Aurtengoa COVID-19n gaitzak markatutako urtea da. Eta testuinguru horrek markatu ditu aurten sortu diren Sakana Sariak ere. Dozena bat proposamen jaso ziren sarituak izateko. Baina pandemiaren lehen olatuan egindako lana kontuan izan zuen epaimahaiak saria banatzerakoan. Alde batetik, Sakana Maker ekimena, auzolanean COVID-19aren kontrako babes ekipamenduak egin zituzten eta haiek osasungintzan eta merkataritzan oinarrizko zerbitzuetan aritu zirenei eskaini zizkieten. Bestetik, Sakanako Jostunak, 59 boluntarioz osatutako sarea da eta Nafarroako Osasun Zerbitzuarendako arropak eta beharrezko elementuak josi zituzten.
EUS | #SakanaSariak sari partekatua izan da Sakana Makerrek eta Sakanako jostunek #COVID19.ak sortutako beharren aurrean egindako auzolana saritu da. pic.twitter.com/K2Xe2h0bmF
— Sakana Mank. (@SakanaMank) November 26, 2020
Sari banaketa Altsasuko Iortia kultur gunean egin zen atzo arratsaldean. Sarituek ibarreko ospakizunetan ardoa banatzeko erabiltzen diren taza edo katilu horien errepikak jaso zituzten oroigarri gisa. Antolatzaileen iritziz, “festa giroko elementu tradizional horrek balio sinboliko handia du, batzen gaituena ospatzeko erabiltzen da katilua. Elkartzeko aitzakia da, eta aldi berean, elkarrekin egotea ospatzeko balio du katiluak”.
Hainbat herritarrek eta eragilek Sakana Sarietarako 12 hautagai proposatu zituzten. Epaimahaiko kideek “guztien ekarpena gogo biziz” eskertu zuten. Sariketako epaileek jakinarazi zutenez, “ez da batere erraza izan irabazleak aukeratzea, hautagai oso sendoak zeudelako”. Esan bezala, sarituak aukeratzeko garaian pandemian egindako lanari “arreta berezia eskaini” zioten epaileek.
Segida
Sakanako Sozioekonomia Behatokiak ekimena sariketa, eta bere helburua da “ibarrean gizarte, ingurumen edo ekonomia eragin positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektibo
aitortza egitea, irabazi asmoa izan edo ez kontuan hartu gabe”. Horretarako hiru balio izan dira kontuan saria banatzerakoan: dinamismoa eta erresilientzia-gaitasuna oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko; aniztasuna, aberastasun kolektibo gisa ikustea, eta, azkenik, elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz.
Behatokiko kideek “aurtengo harrera ona ikusita”, aurreratu dute Sakana Sariak urtero banatzea dela haien nahia: “sakandarrek duten ekimena aitortzea garrantzitsua baita. Filosofia parte-hartzaile eta zabal batekin, babestu nahi ditugu komunalaren eta bizitza kolektiboaren alde lan egiten duten proiektuak eta pertsonak”. Heldu den urtean baldintzak beste batzuk badira, sariketa “ospakizun modura eta sakandarren parte hartzearekin” izatea nahiko lukete.
Proposatutako beste hautagaiak
- Aitziber Elkartea.
- Amarauna.
- Sakana Harrera Harana.
- Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako etxez-etxeko zerbitzua.
- KudeaGO.
- Arkatz liburu-denda.
- Gogor.
- Txingurriye elkartea
- Oinarrizko komertzioa.
- Mankomunitateko oinarrizko zerbitzuak.
Epaimahaiko kideak
David Oroz (Sakanako Mankomunitateko lehendakaria), Javier Ollo (Altsasuko alkatea eta Burundako ordezkaria), Patxi Xabier Razkin (Lakuntzako alkatea eta Aranazko ordezkaria), Ainhoa Beraza (Irañetako alkatea eta Arakilgo ordezkaria), Javier Artetxe (Sakanako Enpresarien Elkartea), Ainhoa Alvarez (Sakanako dendari eta ostalarien elkartea), Aritz Ganboa (Belardi ekoizleen elkartea), Alfonso Nuin (Bidelagun turismo elkarteko ordezkaria) eta Iñaki Mundiñano (Guaixe fundazioa), Iker Manterola (Sakanako Garapen Agentzia) idazkaria izan zen.