Lanbide Heziketak ikasleak Europara bidaltzen ditu

Guaixe 2020ko uzt. 9a, 15:39
Diploma jaso zuten gazteen talde argazkia.

Sakana LH institutuko ikasle batek Erasmus+ Europako Programan parte hartzeagatik diploma jaso du, atzerrian lan-praktikak egin zituen hiru hilabetez.

Erasmus+ Europako Programak Lanbide Heziketak (LH) ikasleei bekak ematen dizkie atzerrian  hiru hilabeteko prestakuntza-egonaldiak egiteko. Sakana Lanbide Heziketa institutuko zuzendari Iñaki Urbitarte Cabrerak azaldu digunez, “erdi eta goi mailako graduetako ikasleendako Erasmus karta daukagu. Atzerrian egonaldia egitera animatzen ditugu ikasleak eta urtero bostek-edo izena ematen dute”. 

Urbitartek gaineratu duenez, “Altsasun bekarako izena ematen dutenek plaza ia ziurtatuta izaten dute”. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak ikastetxearen ikasle kopuruaren arabera banatzen ditu bekak. “Guk urtero lau beka jasotzen ditugu. Gero bigarren aukera egoten da, ikasle batzuk bekari uko egiten diotelako”. Zuzendariaren hitzetan “atzerrira joandako ikasleek bueltan diote aberasgarria izan dela egonaldia. Lantegian izandako esperientziagatik baino bizipen sozialagatik”. 

Ziurtagiriak
Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilariak, programan aurreko ikasturtean parte hartu zuten 35 ikasleri diplomak, egindako praktiken ziurtagiriak, eman zizkien asteartean. Haien artean Ion Ollo hiriberriarra zegoen, Sakana Lanbide Heziketa Institutuan industria-mekatronika goi gradua ikasitakoa. Erasmus+ programari esker Italiako Turin hiriko lantegi batean egin zuen prestakuntza-egonaldia iraila eta abendu artean. 

Astearteko ekitaldian Ricardo Goñik, Caja Ruraleko Erakunde Harremanen arduradunak, saria jaso zuten LHko goi mailako ikasle bakoitzari txeke bat eman zion. Txeke horrekin, erakundeak programan parte hartzen du, Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako hitzarmen baten bidez; izan ere, Europako Batzordearen araudiaren arabera, Erasmus beka gutxiago jasotzen dute erdi-mailako ikaskideek baino.

Aurrera begira 
Zuzendariak jakinarazi digunez, COVID 19 pandemia dela eta, orain izena emanda zeuden bost ikaslek uko egin diote atzerrira joateko bekari. Kontseilariak jakinarazi duenez, pandemiaren ondorioz 106 egonaldi ezin izan direla egin. Eta erdi-mailako 15 eguneko egonaldi gehiago ere bertan behera gelditu dira. LHko ia 200 ikasle joaten dira Europako beste herrialde batzuetara ikasturtero prestakuntza-egonaldiak egitera. Urbitartek argitu digunez, “heldu den urterako ikasle bat dago, ilbeltzerako. Ordura arte ez da prestakuntza-egonaldirik egonen atzerrian”. Ç

Erasmus+ Europako Programan parte hartu zuten guztiek aurrez Nafarroan egin zuten lantokiko prestakuntza (lantokiko prestakuntza), eta Europako postitulazio-praktika horiekin osatu dituzte.