Gazteendako robotika eta automatizazio ikastaroa

Guaixe 2020ko urr. 29a, 14:59
Gazteak robotika ikastaroan.

Azaroaren 7an, 10:00etatik 13:00etara, Arbizuko liburutegian. Izena emateko www.sareaneuskaraz.eus web orrira jo behar da.

Sarean Euskaraz, Euskarazko Kultura Digitalaren IV. Jardunaldiak martxan dira Nafarroan. Informazio eta komunikazio teknologien zabalkundea egin nahi dute jardunaldi horiek gazteen artean. Hainbat ikastetxeetan saioak antolatzeaz aparte, herrietan ere ikastaroak antolatu dituzten. Horietako bat asteburuan Arbizun egitekoa zen, baina azaroaren 7ra atzeratu dute. 

Robotika eta automatizazioa eta eskema elektrikoak interpretatzen ikasteko oinarrizko ikastaro praktikoa da Arbizun eginen dena. Arduino mikrokontrolagailua beste elementu elektroniko batzuekin konektatzen ikasteko aukera izanen da. Besteak beste: LED bat piztu, pultsoreak, tenperatura sentsorea, bozgorailu eta motorrak irteera gisa aktibatu eta bestelakoak egiten ikasteko aukera izanen da Protomakers taldeko kideekin. 

Altsasun ere
Azaroaren 7an, larunbata, 17:00etatik 20:00etara, 3D inprimagailuak ikastaroa izanen da Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. "Badakizu gai zarela zeure objektuak sortzeko 3D inprimagailu baten bidez? Objektu bat sortu, diseinatu eta modelatzeko prozesu guztia segituko duzu objektua inprimatu arte. Baita saretik diseinuak eskuratu eta konpartitzeko aukera ere". Doako ikastaroa da eta Joseba Senosiainek (Protomakers) emanen du.