Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa 44 ikaslek eginen dute

Guaixe 2020ko eka. 23a, 09:40

COVID-19 gaixotasuna dela eta Batxilergoko 2. mailako ikasleak ezohiko ikasgeletan aritu dira USErako prestatzen. Argazkia: utzitakoa.

Gaurtik ostirala bitartean eginen dituzte azterketak.

COVID-19 gaixotasuna dela eta, aurten Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazio (USE) probak hiru egunetan egin beharrean lautan eginen dituzte: asteartetik ostiralera. Horrekin batera USEk beste berritasun bat izanen du: azterketen egitura desberdina izanen da eta ikasleek aukera gehiago izanen dituzte hautatzeko. Gai bakoitzeko proba egiteko, hori bai, betiko 90 minutuek segituko dute indarrean. 

Iruñeko Biurdana institutuan ikasten ari diren Irurtzungo ikasle batek eginen dute USE, D ereduan. El Sario eraikinean eginen du azterketa. Altsasu institututik, berriz, 44 ikasle joanen dira, D ereduko 43 eta A ereduko 1. D eredukoek Basoko edota Iturrama ikastetxeetan eginen dute USE. Zehaztu gabe dago oraindik.A eredukoak, berriz, Iruñeko Gurutze plazako institutuan. 

Azken ikastetxe horretan azken asteetan sartu diren ikasle bakarrak dira Batxilergoko 2. mailakoak. Hilaren batean jarraibideak jasotzeko elkartu zituzten han. Ohiko deialdiko azterketen garaia ere bazen. Hura despedituta, urtero bezala, USE egiteko errepaso klaseak hasi ziren. Hilaren 8an ekin zioten horri eta ostiralean despeditu zuten. 09:00etatik 13:30era aritzen dira. Horretarako ekitaldi aretoa eta gimnasioa egokitu dituzte. 

Lehen egunero ikasleek 7 saio zituzten eguneko eta orain 4. Aurretik gai baten 4 klase ordu bazituzten, orain 3 dira. Eta astean gai bateko 3 ordu jasotzen bazituzten lehen orain 2 dira. Errepaso klase horietara joatea hautazkoa da eta egunak aurrera joan ahala gero eta ikasle gutxiago joatea ohikoa da. Gainera, eskola-garraiorik ez dagoenez, herrietako ikasleak ez doaz. 

Bitartean ikastetxean bada bestelako jarduerarik. Ohiko deialdian gainditu ez duten ikasleek ezohiko deialdiko azterketak egiten ari dira ostirala bitartean. Gainera, hizkuntza eskolako euskara, ingeles eta frantses azterketak ere hartu ditu ikastetxeak. 

Bi zati
Probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza). Gainera, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horretaz aparte, beste proba bat eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan Aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batezbesteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen bada (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izango du nota hori.

Egutegia 
Garagartzaroak 23an, asteartea

  • 10:00etan Gaztelania eta Literatura II.
  • 15:00etan Espainiako Historiako.
  • 18:00etan Filosofiaren Historiako azterketak.

Garagartzaroak 24, asteazkena

  • 10:00etan Ingelesa.
  • 15:00etan Euskara eta Literatura II (A eta D ereduak) probekin.
  • 18:00etan Frantsesa eta Alemana.

Garagartzaroak 25, osteguna

  • 10:00etan Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II.
  • 15:00etan Gizarte Zientzietan Aplikaturiko Matematika eta Biologia.
  • 18:00etan Marrazketa Teknikoa II, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.


Garagartzaroak 26, ostirala

  • 10:00etan, Filosofiaren Historia.
  • 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II.
  • 15:00etan Kimika eta Artearen Historia.
  • 18:00etan Geologia, Geografia eta Diseinua.

Protokoloa
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) da herrialdean USE antolatzeaz arduratzen dena. NUPek protokoloa prest du “COVID-19 birusaren aurkako prebentziozko neurriak betez egingo direla bermatzeko”. Besteak beste, honako neurriak hartu behar dituzte ikasleek: guztiek maskara jarrita izan behar dute (ikasleek baimena izango dute azterketa garaian kentzeko), pertsonen arteko bi metroko distantzia gorde behar da, sartzeko orduak mailakatuko dira aglomeraziorik ez izateko, eta eskuak maiz garbitu behar dituzte”.