Koronabirusa Sakanan

Gertuko merkataritzaren alde

Guaixe 2020ko api. 30a, 09:12

Koronabirusaren ondorioak hainbat modutan jo du merkataritza eta zerbitzuak. Arlo horretako sei profesionalekin egokitzeko egin behar izan dituztenaz eta etorkizunaz hitz du GUAIXEk. 

Lehengaiak. Diseinua. Ekoizpena eta fabrikazioa. Banaketa. Kontsumoa (erabili, berrerabili, konpondu). Bilketa. Birziklatzea. Eta berriro hastera: Lehengaiak. Diseinua. Ekoizpena… Hori da zirkulu-ekonomia, labur azalduta. Ekonomia kate horretan kate-begi ahulenetako bat tokiko merkataritza da, herrietako denda txikiak. COVID-19 garai berezi hauetan ezinbestekoak bihurtu zaizkigunak. Eta berriro protagonista bihurtu direnak. 

Hiriburuen erakarpen efektuak herrietatik makina bat jende hara bizitzera joatea eragin zuen. Hala hasi ziren herriak husten. Herrietako dendek garai hartan bezeroak galdu zituzten. Hiriburuen inguruan zabaldutako merkataritza gune handiek herrietako bezeroak erakarri zituzten. Herrietako dendek sumatu zuten. Eta azken hamarkadetan nabaritu dutena da Internet eta teknologia berrien bidezko erosketekin, merkataritza elektronikoarekin. Horrekin ere bezeroak galdu dituzte. Ia konturatu gabe, kontsumitzailea bizkortasuna, merketasuna eta kontsumo masiboa saritzen zituen aro baten parte bihurtu zen, zer erosten ari ginen ere kontuan hartu gabe.

Tokiko merkataritzak gure bizitzetan eragin handia du. Hasteko, gure herriei bizia ematen die: dendak zabalik egonik jendea kalera ateratzen da, dendetan begiratu eta erostera. Haietan kontsumituz herriak biziberritzen laguntzen dugu. Gure herrietako dendetan inbertitzen den dirua herrian bertan mugitzen segitzen du, gure inguru hurbileko ekonomia oparotasunari ekarpena eginez. Izan ere, diru etekinak hurbileko pertsonen eta familien artean birbanatzen dira.  

COVID-19 gaitzak eragindako osasun larrialdiak tokiko merkataritzaren bizi-iraupena arriskuan jarri du. Denda batzuk hasi dira eraldaketa digitalerako pausoak ematen. Horren adibide da, esaterako, Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Elkartean dauden 30 dendek telefono bidez erosketak egiteko eta erositakoa etxera bidaltzeko ekimena. Administrazioak ere ari dira tokikoa eta tokiko dendetan erosteko kanpainak egiten. Eta izpiritu hori bera du Guaixe Fundazioaren txartelak, ibarreko makina bat establezimendutan kontsumitzeagatik abantailak ematen dituenak. 

Ekimenak ekimen, ibarreko sei arlotako profesionalengana jo dugu koronabirusak ekarri duen errealitatearen aurrean duten iritzia jakiteko.