Koronabirusa Sakanan

Dendak itxita ere, Sakanan erosi daiteke

Guaixe 2020ko api. 24a, 12:44

Altsasuarrak Zumalakarregi plazako estalopean.

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuetako elkarteko (SDOZE) hainbat dendak telefono bidez saltzen ari dira. Sakandarrak zerbitzu hori erabiltzera animatu dituzte.

Tele-Sakana, etxetik erosi. Mezu hori zabaldu du aste honetan Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak (SDOZE). Ibarreko 30 establezimenduk jakinarazi dutenez, “zure konfiantzako dendetan orain etxetik erosi” dezakegula. Sakanako dendetan erosiz, “tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiten da, zirkulu-ekonomia lagunduz eta, ondorioz, guztiok irabaziz”. SDOZEko kideek ziurtatu dute beraien dendetan segurtasunez erosteko aukera dagoela. 

Elkarteko dendaren batean erosketa egin nahi dutenek telefonoz hots egin behar dute dendara. Dendariarekin hitz egin ondoren moztu eta hark whatsapp bidezko bideo-deia eginen dio. “Horrela, generoa ikusi eta bezeroak nahi duen produktua aukeratu dezake, esaterako, modeloa, kolorea edo neurria ikusiz”. Behin produktua aukeratuta ordainketa modua adostu beharko da dendariarekin (banku bidezko transferentzia, helbideratzea, Bizum aplikazio bidez edo txarteleko zenbakiak emanez). Erosketa, banaketa enpresa batek etxera eramanen du. Behin produktua etxean erosleak ezin badu hura erabili, “erosketa itzultzeko epea luzatuko dugu. Alarma egoera bukatu eta 10 egun gehiago izanen dituzu erosketa itzuli ahal izateko”. Erosketa itzuli eta trukean iraungitze datarik ez duen erosketa txartela jasoko du bezeroak.  

SDOZEk sare sozialen bidez telefonoz saltzeko eskaintza egiten ari diren denden eta haien telefonoen zerrenda zabaldu du. Elkarteko establezimendu guztien berri www.sakanakogida.eus web gunean jasota dago. Elkarteko kideek adierazi dutenez, “guztion artean aurrera eginen dugu”. Eta “tokiko ekonomia laguntzera” deitu dute.

Erlazionatuak