Presoen etxeratzearen aldeko 4000 km baino gehiago egin dira asteburuan

Guaixe 2020ko aza. 24a, 11:14

Sareren Izan Bidea dinamikaren barruan Sakanako sei herrietan “egungo espetxe politikarekin bukatu eta presoak Euskal Herriratzearen aldeko” kilometroak ibili zituzten.

Latasan elkartu ziren batetik basaburuarrak eta imoztarrak, larraundarrak eta irurtzundarrak eta arakildarrak. Hiru zutabetan joan ziren 125 pertsona eta guztien artean 1.120 km egin zituzten.  Lakuntzan, oinez eta lasterka, 280 km egin zituzten. Arbizun bi kilometroko ibilbidea prestatu zuten eta 40 herritar ibili ziren hartan. Gainera, plazan mosaikoa osatu zuten. 

Etxarri Aranatzen kioskoaren inguruan kartzela bateko patioa irudikatu zuten eta egun erdiz jendea “patioan bueltaka” aritu zen. Ordu erdiro txandakatu ziren eta guztira 52 pertsona pasa ziren, horrela, 150 km eginez. Beste 22 etxarriar Hartzabalera joan etorria egin zuten 220 km eginez. Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa eta Arbizuko buelta zazpitan egin zuen tropel batek 965,9 km osatuz. Historia ibilbidea ere egin zen, herriaren XII. mendetik XIX. mendera arteko Etxarriko historia aztarnak ezagutzeko. Arkaitz Razkinek gidatutako ibilbidean 45 pertsona elkartu ziren eta  68,85 km egin zituzten. Azkenik,eskualdeko manifestazioan elkartutako 300 pertsonek 810 km osatu zituzten, guztira 2.214,75 km eginez larunbatean Etxarri Aranatzen. 

Dozena bat bakaikuarren artean 136 km egin zituzten herritik Irumugetarainoko bidea eginez. Eta, bukatzeko, Altsasu, Urrizti, basoan barnako ibilbidea eta herrira buelta egin zuten 45 altsasuarrek, 450 km osatuz. Sakanan, guztira, 4.200,75 km baino gehiago egin dituzte asteburuan.