Orain Ardura: “Gastu faraonikoak gelditu dirua gizarte-beharretara bideratzeko”

Guaixe 2020ko eka. 25a, 12:57

Gaur, 19:30ean, Altsasuko Aita Barandiaran adinduen egoitzaren parean kontzentrazioa eginen da Orain Ardura ekimenak deituta.

Gizarte eragileak, sindikatuek eta norbanakoek osatzen dute Orain Ardura ekimena, maiatzaren 26an aurkeztu zena. COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemia egoeran, gobernuek baliabideak  pertsonen ongizatea bermatzera bideratu ditzatela eskatu dute ekimenetik. “Ekonomia eta osasun krisi honetan funts publikoak kudeatzeko erantzukizuna eskatzen dugu.  Pertsonen osasuna eta bizi-baldintzak jokoan dauden une honetan, haien ongizatea bermatzeko behar diren baliabideak bermatzea eskatzen dugu”. 

Hori egin ahal izateko “ezinbestekoa da adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoak bertan behera uztea eta diru publikoaren kudeaketan logika soziala” lehenestea eskatu dute. Horregatik, Abiadura Handiko Trenaren moduko “gastu faraoniko guztiak geldiaraztea” eskatu dute, eta haietan “gastatzen den dirua gizarte-beharretara bideratzea eskatu” dute. Hori guztia aldarrikatzeko Hego Euskal Herrian gaur 19 bilkura deitu dituzte. 

Manifestua
Orain Ardura ekimenak aurkeztutako manifestuari atxikitzeko kanpaina ere martxan dago. Jakinarazi dutenez, oraingoz, 150 kolektibo sozial, ingurumeneko eta sindikal baino gehiagok eta 1800 norbanako inguruk sinatu dute. Bat egin nahi duenak www.orainardura.wordpress.com webgunera jo dezake.