Festak bertan behera

Guaixe 2020ko ira. 7a, 10:04

Toki Eder frontoia berrituta.

Gaurko pilota jaialdirako azken sarrerak enpresaren bidez edo frontoian salduko dira.

Ziordiko Udala Toki Eder frontoian egindako lanak maiatzaren 1ean mustutzekoa zen, baina COVID-19 gaitzagatik atzeratu egin zen. Festak bertan behera gelditu badira ere, pilota jaialdi batek mustuko du astelehenean, 20:00etan: Laso-Larunbe / P. Etxebarria-Ladis Galartza lehenik, eta, ondoren, Urrutikoetxea-Bikuña / Ezkurdia-Aranguren. Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu digunez, “Baikoren eskaintza ona jaso genuen. Astelehena delako eta herrian jende pilaketa handirik sortuko ez delako onartu genuen. Hori bermatu nahi baitugu festak ez antolatuz. Asteburuan balitz, bestela, ezezkoa emanen genion. Bestela ere, tokia mugatua izanen da eta osasun segurtasun neurriak bete beharko dira”. 

Alkateak gaineratu duenez, “festak bertan behera gelditzen direnean, haur, gazte eta helduek mugitzeko beste alternatiba batzuk ditugu. Baina adinekoek ez. Beraiek dira herria festarik gabe uztearen ondorioz kaltetuenak. Pilota jaialdiak haiendako alternatiba bat izan nahi du. Ahalegin kolektiboa aitortzeko modu bat ere bada”. Bestela, festak beharko luketen egunetan bi ekitaldi ofizial izanen dira bakarrik, biak ere asteartean: joan den urtean jaiotako ziordiarrei herriko ttattarra ematea eta bi adinduri aitortza egitea. 

Erlazionatuak

Ezkurdiak Ziordian jokatuko du

Maider Betelu Ganboa 2020 ira 02 Ziordia