Jon Irañeta

"Sakanako eskola ez bagenu, ez nintzateke harri jasotzailea izanen"

Maider Betelu Ganboa 2020ko aza. 10a, 12:00

Joan den urtean, 2019an, Nafarroako Harri jasotze Txapelketa irabazi zuen Jon Irañeta egiarretarrak, eta larunbatean txapela defendatu zuen Irurtzunen ateak itxita jokatu zen finalean

Larunbatean Nafarroako Harri jasotze Txapelketa eta Nafarroako Txinga-Erute Txapelketa jokatu ziren Irurtzungo pilotalekuan. Osasun neurriak direla eta, txapelketak publikorik gabe jokatu ziren. Jon Irañeta egiarretarra 2019ko Nafarroako harri jasotze txapelduna zen, eta larunbatean txapela defendatu zuen Josetxo Urrutiaren eta Alvaro Zugarrondoren aurrean. Finala jokatu baino lehen elkarrizketatu genuen.

Nola eragin du COVID-19 birusak sortutako pandemiak harri jasotzaileen ohiko prestakuntzan? 
Uste dut orohar guztiek pixka bat okerrera egin dugula. Urte zaila izan da; konfinamenduan entrenamenduak eten ziren eta ez dira festetako erakustaldiak egon. Sanferminak ez zirela ospatuko eta bertako herri kirol txapelketak bertan behera geratuko zirela jakin genuenean, entrenamendu maila jaitsi genuen. Orain Nafarroako Txapelketarako maila hartu dugu, baina ez dut uste aurreko denboraldiarekin alderatuta jasoko ditugun pisu zenbakietan diferentzia askorik egongo denik; baldin badaude, beherantz izango direla uste dut. 

Udako festetako plazak ez dira soilik erakustaldi hutsak, txapelketa ukitua badute. 
Bai, zure burua probatzen duzu. Entrenamendu sasoi batean ateratzen dituzun zenbakiak eta plazan ateratzen dituzunak ezberdinak dira. Izan ere, gela barruan aritzea edo kanpoan aritzea ez da gauza bera. Asko nabaritzen da. 

Entrenamenduko gelan plazan baino zenbaki hobeagoak egiten al dituzue?
Ez beti, plazan motibatu egiten zarelako. Jendearen aurrean zure burua gehiago estutzen duzu. Bestalde, plazan oso erraza da zerbait gaizki ateratzea, esaterako, harri bat gaizki botatzea.  Horrekin 15 edo 20 segundo galdu ahal dituzu eta guztia asko alda daiteke. Plazan, beti duzu jendearen aurreko urduritasun hori. Dena den, larunbateko Nafarroako Harri jasotze Txapelketa ateak itxita jokatuko da, eta, orduan, ez dakit. Arraroa izango da frontoira sartu eta hutsik egotea, tristea. 

"Entrenamendu gelanan aritzea edo plazan aritzea ez da gauza bera. Asko nabaritzen da. Egiten diren zenbakiak ezberdinak izaten dira"

23 urte dituzu. Nerabe zinela hasi zinen Sakanako Harri jasotze Eskolan trebatzen, Mikel Lasarterekin. Harri jasotzeak betidanik erakarri zaitu?
Ez ninduen bereziki erakartzen, baina 15 edo 16 urte nituela arratsalde batean Sakanako Harri jasotze Eskolan probatu nuen, gustura aritu nintzen eta horrela hasi nintzen. Gero eta gehiago altxatzeak, kilo gehiago... harrapatzen zaitu. 

Zer dohain behar dira harri jasotzaile izateko?
Sasoi pixka bat izatea, baina ez jendeak uste duen sasoi hori; hau da, ez duzu sekulako tipo indartsua izan behar. Indarra baino, teknika da garrantzitsuagoa harri jasotzean. Horretaz gain,  erresistentzia lantzeko mendian ibili behar da, malgutasuna landu... eta batez ere burugogorra izan behar da. 

Sakanako Harri jasotze eskolako arduradun Mikel Lasartek esaten du zuena oso kirol sakrifikatua dela, emaitzak ez direlako berehala ikusten. Oso kirol konstantea dela dio, eta maila ez galtzeko urte osoan lan egin behar dela; hau da, jarraikortasuna ezinbestekoa dela. Horregatik zenion, akaso, kirol honetan burugogorra izatea garrantzitsua zela...
Bai (kar, kar…) baina, badakizu, gustuko tokian aldaparik ez. Aste eta erdian harriak ikutzen ez badituzu, nabaritu egiten da. Gero errekuperatzen duzu, baina berehala galdu egiten da. 

