txirrindularitza

Burundak denboraldi atipikoa aurkeztu zuen

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 20a, 11:54

Larunbatean 2020 denboraldiko taldeak aurkeztu zituen Burunda Txirrindularitza Klubak Altsasun. Guztira 47 gazte trebatuko dira, eskola, kadete eta junior mailetan. Bihar, larunbata, eskolen mailako lasterketa antolatuko dute Urdiainen

Ezohiko datan eta maskarak jarrita, denboraldi atipiko honen aurkezpena egin zuen larunbatean Burunda Txirrindularitza Taldeak. Hasieran, argazkien txanda izan zen Iortia kultur guneko zabalgunean. Distantzia hartu eta gero, maskarillak kendu eta talde argazkiak egin ziren: promesak, hasiberriak, kimuak, haurrak, kadeteak eta jubenilak. Ondoren, atzera ere, maskarak jantzi zituzten; talde guztien argazkia maskara jantzita egin behar izan zen aurten. 

Babesleei eta familiei eskerrik beroenak
COVID-19 birusa agertu ondoren Iortia Kultur Gunean egiten zen lehen ekitaldia izan zen Burunda aurkezpena. Juanmari Guajardo speaker ezagun altsasuarrak gidatu zuen ekitaldia, umorez zipriztinduta, eta Javier Ollo alkatea oholtza gainera igotzera gonbidatu zuen. Hark Burunda klubaren lana eskertu, eta ekitaldia zeinen ondo antolatu zuten goraipatu zuen, segurtasun neurri guztiak bete baitziren. Gorka Mintegi, Burundako idazkaria elkarrizketatu zuen segidan Guajardok. Klubeko babesle eta esponsorrak eskertu zituen, euren laguntzarik gabe taldea ateratzea ezinezkoa baita. Familiek duten inplikazioa eta egiten duten lana azpimarratu zituen ere, eta Burundako familiara ongi etorria eman zien aurten klubean hasi diren sei familiei. “Uste dut guztiok egiten dugula posible, modu batera edo bestera, neska-mutiko hauek txirrindulari izatea. Dagoeneko denboraldi erdian egon beharko ginateke baina aurtengo denboraldia atipikoa da. Hala ere, ilusioa badugu, babesle berriak ditugu eskoletan, eta gogotsu gaude” nabarmendu zuen Mintegik. Irrikitan, irrikan irrikaz 

Aurten 43. denboraldiari ekingo dio Burunda Txirrindularitza klubak, eta 47 txirrindulari trebatuko dira bertan. Eskoletako babesle nagusiak Quesos Albeniz, La tasca de don Jose, Katealde eta Garaje Urbasa dira, eta kadeteena eta juniorrena Quesos Albeniz eta Makor. Maillot berria estreinatu dute txirrindulariek. “Hain zuzen ere maillot berriak oraindik iritsi ez zirelako ez genuen aurkezpena lehenago egin; gero osasun pandemia iritsi zen, hain justu martxoaren 15ean jubenilen lasterketa genuen Altsasun, eta bertan behera geratu zen guztia” azaldu zuen Mintegik. Arrazoi berberagatik ere bertan behera geratu dira Burundak antolatzen dituen kadeteen hiru lasterketak -Altsasun, Urdiainen eta Iturmendin–, eta jubenilen Altsasuko lasterketa. Hala ere, gutxika “argia ikusten” ari direla nabarmendu zuen Mintegik, eta osasun egoeraren aurrean arduratsu jokatu beharra nabarmendu zuen eta lasterketetako antolatzaileei kasu egitea eskatu zuen. 

