Agoizko Gamesaren itxierak makina bat sakandar langabezian utziko ditu

Guaixe 2020ko uzt. 3a, 11:54
Agoizko lantegiko enpresa batzordeak hainbat mobilizazio iragarri ditu. Besteak beste, hilaren 11n, larunbatarekin, 18:00etan, Iruñeko autobus geltokitik aterako den manifestazioa.

2010ean Gamesak Altsasuko fabrika itxi zuenean hainbat sakandar Agoitzera joan ziren lanera eta 10 urte beranduago kalean geratzeko arriskuan daude. Langile Batzordeak enpresa ez ixteko borrokara deitu du.

Astearte iluntzean jakin zen albiste gogorra, Siemens Gamesak Agoizko lantegia itxiko zuela. Enpresak hartutako alde bakarreko erabaki hau salatzean bat egin dute langileek, sindikatuek eta instituzioek. Halaber, enpresak atzera egin eta fabrikak irekita jarraitzeko ahalegin guztiak egingo dituztela nabarmendu dute alde guztiek. 

Altsasuko fabrikatik Agoizkora
Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegian 239 langile ditu eta tartean makina bat sakandar daude. Izan ere, Gamesak 2010ean 150 langile zituen Altsasuko lantegia itxi zuenean, urte horretan bertan ireki zuen Agoizko lantegian jarraitzeko aukera eman zien Altsasuko lantegiko 55 langileei (eta Imarkoainera beste 14ri), eta hala egin zuten hainbatek. 10 urte beranduago, egoera berberean daude langile sakandar hauek. Berdinean ez, okerragoan, Siemens Gamesak azaldu baitu Agoizko enpresa ez dela lehiakorra eta enpresa itxi egingo duela, langile guztiak kaleratuz. Okerrenean ere, langileei ez zaie beste enpresa batera lekualdatzeko aukerarik eman. 

Enpresaren arrazoiak eta Portugalgo lantegia
Siemens Gamesak astearte iluntzean igorritako mezu batean eman zuen Agoizko lantegia isteko erabakiaren berri. Erabakia hartzeko lehiakortasun eta kokapen arrazoiak eman zituen. Besteak beste, “Agoizko lantegiak kostu handiagoa duelako eta kokapen geografikoa kontuan hartuta portu gertuenetik 200 kilometrora dagoelako” itxiko du Siemens Gamesak Agoizko lantegia, “esportazioetarako lehiakorra ez delako” eta “epe luzean bere lehiakortasuna hobetzeko”. Ildo honetan, jakina da Siemens Gamesak Portugalen, Vagos herrian fabrika bat erosi berri duela, Aveiroko portutik kilometro eskas batera, eta enpresa horretara lekualdatzea egin nahi dela uste dute langileek eta sindikatuek, deslokalizazioa, finean.

Siemens enpresak 2017an erosi zuen Gamesa, eta Langile Batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuaren ustez, deslokalizazioaren abiapuntua Siemens multinazionalak kontrola hartu zuenean sortu zen. ELA sindikatuaren iritziz, Agoizko lantegia bideragarria da eta lan karga du. Fabrika oraindik martxan dago eta langileak lanean daude. Aurreko astean enpresak Langile Batzordeari urte osorako lan karga ziurtatua zutela jakinarazi ziola gaineratu du ELA sindikatuak. 

Enpresa ez ixteko borroka egiteko deia
Langile Batzordeko Alfonso Poyo presidenteak (ELA) argi eta garbi utzi du “fabrika lekualdatze argi bat” dela, Agoizko fabrika ez dela itxiko “borrokarik gabe” eta sindikatu guztiak “ados” daudela. “Lantegiari eta lanpostu guztiei eutsi nahi diegu. Hori da gure helburua, eta gure lantegiari zabalik eusteko ezer ez dugu baztertzen” azaldu du Poyok.