Sormena landu multimedia aldizkaria sortzeko

Guaixe 2020ko urr. 14a, 15:08
Ikasleak Iortia kultur gunean, aldizkari digitala nola egin ikasten ZUT aldizkari digitaleko ordezkariekin.

Altsasu institutuko DBHko 3. mailako lau taldeak, 80 ikasleek, aldizkari multimedia sortuko dute ‘Sormen digitala’ irakasgai berriaren bidez. Nafarroako beste sei ikastetxerekin batera ikasleek euskal kulturaren ezagutza landuko dute sormen artistikoaren bitartez.

Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuan ikasleek haiek sortutako edukiak aldizkari digital batera nola igo ikasi zuten herenegun. Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalak diseinatutako Sormen digitala irakasgaiaren jarduera osagarrietako bat zen trebakuntza saio hori. Ikastaroan gazteei gidoiak nola egin; plano orokorrak, amerikarrak eta plano motzak nola tartekatu; leku argietan eta leku ilunetan nola grabatu; grabazioetan soinua eta musika nola txertatu eta mugikorrarekin grabatzeko programak nola erabili irakatsi zieten.

Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalaren fruitua da Sormen digitala irakasgaia. Hango kide da Alberto Barandiaran Amillano eta, azaldu duenez, “euskal kultura transmititzeko modu berri bat bilatzen hasi ginen, eta ikusi genuen ikasgeletan sormena lantzea izan zitekeela aukera bat. Ikasleen interesa piztu genezakeela esanez: begira zer dagoen, zer musika, zer literatura, zer ikus entzunezkoak. Orain, hartu eta egin ezazue zuen modura bertsio bat, edo sortu bideo poema bat, edo egin koreografia bat ikusi duzuen arte lan horretan oinarrituta”. Sortutako guztia grabatzea eta harekin aldizkari digital bat osatzea, telefonoan ikusteko modukoa. Barandiaranek laburbildu duenez, “ikasleen arreta erakarri nahi genuen, eta, era berean, curriculumean dauden gaitasun batzuk garatu”. 

Odeia Aiestaran Auzmendi institutuko koordinatzailea da eta esan duenez, “oso erakargarria” iruditu zitzaien. “Gehienbat proiektuaren asmoa bikoitza delako: alde batetik, sormena lantzea, eta, beste aldetik, euskal kulturaren transmisioa egitea. Hori kontuan izanik, ikasleek aukera berriak izanen dituzte ekoizpen edo produktu kulturalak sortzeko. Bestetik diziplinartekotasunak aberastasuna ematen die ikasgaiei”.

Irakasgaiak ikasturte osoko iraupena du eta hainbat urteetan garatu behar da. D ereduko zazpi ikastetxetan ematen ari dira, aurretik “sormenari buruz lanketa batzuk egin dituztelako hautatu genituen”. Ikastetxeek irakasgaia hautazko gisa edo diziplinarteko proiektu gisa eskaini dezakete. Altsasun azken aukera horren alde egin dute eta, ondorioz, teknologia, plastika, euskara, musika eta gorputz hezkuntza mintegietako zortzi irakasleak koordinatzen dira gaia bere ikasgaietan lantzeko. 

Nola?
Euskara Atalekoek irakasleen esku lau tailer utzi dituzte. Barandiaranek azaldu duenez, “tailerrak ideia batetik abiatzen dira, euskal kulturaren sorkuntza proiektu batetik (Handia filma, Txoria txori kantua, txalaparta edo frontoia) eta gero aukera ematen zaie hainbat diziplinatik zehar gai ugari lantzeko: komedia, tragedia, askatasuna, berdintasuna edo zentsura”. Gaineratu duenez, proposamen zehatzak eta gai ugari daude, “baina era berean oso irekia da, oso zabal eta oso sortzailea”. 

Lau tailer dira eta ebaluazio bakoitzeko tailer bat landuko dute Altsasun. Aiestaranek azaldu duenez, “ikasgai guztietako programazioarekin hobekien bat egiten duen tailerra aukeratu dugu: Ezpainzapiarena. Txoria txori kanta aurkeztu diegu ikasleei eta, bide batez, Joxean Artze eta Laboari buruzko azalpenak osatu ditugu denon artean”. Horiek jasota ikasleek beraiek aipatu zuten askatasunaren gaia. “Hortik abiatuta, bost ikasgaitan, irudimenari eragin, eta ikasleak sormen prozesuan jartzen saiatu gara”. Sormenaren bidez musika, ahozkotasuna, gorputz heziketa edo teknologia lantzeko aukera eskaintzen da. Aiestaranek jakinarazi digunez, “ikasleek sormen prozesuan behar duten denbora izanen dute”.

Emaitza
Sormen lan hori aldizkari digital batera nola igo ikasteko, Zut, gazteendako aldizkari digitaleko kideen bisita hartu zuten joan den asteazkenean. Aiestaranek esan duenez, “tresnak eskura emateaz aparte, inguruko baliabideez elikatu gaitezkeela ikusiarazi digute ZUTekoek. Denok izan gaitezke sortzaileak”. Ikastetxean Ines Osinaga musikariaren bisita hartuko dute aurrerago: “sortzeko prozesua nola kudeatu jakiteko aberasgarria izanen da, zalantzarik gabe”.

Akaberako emaitza aldizkari digitala izanen da. Barandiaranek argitu duenez, “izan daitezke argazki sortak, instalazio bat, kanta baten bertsio bat, esketx bat, ikuskizun bat, elkarrizketa bat. Denetariko tokia da”. Aldizkari digitala, “printzipioz ikastetxe barruan geratuko da, edota proiektuan parte hartu duten beste ikastetxeekin ere partekatuko dugu” jakinarazi du Aiestaranek.

Barandiaranek argitu duenez, “ikastetxeek beti dute aukera nork bere intereseko irakasgaia sortu eta hautazko gisa eskaintzeko, baina Departamentuak berak diseinatutako irakasgai gutxi daude”. Joan den urtean xakearen irakaskuntzarekin lotutako irakasgai bat diseinatu zen, eta aurten Sormen digitala. “Euskaraz diseinatutakoa, lehenetakoa da hau, lehena ez bada. Proiektu pilotua da aurtengoa, eta gauzak ondo, heldu den ikasturtean ikastetxe gehiagotara zabalduko da”. Altsasun proiektuari “martxa hartzen” ari zaizkio Aiestaranen arabera: “ikasleei sortzeko gai direla sinestarazi behar diegu, eta hor beraien burua kokatzea lortu behar dugu. Behin sortze prozesuan murgilduta denok gozatuko dugu. Hori da xedea”.