greba Digitalarekin bat egin du

Guaixe 2020ko api. 21a, 09:36

'Ikusi gaitzaizuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara' lelopean greba digitala eginen dute gaur eta bihar, apirilaren 21ean eta 22an, euskal sortzaileek. Guaixek grebarekin bat egin du eta, ondorioz, bi egun hauetan ez du kultura arloko edurik argitaratuko

Gogoeta eta eztabaida soziala egitea, premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea eta euskal kulturgintzaren ekosisteman osatzen duten guztiendako elkargune izanen den topagunea antolatzeko lanean hastea da euskal kulturgileek eginen duten Greba Digitalaren helburuak. Apirilaren 21ean eta 22an, gaur eta bihar, eginen dute greba; beraz, bi egun horietan edukirik ez partekatzeko deia luzatu dute, "arreta deitzeko eta ezinbesteko gogoeta bultzatu nahian". Grebaren arrazoiak eta atxikimenduak https://kulturgintzan.eus/ web orrian bildu dituzte. 

Dagoeneko 800 kultugile baino gehiagok bat egin dute Greba Digitalarekin, tartean artista sakandarrak daude: besteak beste, Ainhoa Juaniz Ezpeleta aktorea, Hesian taldea, Iratxe Reparaz artista, Katrin Ginea kulturgilea, Lur Larraza musikaria, Maider Ansa musikaria, Pello Reparaz musikaria eta Zirika Zirkus antzerki-zirko taldea. 

Euskal kulturgileek azaldu dutenez, pandemiaren eraginez bertan behera gelditu dira kultur programazio guztiak, eta "lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du". Egoera euskal kulturgintza modu "latzean zigortzen" ari dela azaldu dute. Egoerari aurre egiteko eta etorkizunari begira, "ekosistemako hainbat eragilek" neurri sorta zehatzak proposatu dituzte "kulturigntzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko dutenak". Hala ere, "udal batzuen salgu", erakude publikoek neurriei "muzin" egin diotela jakinarazi dute. 

Euskal sortzaileak itxialdian hainbat ekimen egiten ari dira modu telematikoan, "gehienak debalde", eta, trukean, "kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu nahi dizuegu". Hortaz, paradigma, eredua edota patroia errotik aldatu nahi dutela aldarrikatu dute.