Mank-ek 24.360 kilo artile jaso ditu

Guaixe 2020ko ira. 9a, 10:04
Artile metan pala kargatzen.

Aurreneko aldiz bildu du, eta emaitzarekin “pozik” daude arduradunak. Artaxoako enpresa batera eraman dute konposta egitean egituratzaile bezala erabiltzeko.

Artaldea duten 31 sakandar Arbizuko transferentzia gunetik pasa ziren ostegunean eta ostiralean. Haiek eramandako 24.360 kilo artilerekin bi gabarra bete eta Artaxoako Ecofert Sansoain SM enpresara eraman zituzten. Jasotako artilea garbi zegoenez, konposta egiteko egituratzaile gisa erabili dute dagoeneko. Artilea eraman zutenek hondakina kudeatzeagatik kiloko 80 zentimo ordaindu behar izan zituzten. Tasa horrekin garraioa eta konpost plantako gastuak pagatu ziren. 

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketa Zerbitzuko arduradun Olatz Garde Mazkiaran aurreneko bilketak izandako emaitzarekin “pozik” daudela jakinarazi du. “Etorri zirenek artilea ongi kudeatzeko nahia erakutsi dute”. Gardek aitortu du azken momentuan jakinarazi zietela ardien jabeei bilketa noiz eginen zuten bilketa. “Aurretik 60 etorriko zirela esan baziguten ere, 31 etorri ziren. Parte hartze handia da eta ongi dago. Baina batzuek aurtengo eta iazko artilea ekarri zutenez, kopuru aldetik aurreikuspena bete zen”.

Halako bilketa egiten dugun lehen aldia da, eta jendeak aurrerago bat eginen duela espero du Gardek. “Nafarroako Gobernuak jakinarazi zigunez, 191 sakandarrek dituzte ardiak. Haiekin harremanetan jarri eta hainbatek dagoeneko saldoa utzia dutela jakinarazi ziguten. Hala ere, aztertzen ari gara aurten beste bilketa bat egitea”. 

Bertan? 
Transferentzia gunean hasiak dira konpost planta egiteko lanak. Hura despeditu ondoren artilea bertan kudeatuko den galdetuta, Gardek esan duenez, “lehenik proba eginen dugu, eta baimena eskatu dugu. Hemen hiri hondakinen konpostatzea bermatu behar dugu. Moduren bat baldin badago artilea erabiltzeko eta hiri hondakinen kudeaketan eragin negatiborik sortzen ez badu, aurrera eginen genuke”. 

Erlazionatuak