#Sakanapediak hezkuntzan eta herritarren artean izanen du segida

Guaixe 2020ko mai. 25a, 09:32

Urdiaingo eskolako ikasleak munduko wikilari gazteenak dira. Argazkia: Euskal Wikilarien Kultura Elkartea.

Proba egin duten ikastetxeek esperientziaren berri emanen dute asteazkenean, 17:00etan, Internet bidezko hitzaldian edo Sakanako Garapen Agentziaren Youtube kanalean ere zuzenean ikusteko aukera izanen da. 

Uharte Arakil eta Urdiaingo ikastetxe publikoek eta Iñigo Aritza ikastolak gaitasun digitalak landu eta ondarearen ezagutza sustatzeko ekimen pilotu batean parte hartu zuten joan den urtean.  Sakanako Plan Estrategikoaren #SakanaDigitala lan ildoa hezkuntzan garatzeko Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin elkarlanean garatu zen proiektu pilotu hori: #Sakanapedia, Sakanako herrien ondarearen inguruko ezagutza, modu partekatu eta libre batean, sortu eta plazaratzeko egitasmoa. 

Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola Matxainek azaldu digunez, “parte-hartzaileen balorazioa oso positiboa izanik eta kultur eragileen artean sortutako interesa kontuan harturik, aurten ekimenari jarraipena ematea erabaki da”. Manterolak azaldu digunez, “hezkuntzan jarraipena izateaz aparte, sakandarrengana zabalduz, beste aurrerapauso txiki bat eman nahi du aurten. Aurreko urteko helburu berberak mantenduz, hezkuntza komunitate guztiari (eskola-ikastola/herritarrak) ireki nahi zaio Sakanako ondarea eta gaitasun digitalak sustatzeko ekimena”. 

SGAko kideak gaineratu duenez, “itxialdi garaian ikusi ahal izan dugun bezala, informazio eta komunikazio teknologiak erabat barneratuak ditugu gure egunerokoan. Horregatik, teknologia horiek modu kritiko eta seguruan erabiltzen jakitea gero eta beharrezkoagoa gertatzen zaigu bizitzaren arlo guztietan”. 

#Sakanapediak aurrera egin aurretik, joan den urtean ekimenean parte hartu zuten ikastetxeetako ordezkarien esperientziak entzuteko aukera izanen da asteazkenean. “Wikipedia, sakandarron ondare digital komunala” izenburua du on-line eginen den hitzaldiak. Hitzaldi horren ondoren ekimenean interesa duten hezkuntza eta kultur eragileek galdetegi bat bete beharko dute. Sustatzaileek Wikipedia erabiliz datorren ikasturtean zehar proiektu zehatz bat gauzatzeko aholkularitza, bide-laguntza eta formakuntza eskainiko diete. Ekimenak Euskarabidearen babesa du.