Pilota

Ezkurdiaren aukera gaur Ziordian

Guaixe 2020ko ira. 7a, 12:28

Masters CaixaBank Torneoko 12. jardunaldia isten duen partidan Ezkurdiak eta Arangurenek Urrutikoetxea eta Irribarria ordezkatuko duen Bikuña  izanen dituzte aurkari gaur Ziordian 20:00etan hasiko den jaialdian. 

Masters CaixaBank Torneoko 12. jardunaldia gaur despedituko da, Ziordian. Egunotan herriko festak behar zuten izan, baina aurten festarik ez, baina pilota jaialdi profesionala ekartzea erabaki dute ziordiarrek. Sarrerak salgai daude entradasfronton.com webgunean edo Ziordiko pilotalekuan (25 euro). Arratsaldeko zortzietan hasiko den jaialdian, COVID-19aren eragina nabaritu da eta antolatzaileek aldaketak egin behar izan dituzte aurreikusitako programan. Horrela, lehenik eta behin Bengoetxea VI.a eta Larunbe Peio Etxeberriaren eta Ladis Galarzaren kontra ariko dira. Ondoren, Masters CaixaBank Torneoko partidan, Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Aranguren Urrutikoetxearen eta Irribarriaren tokia hartuko duen Bikuñaren kontra neurtuko dira. Irribarriari Artolari gertatutako oso antzeko kasua gertatu zaio: koronabirusan positiboa eman duen pertsona batekin harremanetan egon da, eta, nahiz eta inolako sintomarik ez izan, protokoloa jarraituz, etxean dago bakartuta. 

Torneoko finalerdietara sailkatzeko aukera izateko, irabaztea eta euren 7. puntua lortzea ezinbestekoa dute Ezkurdiak eta Arangurenek. Printzipioz beraiek dira faboritoak, baina Urrutikoetxeak eta Irribarriak aurreko astelehenean torneoko euren lehendabiziko garaipena eta puntua lortu zuten, eta horrek animoa eman die. Beraz, edozer gerta daiteke gaur  Ziordian. 

Zabaleta finalerdiei begira eta Martija gertu
Torneoko gainontzeko partidetan, Olaizola II.ak eta Zabaletak garaipen oso garrantzitsua lortu zuten Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra larunbatean Lezaman. Zabaleta ikusgarri aritu zen, eta Olaizola II.ak aurreko koadroetan agindu zuen. Azkenean, 22 eta 13 gailendu ziren. Bestalde, Oinatz Bengoetxeak eta Martijak sailkapenean gora egiteko aukera paregabea galdu zuten. 14 eta 22 galdu zuten Peio Etxeberriaren eta Albisuren kontra, kontra jarri zitzaien partidan. Bukatzeko, Altuna III.ak eta Imazek 22 eta 20 irabazi zieten Artola ordezkatu zuen Peñari eta Rezustari, partida oso estuan. 

Sailkapena
Gaurko Ziordiko partidaren emaitzaren faltan, estu-estu dago Masters CaixaBank Torneoa. Artolak eta Rezustak jarraitzen dute lider (10 puntu), 2 puntura Altuna III.a-Imaz eta Olaizola-Zabaleta dituztela (8na puntu). Nahiz eta asteburuko partida galdu, 4. postuan jarraitzen dute Bengoetxea VI.a-Martijak (7 puntu). Gaurko emaitzaren faltan, 5. postuan daude Ezkurdia-Aranguren (6 puntu) eta 6. postuan Jaka-Albisu (6 puntu). Bukatzeko, Elezkano II.a-Aretxabaleta 7. postuan daude eta Urrutikoetxea-Irribarria 8. postuan, puntu banarekin. 

Erlazionatuak

Festak bertan behera

Guaixe 2020 ira 07 Ziordia