“Gela guztien garbiketa sakona egin behar da”

Guaixe 2020ko ira. 4a, 11:52
Ainhoa Mundiñano Iñigo Aritza ikastolako gela garbitzen.

Ainhoa Mundiñano Iñigo Aritza ikastolako garbitzailea da. Aurreko ikasturtean hasi zen garbitzaile, ordezkapen bat egiteko. Gaur hasiko den ikasturtea prestatzeko asteartean hasi zen lanean. 

Pandemia garaian zein lan egin duzue? 
Gelak desinfektatzen egon gara, armairu denak mugitzen… Garbiketa sakonagoa egiten egon gara. Zuzendaria-eta lanera joaten ziren, beraz, gu ere joan behar genuen. Hura ere garbitu behar zen. Ez dugu atsedenik izan. 

Lan karga handitu du gaitzak. Eta zuek nola moldatuko zarete?
Dena egunero garbitu behar da. Zuzendaritza aztertzen ari da gure kontratua luzatzea edo beste pertsona bat kontratatzea. 

Zein garbiketa egin behar dira zehazki?
Goizetan komunak eta pasabideak egin beharko direla uste dut. Atzoko zuzendaritza bileran aztertu behar zuten hori. Gela guztiak egunero garbitu behar dira: mahaiak, aulkiak, ateak, lurrean erratza eta zoru-garbigailua pasatu… Gela guztien garbiketa sakona egin behar da. Eta zikloak taldetan banatuta daudenez, ordutegi desberdina dutenez, lana egonen da.  

Zuen burua gaitzetik babesteko zein protokolo duzue ikastetxetako garbitzaileek?
Ikastolan sartu aurretik eskuak garbitzen ditugu. Musukoa etxetik jarrita eramaten dugu. Ikastolan sartzean eskuak garbitu, eskularruak jarri eta maskara jarrita aritzen gara lanean. Gelen garbiketan banaka aritzen gara. 

Zuen antolaketa aldatu da?
Lehen gela batean binaka edo hirunaka aritzen ginen, azkarrago aritzeko. 

Produktu berezirik erabili beharko duzue orain?
Lixiba berezi bat eta ura. Gelak daude. Papera eta trapuak. Baina ia-ia dena paperarekin garbitzen dugu, behin erabili eta botatzeko. 

Ama ere bazara. Zer sentipen ikasturte hasiera honetan?
Ama bezala, gogoz. Ikastea behar dute, eta haurrak haurrekin egotea. Ikastolako gurasoak ere auzolana egin genuen larunbatean: gelak margotzen, pasabideetako joan-etorriak arautzeko geziak jartzen. Bihar ere auzolana dugu ikastolan. Eta auzolan egunaren ondorengo egunean garbiketa sakona egin behar izaten dugu.