Gamesaren itxieraren kontra

Guaixe 2020ko uzt. 10a, 10:23
Lantegiaren paren haien "gurutzebidea" islatu dute langileek.

'Gamesa ez itxi. Kaleratzerik ez' leloa duen manifestazioa Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da larunbatean, 18:00etan.

Gamesa-Siemens enpresak joan den astean jakinarazi zuen Agoitzen duen lantegia itxi, eta 239 langile kalera bidaliko dituela. Agoizko lantegi horretan hainbat sakandar daude lanean, Gamesak Altsasuko lantegia itxi ondoren, hara lekualdatzeko aukera onartu zutenak. Guztira 40 bat dira han lanean ari diren sakandarrak. Enplegu Erregulazio Espedientea indarrean jarri aurretik hilabete bateko kontsulta epea dago eta hura herenegun abiarazi zuten, zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko bilera egitean. 

Langileek ordezkariek (ELA 6, LAB 4, UGT 2 eta CCOO 1) erabat arbuiatu dute enpresak aurkeztutako itxiera planteamendua. Espedientea erretiratzea eta lantegiari irtenbidea edo alternatiba bilatzea eskatu dute. Langileen iritziz, deslokalizazio kasu bat da gertatutakoa. Haien iritziz, lantegia lehiakorra eta produktiboa da. Salatu dutenez, enpresak emandako arrazoiek ez dutela inola ere justifikatzen Agoizko lantegia ixtea.

Agoizko lantegiak 10 urte baino gutxiago ditu. Nafarroak automobilgintzarekiko duen mendekotasun handiaren alternatiba gisa eraiki zen, inguruko industria-sarea indartzeko asmoz. 64,5 milioi euro inbertitu zituzten lantegian, eta horietako asko Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntzak izan ziren. Horregatik, langileek gobernuari eskatu diote enpresari eska diezaiola espedientea kentzeko eta lantegirako industria-proiektu bat bilatzeko.

Enpresa batzordeko kideek gaztigatu dutenez, lantegiak ia 400 langile zituen joan den urtean, eta aurreko urteekin alderatuta, bikoiztu egin zen ekoizpen-ahalmena. Ia 300 pala ekoiztu zituzten, eta enpresak bosgarren txanda bat ezarri behar izan zuen. Lantegiaren ekoizpen-kalitatea eredugarria dela nabarmendu dute langileek, eta taldeko gainerako instalazioetarako erreferentea izan da. Ez dute arrazoizkoa ikusten enpresa ixtea, 2021eko irailera arte lan karga handia duela kontuan izanik.

Zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko hurrengo bilera ostegun eguerdian izanen da. Aurretik, gaur, 10:00etan, langileen ordezkariak Izaskun Goñirekin, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusiarekin, bilduko dira. Ordu berean langileek kontzentrazioa eginen dute Iruñeko “eraikin adimentsuen” kanpoko aldean.