Haur eskolak martxan jartzea eskatu dute

Guaixe 2020ko eka. 15a, 10:25
Etxarri Aranazko plazako jolas parkean haurrak eta gurasoak.

Udal haur eskoletako langile guztiak aktibo egotera eskatu dute. Ikasturtea itxi eta berria prestatzeko hainbat egiteko dituztela ere jakinarazi dute eta horretarako pedagogia talde guztia beharrezkoa dela gaineratu zuten.

Nafarroako 0-3 plataformak haur eskoletako ratioak jaisteko eta langileen soldatak handitzeko dinamika martxan zuen pandemia sortu zenerako. Osasun larrialdiaren ondoren hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno Gurpegirekin harremanetan jarri zen plataformak eta hark esan zien langile horien ardura ez zela bere departamentuaren. Beraz, plataformako kideek erabaki zuten udalez udal ibili beharrean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora jotzea. Aurretik beraien eskakizunen berri emanez gutuna bidali zioten eta ondoren etorri zen kontzentrazioa.

Hainbat haur eskoletako ordezkariek kontzentrazioa egin zuten federazioaren egoitzaren parean hilaren 5ean. Nafarroako haur eskoletako ordezkariek exijitu zuten “ziklo honetako langileek funtsezko zerbitzutzat ez hartzeagatik jasan duten diskriminazioa berehala eteteko”. COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun-larrialdia dela eta, jakinarazi zutenez, “ziklo berean, emakumezko langile batzuk beharrezkotzat jo dira eta ez dira haien beharra eta profesionaltasuna zalantzan jarri; beste batzuek, berriz, lana utzi dute eta ziurgabetasun handia izan dute, eta tratu txarrak jaso dituzte Haur Hezkuntzako lehen zikloaren kudeaketa maltzurraren ondorioz”.

Plataformako kideek Nafarroako haur eskolak “berraktibatzea” eskatu dute. Batetik, “ikasturtea duintasunez eta errespetuz ixteko eta 2020-2021 ikasturtea prestatzeko egin beharreko lanak egiteko”. Azken horien artean daude hainbat administrazio eta pedagogia lan: ikasturte honetako haurren materiala jaso eta entregatzea, ikasturteko memoria idaztea, 2020-2021eko eskola-egutegia egitea, aurrematrikula- eta matrikula-prozesua, telefono bidezko arreta, familien parte-hartzea, familia berriekin bilera hasieran, ordutegiak antolatzea, 2020-2021 agenda prestatzea, tutoretzak antolatzea eta ikastetxearen Hezkuntza Proiektua berrikustea.

Bestetik, higiene materialaren horniketa eta desinfekzio-lanak egiteko garbiketako langileen ordutegia berrantolatzea eskatzen duela gaztigatu dute plataformatik, baita haur eskoletarako garbiketa protokolo berriak ere. Azkenik, Hezkuntza Departamentuaren Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroarekin eta Arreta Goiztiarreko Zentroko harremanak izatea nahi dute. 


Lau Sakanan
Uharte Arakilgo Pausoka udal haur eskola Dindaia fundazioak kudeatzen du. Eskolako zuzendari Nerea Luis Sotok azaldu digunez, martxoan eta apirilean telelana egiten egon ziren eta maiatzarekin batera Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) indarrean dute. Telelanean aritu diren bi hilabete horietan haur eskolako gurasoekin harremanetan egon ziren eta haiek haurrekin egiteko jarduerak proposatu zizkieten: abestiak, errezetak, erronka, artikulu interesgarriak. 

Telelana ere baliatu zuten ikasturteko txostena egiteko, ikasturte berriko egutegia prestatzeko, ikasturteko argazkiekin osatzen dituzten bideoak prestatu eta gurasoei emateko… “Gelditu gabe ibili ginen etxetik lanean” azaldu du Luisek. Zehaztu duenez, Pausokan 0 eta 3 urte arteko haurrak nahastuta egoten dira. Gehienez hamar haur onartzen dituzte. “Ikasturte honetan izan diren hamarretatik zazpik segituko dute eta hiru berri sartuko dira”. Argitu duenez, haurren gurasoak langileak dira eta haur eskolak familia eta lan bizitza bateragarri egiten laguntzen die. Luisek azaldu du ikasturte berriaz ez dakitela ezer oraindik. 

