Zerbitzu publikoen aldarrikapena egiteko deia

Guaixe 2020ko eka. 19a, 10:14

Iruñean egin zuten agerraldia gaurko mobilizazioak aurkezteko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak gaur, ostirala, kaleak hartzeko deia egin du ‘Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz’ lelopean. Etxarri Aranatzen 18:00etan eta Irurtzunen eta Altsasun 19:30ean izanen dira.

Eragile sindikal eta sozialak biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak konfinamenduaren ondoren kalera atera eta borrokara ateratzeko deia egin du gaur, ekainak 19, ostirala, ‘Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz’ lelopean. Zazpi dira aldarrikapen nagusiak: zerga erreforma, krisia kapitalak ordain dezan; zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publiko egin; zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa; Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioak; 1.200 euroko gutxieneko soldata eta gehienez 35 orduko lan astea; eta pertsona guztien erregularizazioa. 

Sakanan hiru deialdi
Ibarrean hiru herritan eginen dira mobilizazioak gaur. Etxarri Aranatzen, 18:00etan, plazan, kotxe karabana deitu dute; Irurtzunen, 19:30ean, Inasan, kontzentrazioa; eta Altsasun, 19:30ean, Aita Barandiaran adinduen egoitzan, kontzentrazioa. Goizez hegoaldeko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo dira, 11:30ean. 

Erlazionatuak