Ateak zabalik
Mintegiren hitzekin bat egin zuen Oscar Guerrero Burundako presidenteak. “Kirolariok gizartearendako adibide izan behar dugu. Klubean arduratsuak izan gara, eta hala izaten jarraituko dugu. Nafarroako Txirrindularitza Federazioak segurtasun protokolo oso zehatzak zehaztu ditu eta bete behar ditugu, osasun egoerari behar bezala erantzuteko; Burunda serioa eta arduratsua da” nabarmendu zuen. Halaber, Burundak ateak zabalik dituela berretsi zuen. “Jende berria etortzen bada, eroso senti daitezen nahi dugu; kirol honetan aritu nahi badute, guk ahal dugun guztia emango diegu. Ongi etorriak dira txirrindularitzan murgildu nahi duten guztiak. Etor daitezela, klubean lantzen diren balioak bereganatu ahal izango dituzte, klubak dituen 43 urteetan nire balioak izan direnak. Burundan ez gaude lasterketak irabazteko; txirrindularitza sustatu nahi dugu. Badakigu oso kirol lehiakorra dela eta denoi irabaztea gustatzen zaigula, baina gure helburua ez da irabaztea. Hemen, euren bidea egin eta gero, txirrindulariek klubaz eta txirrindularitzaz gozatu izana espero dugu, esperientzia bikaina izatea. Gainera, txirrindularitzan landutako balioak eramango dituzte, euren bizitza guztirako baliagarriak izango direnak” nabarmendu zuen presidenteak. Gogoratu zuen enpresa askok gustuko dutela txirrindulari izandako edo txirrindulari diren langileak izatea, “dituzten balioengatik: ordena, sakrifizioa, konstantzia... badakite ongi erantzungo dutela”. 

Junta
Burundako zuzendaritzan Oscar Guerrerok jarraitzen du presidente lanetan, Iñaki Lasa presidenteordearen, Gorka Mintegi idazkariaren eta Ismael Perez diruzainaren laguntzarekin. Joxean Begiristain, Goyo Chamorro eta Pablo Urtasun dira bokalak.


 

BURUNDA TXIRRINDULARITZA TALDEA 2020

ESKOLAK (32): 
Promesak (3): Javier Ramirez de Alda Rojas, Joritz Claver Flores eta Irati Agirre Muñoa. Entrenatzailea: Xabier Ramirez. 
Hasiberriak (10): Daniel Curiel Peña, Asier Galarza Zubiria, Adei Marañon Lakunza, Iker Agirre Muñoa, Enara Perez Barrenetxea, Aitor Piedra Ortellano, Ekaitz Zufiaurre Goikoetxea, Egoi Urtasun Etxeberria, Ezkai Lakunza Arza eta Markel Urteaga Zelaia. Entrenatzaileak: Miguel Lakunza eta Damian Urteaga. 
Kimuak (9): Xabier Curiel Peña, Unai Gomez Lopez de Goikoetxea, Asier Flores Agirre, Markel Lizarraga Lopez de Goikoetxea, June Franco Garziandia, Alex Gonzalez Juanez, Gabriel Gonzalez Juanez, Aitzol Hernaz Iraola eta Ibai Galarza Zubiria. Entrenatzaileak: Iker Flores, Silvia Perez eta Borja Gonzalez. 
Haurrak (10): June Etxeberria Anton, Ekaitz Perez Barrenetxea, Ekain Imaz Perez, Hegoi Garcia Duran, Oihan Hernaz Iraola, Andoni Yerai Bedoya Morales, Ion Aierbe Senar, Iker Begiristain Andueza, Pablo Senosiain Galarza eta Iker Gomez Lopez. Entrenatzaileak: Ismael Perez Auzmendi eta Ruben Garcia. 

KADETEAK (8): Asier Etxeberria Anton, Mikel Regil Fernandez, Iker Agudelo Razkin, Joseba Ortigosa Gonzalez, Julen Guerrero Carrasco, Ander Villalobos Hernanz, Mikel Uncilla Aldasoro eta Unax Trevejo Rodriguez. Entrenatzaileak: Ion Irigoien Fresneda eta Tomas Martinez Viedma. 

JUNIORRAK (7): Oihan Etxeberria Anton, Ion Chamorro San Martin, Hugo Aznar Vijuesa, Sergio Lopez Pelegrin, Iker Mintegi Claver, Unai Aznar Vijuesa eta Willy Ismael Torres Lucero. Entrenatzaileak: Eneko Vilar Sisamon eta Alex Uncilla Aldasoro. 

 

Erlazionatuak