Lakuntzako eta Arbizuko udalena da Kattuka haur eskola. Eider Garde Mazkiaran da hango hezitzaileetako bat. “Udalek gurekin zuten kontratua eten zuten eta ABEEE indarrean sartu zen. Maiatzaren 25etik bi autonomo administrazio lanean ari gara eta gainontzekoak espedientearekin segitzen dute”. Pandemia garaian Garde Hezkuntza Departamentuko 0-3 atalarekin etengabeko harremanetan egon da eta “Kattuka eskola pilotu gisa zabaltzeko proiektua landu genuen, departamentuaren adostasuna zuena eta Osasun Departamentuak bideragarria ikusi zuena”. 

Nahiz eta 31 familiek hala eskatu, Kattuka haur eskola itxita jarraitzen du. “Hirugarren fasean zabaltzea ez dute onartu. Eta hilaren 21etik aurrera zer eginen duten ez dakigu”. Gardek jakinarazi duenez, Osasun Publikoko eta Laneko Osasuneko Institutuak haur eskolak zabaltzeko gomendioak eman ditu “eta guk betetzen ditugu”. Hezitzaileko 5 haur izatea, haurrak jardunaldi guztian hezitzaile berarekin egotea, talde itxiak izatea… Garde are gehiago haserretu du jakiteak “arauz kanpo dauden haurtzaindegi pribatuak zabaltzeko aukera dutela, familia eta lan bizitza kontziliaziorako zerbitzuak direlako. Haur eskola hezkuntza zikloa da, baina kontziliaziorako neurria ere bagara”. 

Altsasuko Txirinbulo haur eskolako zuzendaria da Aintzane Martin Diaz de Otazu. Pandemiak eragindako osasun larrialdia indarrean den bitartean etxetik lanean aritu dira. “Tutoreak gurasoekin harremanetan egon dira, haurrekin egiteko jarduerak bidali dizkiete… Eta ikasturte berrirako protokoloa ere egin dugu”. Martinek azaldu duenez, “Hezkuntza Departamentuak ez du aurreikusten ikasturte honetan haur eskolak zabaltzea, Osasun Ministerioak kontrakorik esaten ez badu behintzat. Ez dugu ikasturtea bukatu eta irailean noiz hasiko den, zein ratiorekin, protokoloak… ez dugu informaziorik, ez dakigu ezer. Heldu den ikasturtea prestatzen ariko direla pentsatu nahi dugu”. 

Hezkuntza Departamentuko 0-3 atalak zer bidali zain dauden bitartean, ikasturte berrirako aurrematrikula egin da eta Martinek jakinarazi duenez, plaza guztiak bete dira: “jaitsiko zenaren beldur ginen, baina beteta dago. Haurren guraso gehienak langileak dira eta haiendako beharrezko zerbitzua da haur eskola”. Gardek esandakoa berretsi du, “hezkuntza zikloa gara, baina familia eta lana bizitza kontziliatzeko bitartekoa ere bagara”. 

Altsasun dago udal batena ez den Sakanako haur eskola bakarra, Txioka haur ikastola. Osasun larrialdiaren ondorioz ateak itxi zituen. Ibai Iriarte San Vicentek azaldu digunez, “itxi genuenez, familiei kuotak eten genizkien. Langileei ABEEE ezarri genien. Baina ulertzen genuen langileek ezin zituztela erabakiaren ardura eta kalteak jasan. Horregatik, espedienteak soldataren % 70 pagatzen badie, ikastolak gainontzeko % 30 bere egin du eta soldata guztia kobratzen ari dira”. 

Nafarroako haur eskolen lan hitzarmenik ez dagoenez, Espainiakoarekin gidatzen dira ikastolan. Baldintza prekarioak onartuta ere, “soldatak beti hitzarmenaren gainetik izan dira. Urte hasieran gobernuak oinarrizko soldata igo zuen. Guk uste dugu igoera horren diferentziala ere gure langileen soldatan islatu behar zela eta igo egin genien. Espedientean zeuden bitartean soldata igoera izan dute”. Iriartek nabarmendu du hitzarmenetik aparte “baldintza propioak” ezartzen dituztela, “lan garrantzitsua delako. Langileak haurrendako erreferentzialak izatea nola lortzen da, langile finkoak izanik”. 

Iriartek gogoratu du 0 eta 16 urte bitartean Burundan euskaratik eta euskaraz zerbitzua ematen dutela. “Baina Nafarroan hezkuntza etapa hau ez dago diruz lagunduta eta ikastolari Txiokak ahalegina eskatzen dio. Kontziliaziorako bitartekoa garen heinean administrazioak lagundu beharko luke”. Bitartean bueltarako ezarritako baldintzak aztertzen ari dira Txiokan eta familiekin aurki jarriko dira harremanetan.