Joxe Ulibarrena eskultorea eta etnografoa zen. Nafarroako zale amorratua zen, eta euskal etniaren ikertzailea. 1924. urtean jaio zen, Azkoienen, baina Artetan igaro zuen bizitza ia osoa. Bertan, Nafarroako Museo Etnografikoa sortu zuen. 10.000 pieza baino gehiago biltzen ditu museoak. Eskultore ikasketak Iruñean hasi zituen, baina Parisen Arte Ederrak ikasteko beka lortu zuen eta bertan Marcel Gimode, Picasso, Juan Gris, Kandisky eta Jean Paul Sartre artistekin egon zen. Iruñera itzuli zenean Mariskal Don Pedro de Navarra fundazioa sortu zuen. 96 urterekin hil zen atzo, familiaren beroan.
Sakanan bi dira Ulibarrenak utzitako aztarnak: Altsasuko Sustraiak plazan zegoen intxaurrondoarekin egindako eskultura, eta Ziordiko Iruñeko Batalderri eskultura Iruñeko Erreinuaren sinboloa den arrano beltza.
Altsasuko eskultura plazan dago eta 1994. urtean mustu zuten; hortaz, 2019. urtean 25 urte bete zituen eta Ulibarrena Altsasun egon zen Diario de Noticias egunkarirako elkarrizketa bat egiteko. Berarekin Elur Ulibarrena alaba egon zen. Elur Altsasuko eskulturaren zaharberritze lanen zuzendaria izan da. Eskulturak Altsasuko esentzia biltzen du eta herriaren hainbat elementu islatzen ditu. Eskulturaren materiala organikoa denez, "ez da betirako izango" esan zuen Ulibarrenak. Horregatik, 3D eskaneatu dute.
Ziordiko Iruñeko Batalderri eskultura Iruñea-Gasteiz errepidean dago eta errepidearen bi aldetan banatzen da. 2001. urtean mustu zuten. Herritik gertuen dagoen piezan brontzezko haritz hostoak eta landutako harri bat agertzen dira tripode baten gainean. Errepidearen beste aldean monumentuaren zati garrantzitsuena dago: arrano beltza. Metalez egindako 9 metroko pieza da, eta 600 kilogramoko pisua dauka. Iruñeko Erreinuaren sinboloa islatzen du, Antxo erregearen bularraren gainean. Pieza nagusia karratu baten gainean dago, eta bertan Nafarroako kateak eta hiri nagusiak agertzen dira. Sinbolismo handiko eskultura da.
Ulibarrena Uharte Arakilgo Artzain Egunaren zalea zen ere, eta urtero etortzen zen.