#SOSPRESOAKCOVID-19 ekimena bilera erronda egiten ari da

Guaixe 2020ko mai. 7a, 11:46

Pandemia garaian espetxeak ez bakartzeko eta legeari jarraituz, gaitza ez zabaltzeko, presoak modu kontrolatuan askatzea eskatu dute Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak

Egoerak hala eskatuta, lau eragileek telematikoki helarazi dizkiote beraien aldarrikapenak politika, gizarte eta lan arloko aktoreei. Baita Nafarroako Gobernuari ere. Zehazki Migrazio Politika eta Justizia kontseilari Eduardo Santosi. Salhaketako Libertad Frances, Etxerat-eko Gorka Garcia, Altsasuko Gurasoak-eko Antxon Ramirez de Alda eta Sare Herritarreko Mikel Mundiñano izan ziren atzoko bileran. Apirilaren 29an izan zuten aurrenako harremana. 

Mundiñanok azaldu digunez, “bi bileretatik sentsazio onarekin atera gara eta hurrengo baterako ere geratu gara”. Eta aurreratu digunez, bihar Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendari Martin Zabalzarekin eta Elkarbizitza Zerbitzuko Zuzendari Txema Gonzalezekin bilduko dira. Aurretik, Zabaltzarekin elkartu dira, baita Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Uhalderekin ere. 

Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak martxoaren 12an erabaki zuen kartzelak bakartzea eta bakarrik kartzeletako funtzionarioei uztea bertara sartzen. Ordutik presoak bisitarik, aurrez aurreko bisitarik gabe, jarduerarik gabe eta kalera ateratzeko baimenik gabe daude, besteak beste. Estatuko makina bat gizarte erakundek eskatu dute presoak askatzeko, “hori delako neurririk onena espetxeetan Covid-19aren kutsapenei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko”. 

Eskaerak 
Salhaketa, Etxerat, Altsasu Gurasoak eta Saretik gogorarazi dute “Espainian gaur egun espetxe arloan indarrean dagoen legeriak tresna egokiak ditu presoak espetxeetatik modu kontrolatuan ateratzeko plan bat bideragarria” gauzatzeko. Horregatik exijitu diote Espainiako Gobernuari “lehenbailehen diseinatu eta gauzatu dezala espetxe politikaren arloko neurri plan bat, haren bidez betetzeko Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CPT) emandako gomendioak”.

Salhaketak, Etxeratek, Altsasu Gurasoak eta Sarek eskatu dute, besteak beste: presoen eta haien familiakoen eta gertukoen arteko komunikazioa, bideo konferentzien doako sistema abian jarriz,  presoen bisitak berriz hastea espetxeetara joan-etorriak baimenduz, jatorritik gertuko kartzeletara ekarri preso nafar guztiak edo Nafarroan errotuta daudenak, gaur egun beste kartzela batzuetan preso daudenak, hala nahi badute.