Aralar eta haurrak lagun egiteko garai hobeen zain

Guaixe 2020ko uzt. 6a, 11:29
Aralarko santutegia bete egiten da haurren aurkezpen egunean. Argazkia: Nerea Mazkiaran.

Aingeruari haurrak aurkezteko ekitaldia hilaren 19an egitekoa zen baina bertan behera gelditu da. Irailean egiteko aukera aztertzen ari dira.

Azken urteetan haur samalda aurkeztu diote Aralarko aingeruari. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak urtero antolatutako Aingeruari Haurren Aurkezpenean izaten da hori. Aurten 17. aldia izan behar zuen, baina COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemiak ekitaldia bertan behera utzi du. Kofradiak jakinarazi zuenez, hilaren 19ko meza nagusian egitekoa zen aurkezpena, baina ezinezkoa denez, irailean egiteko aukera ote dagoen aztertzen ari dira. 

Asko eta asko dira Aralarko santutegiarekin lotura berezia duten familiak. Arrazoi ugari daude: fedea, familia tradizioa, bataioa han hartu izana edota bertan ezkondu zirela. Elizak araudia aldatu zuen eta bataioak norberaren herrian egitea ezarri zuen. Horrek sor zezakeen etena bideratzeko Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia haurren aurkezpen ekitaldia antolatzen hasi zen. Ekitaldia igandeko meza nagusian egiten da. Haurrak aingeruari aurkeztu, haurrei hura gurtzeko aukera ematen zaie, eta, akaberan, Aralarko aingeruaren lagun dela adierazten duen pergaminoa jasotzen dute. 

Erlazionatuak