Ugatza dago Aralarren

Guaixe 2020ko urr. 1a, 10:05

Ugatza hegan.

Pirinioetatik hedatzen ari da hegazti harraparia. Dagoeneko Nafarroako bederatzi eskualdetan dago.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren ardura da Nafarroako ugatza berreskuratzeko plana aplikatzea, eta, populazio ugaltzaile horren jarraipena egitea. Departamentuak jakinarazi duenez, ugatza presente dagoen bederatzi eskualdeetatik zazpitan arrautzak errun zituzten eta martxoa eta apirila bitartean jaiotako lau kumek, hegan egitea eta habia uztea lortu dute uda akaberan; eta gazteen sakabanaketa hasi da. Ugatzak hartzen dituen bederatzi lurraldeen artean Aralar dago. Teknikarien ustez, datu hori espeziearen lurralde-hedapenaren zantzu bat da. 

Ugatzak urtetan bizi daitezke. Bere biziraupena, bere ugalketa tasa baxua, bizi-itxaropen luze batekin konpentsatzean oinarritzen da. Urtero araldia udazkenaren akaberan hasten da, eta, dena ondo garatzen bada, otsailetik apirilera bitartean jaiotako kumeak hurrengo urteko gariletik agorrilera arte ez dute hegan egiten. Habiatik erorikoak eta askotan alferrik galtzen dituzten beste natura arrazoi batzuk gaindituz, hegan egitea lortzen dutenean, txitek habia utzi eta sakabanatzen dira. 7 urterekin ugaltzeko adinera iristen dira eta, normalean, jatorrizko lurraldeetara itzultzen dira hazteko.

Aralarren
Ugatza aurten hazten saiatu den lurraldeetako bat Aralar izan da, espezie horren hedapen naturalean kolonizatu zen Pirinioez kanpoko lehen lurraldea. Lurralde horren kolonizazioaren historiak lurralde berri baten sorrerak har dezakeen zailtasunaren eta denbora-tartearen ideia bat eman dezake, eta, horrekin batera, espezie hori Pirinioetatik kanpo modu naturalean hedatzea.

Kiriku izeneko ugatza 2006an jaio zen, Arbaiunen, eta 2012. aldera Aralarren kokatu zen, helduarora iritsi zenean. 2017an hirukote kooperatibo bat osatu zen beste ar batekin eta eme batekin (Muel), 2016an Aragoin 6 urte zituela markatutakoa. 2019ko denboraldian, emeak lehenengo errunaldia egin zuen, baina inkubazioan porrot egin zuen. Azken denboraldi honetan, kume jaiotzera iritsi zen, baina habiaren erorketa batek, hegan egitea eragotzi zuen.

Nafarroak ugatzaren hirugarren populazioa du Pirinioen hegoaldean, Huesca eta Lleidaren oso atzetik. Hala ere, Foru Komunitatearen kopuru-garrantzia estatuko biztanleriaren % 6,3ra soilik iristen bada ere, espezie hori Foru Komunitatean egotea funtsezkotzat jotzen da, korridore naturala baita espeziea Espainiako iparraldeko mendialdeetara hedatzeko, Pirinioak Kantauriar mendilerroarekin eta Iberiar Sistemaren iparraldearekin lotuz.


Ugatz kumea.

Elkarlanean 
Pirinioetako bi aldeetako erakundeak Interreg-Poctefa ECOGYP “zerbitzu ekosistemikoak, harrapari nekrofagoak eta habitatak” proiektua garatu dute 2017. eta 2019. urteen artean. Egitasmoaren barruan aztertu dituzten espezie nekrofagoak izan dira ugatza, sai zuri arrunta, sai arrean eta sai beltza (nekrofago zorrotzak) eta miru gorria, (nekrofago fakultatibo gisa). Egitasmoa ixteko lanaren alderdi garrantzitsuak laburbiltzen dituzten bi argitalpen egin eta argitaratu dituzte formatu digitalean.

ECOGYP proiektua, Landa Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) elkarrekin finantzatua, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Kudeaketa Sozietate Publikoak gidatu zuen, eta honako hauek hartu zuten parte bazkide gisa: Aragoiko Gobernua, Arabako Foru Aldundia, HAZI-Gipuzkoako Foru Aldundia Fundazioa, Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO/BirdLife) eta Fundació Catalunya La Pedrife.

Erlazionatuak