Egoera berrian ere Sakana bizia izan dadin

Guaixe 2020ko eka. 30a, 11:18

Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren aurreko bilera bat.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak bilera eginen du bihar, 17:00etatik 18:30era, Irurtzungo Dinabide eraikinean, Inasa zeneko bulego eraikinean. Egoerak hala eskatuta, bilera dagozkion babes neurriekin eginen da.

Sakanako Mankomunitateak, Sakanako Garapen Agentziak, Sakantzen Sareak eta Cederna-Garalur elkarteak deituta, Sakanako Sozioekonomia Behatokia bihar bilduko da. Egunero elkar zainduz #SakanaBizia leloa aukeratu dute bilerarako deialdia egitean. Deitzaileen iritziz, “COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun krisiak gure gizartearen ahulgune guztiak agerian utzi ditu eta egungo sistema sozioekonomikoaren krisialdi baterako baldintzak sortu ditu”. Gaineratu dutenez, “heldu denari aurre egiteko, inoiz baino garrantzitsuagoa da Sakanako eragileok elkarlanean jartzea. Sakanan Bizi eta Lan helburutzat hartuta, aurrera begiratu eta egunero elkar zainduz #SakanaBizia egitea dagokigu”.

Jakinarazi dutenez, biharko bileran hiru gai landuko dira. Aurrena, joan den urtean egindako lanen azalpen laburra emanen dute. Hurrena, egoera berrira egokitutako 2020rako ekintza planaren kontrastea eginen da. Eta, bilkura despeditzeko, egun bizi dugun egoeraren aurrean epe ertain eta luzerako hausnarketari tarte bat eskainiko zaio.

Sakanako Sozioekonomia Behatokia
Udaletako eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariek, alderdi politikoek, sindikatuek, enpresetako ordezkariek, hezkuntzako eragileek, gizarte zerbitzuek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta elkarte sozioekonomikoek osatzen dute behatokia. Eta bere egitekoa da Sakanako sozioekonomikoa garapenaren inguruko hausnarketak egitea, plan estrategikoaren ebaluazioa egitea, ekintza lerroen moldaketa edo berrien proposamena egitea eta instituzioei txostenak eta proposamenak eskaintzea.