San Migelen bederatziurrena gaur hasiko da

Guaixe 2020ko ira. 21a, 12:19
Aralarko aingeruaren irudia gurtzen. Artxiboa

Aralarko santutegian egunero, 18:00etan, meza izanen da, 29ra arte. COVID-19agatik San Migel egunean santutegiak jendetzarik ezin izanen duenez hartu aurreko egunetan joatea gomendatu dute.

Jendeak San Migeli dion debozioa argi eta garbi ikusten da urtean zehar. Baina San Migel egunean, irailaren 29an, are gehiago nabarmentzen da. Aralarko Santutegian jendetza pilatzen da goizean-goizetik, meza entzun eta ondoren aingeruaren irudia gurtzeko. COVID-19 gaitza ez zabaltzeko osasun arloko agintariek makina bat neurri ezarri dituzte, haien artean gurtza tokietan jende pilaketak saihesteko edukiera erdira murriztea. Horrekin jende pilaketak saihestu eta pertsonen arteko distantziak mantendu nahi dituzte, pandemia hedatu ez dadin. 

Osasun araudira egokitu dira Aralarko santutegian ere, eta ezin izanen da jende pilaketarik izan heldu den asteartean, San Migel egunean. Horregatik, goiaingeruaren debotoei eskatu diete aurretik antolatu diren elizkizunetara joateko, jende guztia 29an ez joateko. San Migelgo bederatziurrena gaur hasi eta heldu den asteartera arte izanen da. Egunero, 18:00etan, meza izanen da Aralarko santutegian. Elizkizun bakoitzaren ondoren aingerua gurtzeko aukera izanen da. Baina ez ohi bezala, musu emanez. Fededunak burua makurtuko du eta irudia daramanak haren parean gurutzearen seinalea eginen du. 

Aurreko urtetan asteburuan ospatu eta gero, San Migelgo jai nagusia aurten asteartez da. Mezak 09:00etan, 10:00etan, 11:00etan eta 12:30ean izanen dira. Azken hori meza nagusia izanen da eta  Francisco Perez Gonzalez artzapezpikuak zuzenduko du. Elizkizun horretan berreskuratu duten aldare aurre-erromanikoa sagaratuko dute. Astearte arratsaldean santutegiak beste bi meza hartuko ditu: 17:00etan eta 18:00etan. Gainera, egoera berezia kontuan hartuta, aurten 19:30ean beste elizkizun bat izanen da: Uharte Arakilgo elizan. Meza horretan Aralarko aingeruaren irudia aldarean izanen da eta akaberan hura gurtzeko aukera izanen dute fededunek. 

Bertan behera 
Azkenean, aurten ez da haurrak San Migel aingeruari aurkezteko ekitaldirik eginen. Garilaren 19an egitekoa zen, baina COVID-19 gaitzagatik bertan behera gelditu zen. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak udazkenean egiteko aukera aztertu du, baina, azkenik, bertan behera gelditu da. Gauzak ongi, 2021eko garilaren 19an izanen da aurkezpen berria. 

Bestalde, garai batean San Migel egunaren biharamunean, irailaren 30ean, meza nagusia egiten zen Aralarko santutegian. Haren bidez, azken urtean hildako Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako, Anaitasuneko kideen eta Ongile guztiak zituzten gogoan. Jendearen parte-hartzea errazteko asmoz elizkizun hori lastaileko aurreneko igandera pasa zuten. Gainera, Gaudeamus abesbatza gregorianoak abestu ohi du elizkizunean. Baina kofradiatik jakinarazi dutenez, aurten ez da halakorik izanen. 

120 
Edukiera erdira murriztu ondoren, santutegian sartu daitezken pertsonak. Betetzen denean ezin izanen da sartu.