'Lorerik Gorriena' publikatu dute

Guaixe 2020ko aza. 9a, 09:45
Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranburu egileek album ilustratuarekin. UTZITAKOA

2020ko Etxepare Sarietako irabazlea da Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranburu egileek sortutako album ilustratua. Txano Gorritxoren alabaren istorioa kontatzen du ipuinak. Pamiela argitaletxeak argitaratu du

Nafarroako 22 toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute urtero album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariak. Sandra Garayoa Cotera ilustratzailearen eta Itziar Otegi Aranburu idazlearen Lorerik Gorriena lanak irabazi du aurtengo edizioa. Irabazleek 5.000 euroko saria jaso zuten, egile eskubideen aurrerapen moduan, eta orain Pamiela argitaletxeak albuma argitaratu du. 

2021eko edizioa
Lorerik Gorriena 2020ko Etxepare Sarietako irabazlearen argitalpenarekin, sariketa antolatzen duten 22 toki entitateek datorren urteko ediziora begira jarri dira, eta dagoeneko oinarriak aurkeztu dituzte. Urtero bezala, Etxepare Sariketaren helburua haurrei zuzendutako album ilustratuak sortzen da. Album ilustratua izateko testua eta irudia elkarren osagarri izan behar dira.

Lanak euskaraz idatziak izan behar dira, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Formatu librea da, baina ezin dira 20 cm x 21 cm baino txikiagoak izan eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Egileek labumaren maketa aurkeztu beharko dute, pdf formatuan, eta la osoa fitxategi bakarrean info@etxeparesaria.eus helbidera. Gainera, lanaren azken bertsio inprimiatua bidali ahal izanen dute ere. Etxepare Sarietan lanak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 7an, ostiralean, itxiko da.