Hasi da errenta kanpaina

Guaixe 2020ko mai. 8a, 10:05

Errenta-aitorpena kanpainaren aurkezpena eginzuten Oskar Martinez de Bujandak, Elma Saizek eta Marta Uhartek.

Garilaren 20ra arte luzatuko da. COVID-19k sortutako egoeraren ondorioz, aitorpenak bitarteko telematiko eta telefonikoen bidez egitearen aldeko apustua egin da.

Nafarroako Foru Ogasunak 2019ko Errenta Kanpaina jarri zuen herenegun. COVID-19k eragindako pandemiak markatuta heldu da aurtengo kanpaina. Horregatik, Nafarroako Gobernuak aurten errenta etxetik egiteko gonbidapena zabaldu du. Horretarako, bide telematiko eta telefono bidezko arreta pertsonalizatuaren aldeko apustua egin du. Zergadunen eta Ogasun Departamentuko langileen osasuna zaintzeko helburuarekin, kanpaina bi formatutan diseinatu da: On-line Errenta eta Errenta Gidatua.

On-line Errentaren sistemaren bidez, zergadunak bere aitorpena Internet bidez egin dezakete www.errenta.nafarroa.eus web orrialdean, eta behar izanez gero, telefono bidezko aholkularitza jasotzeko aukera dute 948 106 106 zenbakira hots eginda. Bestetik, Errenta Gidatuaren sistemarekin, zergadunak bere aitorpena egiteko baimena emanen dio Foru Ogasunari, aurretik hitzordua eskatuaz 948 505 505 edo 948 505 506 telefonoetara deituta.

Errenta Aitorpenarekin loturiko izapideak egiteko, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitalaren edo Nortasun Agiriaren eta PINaren bidez baimentzea. Aurtengo berrikuntza da NAN+PINa eskuratu daitekeela Ogasunaren web orrialdean (www.hacienda.navarra.es), jaioteguna eta Nafarroako Identifikazio Pertsonaleko Kodea jarrita.

200.561
Ogasunak egindako errenta-aitorpen proposamenak. Bakoitzak berea www.errenta.nafarroa.eus web orrialdean kontsultatu dezake. Proposamen horien %68a zergadunaren aldekoak dira, eta guztira 73,7 milioi euro batzen dute. Itzultzeko eskubidea duten zergadunek maiatzaren 11tik aurrera hasiko dira jasotzen. Ogasunari ordaindu behar dioten zergadunek, berriz, aukera dute zenbatekoa zatikatzeko. Lehen epea uztailaren 20ra bitartekoa da eta bigarrena azaroaren 20ra bitartekoa.