Halako herri kirolak aurrera egin dezaten, ezinbestekoak dira Sakanako Harri jasotze Eskola bezalakoak?
Bai, zalantzarik gabe. Sakanako eskola ez bagenu, ez zitzaidan burutik ere pasako harri jasotzean hastea. Hemen bertan dugu, Irurtzunen, guztion eskura, eta horrela erraza da herri kirol honetan hastea. Beharrezko materiala dago, baina garrantzitsuena ondokoa da: entrenatzaile bat izatea. Harriak jasotzen erakutsiko dizun norbait ez baduzu, nola egin behar den esango dizuna, ezinezkoa da. 

“Mikel Lasartek egiten duen lana oso garrantzitsua da. Giro oso polita dugu Sakanako Harri jasotze eskolan”

Mikel Lasartek harri jasotzearen teknika erakusteko egiten duen lana oso garrantzitsua da. 
Zalantzarik gabe, lan bikaina egiten du. Sakanako Harri jasotze Eskolan, urteekin gimnasio antzekoa muntatu dugu, beroketak eta luzaketak egiteko, eta gero entrenatzeko mota guztietako harriak daude. Giro oso polita dugu. Orain hiru gaude: Berriozarko Oskar Aguas, Beteluko Josetxo Urrutia eta hirurok, eta beti pasatzen da norbait probatzera. Astean behin aritzen gara gutxienez, eta ahal bada bitan joaten gara. Ordu eta erdi inguru egoten gara, dugun animoaren arabera, beti ez baitzaude berdin. Hasieran pisu gutxi duen harri batekin beroketa egiten dugu, eta gero bakoitzak bere lana egiten du. Duzun proba edo txapelketen arabera prestatzen duzu entrenamendua. Kuboa eta bola ditut nik harri gustukoenak. 

Neska-mutiko gazteak Sakanako Harri jasotze Eskolan hastera animatuko zenituzke?
Jakina. Harri txikiekin ibiltzea ez da gehiegizkoa eurendakoa, eta sasoian egoteko modu bikaina da. Izan ere, gurean teknika asko lantzen da. Erresistentzia lantzeko mendira goaz, aldapan gora korrika egitera. Harri jasotzea kirol osoa da. 

“Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketan nabil, Urdax Magunazelaiarekin bikotea osatuta”

Iaz sanferminetan irabazi zenuen Nafarroako Harrijasotze Txapelketa. 47 altxaldi egin zenituen, eta guztira 5.337,5 kilo jaso zenituen. Josetxo Urrutiari 800 kiloko aldea atera zenion. Aurten nola ikusten dituzu Josetxo Urrutia eta Alvaro Zugarrondo arerioak?
Nik uste hirurok lan polita egingo dugula. Norberak bere zenbakiak ditu, eta hortik pixka bat gorago edo beherago ibiliko gara. Proba estua izan daiteke; azkenean ez dakigu besteak nola dauden, eta plazara atera eta txapelketa bukatu arte ez dakigu zer gertatuko den. Hiru harri erabiliko ditugu: 125 kiloko kopa edo zilindro modernoa, 113 kiloko kuboa eta 100 kiloko bola, eta bakoitzarekin 2 minutuko saioa egingo dugu. 

Zein gomendio eman dizkizu Mikel Lasartek?
Lasai egoteko, eta aste honetan gehiegi ez nekatzeko. Pixkat berotu eta askatu, baina ez nekatzeko. 
Irailean hasi nintzen txapelketa prestatzen, eta sentsazioak onak dira. 

Nafarroako Txapelketa jokatu eta gero, zein da hurrengo helburua?
Urrezko Harri jasotzaileen Txapelketan nabil. Binakako txapelketa da, eta nire bikoa Urdax Magunazelaia da. Lehendabiziko saioan ezin nintzen aritu, mina hartuta nengoelako, baina bigarren saioa nik eginen dut. 

Zorte asko, ea larunbatean, etxean, Nafarroako bigarren txapela lortzen duzun. 
Eskerrik asko! Ea larunbata aldaketarik gabe iristen den eta txapelketa jokatzeko aukera dugun. Eta txapela berritzea badugu, hobe!