Udalek Siemens Gamesako Agoizko langileei elkartasuna adierazi diete

Guaixe 2020ko uzt. 23a, 19:16
Altsasuko lantegian lan egin ondoren Agoitzen lanean ari diren langileak.

“Gure elkartasuna adierazi nahi diegu enpresa-erabaki honek eragiten dien langileei, haien familiei eta, oro har, eremu osoari ere bai, oso zigortuta baitago despopulazioagatik. Gure babesa eman nahi diogu maila sozial eta lokalean ezinbestekoak diren lanpostuak mantentzeko egiten duten borrokari”.

Siemens-Gamesak Agoizko lantegia itxiko duela eta 239 langilek kalean bukatu dezaketela jakinik (haien artean Altsasuko lantegian izan ziren 40 langile), Etxarri Aranazko eta Ziordiko Udalek elkartasun adierazpena onartu dute. Bi udalek diotenez,  enpresaren erabakiak “zuzenean” eragiten die, “Agoitzen eta Nafarroa osoan kezkatzen gaituzte soilik onurak handitzeko deslokalizazioan oinarritzen diren enpresa-erabakiaren ondorio larriak”.

Etxarri Aranazko eta Ziordiko Udalek gogorarazi dute COVID-19 gaitzaren ondorioz “gizarte eta ekonomia krisia” bizi dugula. “Politika publikoaren erdigunean pertsonak jarri behar dira, eta sektore pribatuekin batera indarrak batu, bertako ekonomiari eta Nafarroako biztanleen lanpostuei tinko heltzeko. Siemens-Gamesaren erabakia kolpe gogorra da, eta horren aurka egin behar dugu”. 

Bi udalek kezka adierazi dute: “kezkagarria da enpresak daukan erraztasuna joan den urtean 140 milioi euroko mozkin garbia izan zuen lantegi bat itxi eta 239 langile kaleratzeko, are gehiago jakinda nafarren diruari esker eman zituela Gamesak lehen pausoak”. Horregatik, Nafarroako Gobernuari egoera horretan esku har dezala eskatu diote, “Agoizko lantegiko ekoizpena eta langileria manten ditzan”. 

Aldi berean, Etxarri Aranazko eta Ziordiko Udalek langileak babestera animatu dituzte herritarrak, haiek deitutako mobilizazioetan parte hartuz. Beti ere, beharrezkoak diren osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuz.