COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz, prebentzio neurri gisa Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak bere lana moldatu behar izan zuen. Arbizuko hondakindegiko tratamendu gunea publikorako itxi zuen eta herriz herri dabilen garbigune mugikorraren zerbitzua bertan behera gelditu zen. Emausko Trapuketariak ere ez dira bilketa egiten ari. Horretaz aparte, atez ateko zerbitzua dagoen zazpi herrietan bilketa egunak aldatu zituen Mank-ek.
Osasun krisialdiaren hasieran ibarreko erakundetik hondakinekin arduraz jokatzeko deia egin zuten. Emandako gomendioen artean zeuden, batetik, egoera normalizatu arte premiazko kudeaketa behar ez duten hondakinak ez ateratzeko eta, bestetik, sortutako hondakinak gutxitzea hainbat aktibitate saihestuz, esaterako, bajera, trastelekoak edo bestelakoak garbitzea.
Mank-etik azken bi gomendio horiek berriro zabaldu behar izan dute. Oraingoan atez ateko hondakin bilketa zerbitzua duten herritarrendako. Izan ere, jendea larrialdi guneetan edo haien ondoan hondakinak uzten ari da. Zerbitzuko langile batek esan digunez, “etxolak larrialdi kasuetarako dira bakarrik. Lehendik jendeak nahi zuena botatzen zuen. Baina orain normal egiten dute”. Horregatik, “gizalegez” jokatzeko eskatu du eta larrialdi etxoletan bakarrik ontzi arinak, papera eta kartoia, materia organikoa eta errefusa uzteko eskatu du.
Behar ez den tokian botatako obra hondakinak.
Gomendioak
1. Ez utzi hondakinik lurrean.
2. Poltsak ondo itxi.
3. Kartoia zapaldu.
4. Ontzi arinen bolumena gutxitu (tetrabrik-ak zapaldu, plastikozko botilei airea kendu, eta abar)
5. Egoera normalizatu arte, ez atera premiazko kudeaketa behar ez duen hondakinik.
6. Sortutako hondakinak gutxitu eta hainbat aktibitate saihestu (bajera garbiketak, adibidez).
900 730 450
Doako telefono horretan ematen ditu argibideak Sakanako Mankomunitatearen Bilketa Zerbitzuak.